Urdaibai seigarrena izan da Kontxako lehenengo jardunaldian
Kontxako banderaren 1. jardunaldian, emakumezkoetan Donostia Arraun Lagunak eta gizonezkoetan Hondarribia izan dira azkarrenak. Bi banderetan, bi segundo baino gutxiago daude lehenengo bi sailkatuen artean.
Kontxako aurtengo bi banderak airean daude, eta biak oso tarte txikiagatik: 1,64 eta 1,74. Bi segundo baino gutxiago daude lehen jardunaldiko gizonezkoen zein emakumezkoen lehenengo bi sailkatuen artean. Gizonezkoetan Hondarribia izan zen azkarrena, eta emakumezkoetan liga irabazi zuen Donostia Arraun Lagunak.
Lehen txandan atera zen atzo Urdaibai, eta txandako denborarik txarrena egin zuen. Hondarribia txandako irabazlearengandik hemeretzi segundo pasatxora geratu zen. Hain zuzen, Hondarribiak jasotako zigorragaz hasi zuten gizonezkoen estropada. Epaileak irteera hasi baino arinago hasteagatik, hiru segundoko zigorra jaso zuen.
Lau traineruak parean, eta bizi-bizi hasi ziren, eta lehen paladetan Donostiarrak apur bat aurrea hartzea lortu zuen. Baina, ez zuen asko iraun. Hondarribiakoek estropada-buru jarri eta ondo eutsi zioten.
Ama Guadalupekoaren erreferentziekin hasi ziren lanean bigarren txandakoak. Eusko Label Ligaren liderra den Santurtzi hasieratik amaierara mantendu zen aurretik. Une batzuetan Hondarribiaren denborak gainditzeko gai izan zen, baina, tarteka errenta ezin gaindituta. Esaterako, ziabogan 9:30 markatu zuen, eta 9:24koa zen Hondarribiarena. Amaieran, segundo bat eta 74 ehunenera amaitu zuen. Zierbena Hondarribiarengandik hiru segundo eta 96 ehunenera dago, eta Orio zortzi segundo eta 50 ehunenera. Lau horiek osatuko dute ohorezko txanda 2. jardunaldian.
Errekorra. Emakumezkoen estropadan, denboraldian zehar ligan ikusi dena islatu zen atzo goizean. Donostia Arraun Lagunak eta Orio, zein bere txandan jaun eta jabe izan ziren, eta 1. jardunaldiko sailkapenean segundo bat eta 64 ehuneneko aldeagaz daude. Gainera, markak hausteko eguna izan zuten atzokoa.
Oriok, Donostiarrak, Tolosaldeak eta Deustok osatu zuten lehenengo txanda, eta hamar minutu, 33 segundo eta 26 ehunenetan amaituta, Zumaiak aurretik ezarrita zeukan marka hobetu zuen Oriok. Bigarren txandan etxeko taldeak hobetu zuen marka.
Itsasoko irudi ikusgarririk barik lehiatutako jardunaldia izan zen atzokoa, baina Kontxan falta ezin den emozioak ez zuen hutsik egin. Lehenengo jardunaldian estropada ederrez gozatzeko aukera eskaini zuten, eta iaz ez bezala, aurten zale batzuek bertatik bertara jarraitzeko ohorea eduki zuten. 2.760 sarrera saldu zituzten.
Presioa, urduritasuna, ilusioa… askotariko emozioen topagune izango da Donostia datorren domekan. Orduan argituko da zeintzuk diren gizonezkoen 126. Kontxako Banderaren eta emakumezkoen XIV. Banderaren irabazleak.
GIZONEZKOEN SAILKAPENA (1.JARDUNALDIA)
- 1.- Hondarribia 19.06,32
- 2.- Santurtzi 19.08,06 (+1,74)
- 3.- Zierbena 19.10,28 (+3,96)
- 4.- Orio 19.14,82 (+8,50)
- 5.- Donostiarra 19.15,42 (+9,10)
- 6.- Bermeo Urdaibai 19.23,40 (+17,08)
- 7.- Cabo 19.32,12 (+25,80)
- 8.- Ares 19.42,98 (+36,66)
EMAKUMEZKOEN SAILKAPENA (1.JARDUNALDIA)
- 1.- Donostia Arraun Lagunak 10.31,62
- 2.- Orio 10.33,26 (+1,64)
- 3.- Donostiarra 10.40,24 (+8,62)
- 4.- Hondarribia 10.44,82 (+13,20)
- 5.- Tolosaldea 10.46,68 (+15,06)
- 6.- Hibaika 10.49,16 (+17,54)
- 7.- Deusto 10.55,26 (+23,64)
- 8.- Chapela 10.58,74 (+27,12)