Lehen proba gaindituta, Euskal Kopagaz etxera
Bigarren urtez jarraian, Lointek Gernika Bizkaiak Euskal Kopa bereganatu du. 60-52 irabazi dio IDKri, eta 72-62 Araskiri. Irune Orio harrobiko jokalariak lehen taldean debutatzeko aukera eduki du.
Bitik bi. Hiruko Euskal Kopa izan da aurtengoa, eta Lointek Gernika Bizkaiak bi partiduak irabazita lortu du kopa bigarren urtez jarraian Gernika-Lumora ekartzea. Klubarentzat bosgarren kopa da aurtengoa.
Bariku arratsaldean [irailak 3] 72-62 irabazi zion Araskiri, eta atzo [irailak 5], berriz, 60-52 mendean hartu zuen IDK, Durangoko Landakon. Bi partiduak gogorrak eta lehiatuak izan ziren, zaleen gozamenerako. Bietan, gainera, hasieratik markailuan aurretik mantendu zen talde gernikarra.
Irailaren 25ean hasiko dute liga, eta aurretik, pare bat lagunarteko lehiatuko dituzte. Denboraldi-aurreko entrenamenduekin pare bat aste daramatzate, eta halako garaipen batek lanean segitzeko laguntzen diela adierazi zuen Mario Lopez entrenatzaileak atzo. “Bide onean” doazela zehaztu zuen. Lan asko dute egiteko. Aurreko denboraldiko zazpi jokalari daude, eta horiek eta etorri berriak bat egiteko, taldea osatzeko lanean ari dira. Euskal Kopak fitxaketen jokoa ikusteko balio izan du, eta baita landu eta hobetu beharrekoak aztertzeko ere.
Entrenatzaile gernikarrak adierazi zuen atzo arratsaldekoa Araskiren kontrako partidua baino “trabatuagoa” izan zela, batik bat erasoari dagokionez. “Lehen bi laurdenetan baloia ez dugu mugitu denboraldi honetan jokatu gura dugun modura, aukeretan ez dugu asmatu, jaurtiketa libreetan portzentai txarrak egin ditugu… Hirugarren eta laugarren laurdenetan hobetzen ahalegindu gara, erasoan baloia banatuz, desplazamendu luzeagoak egiten, erasoa gehiago lantzen… Ez dugu erasoko jokoa guztiz hobetzea lortu, baina aput bat hobetu dugu”. Partidu osoan zehar defentsan “nahikoa sendo” aritu ziren Lointekekoak: “Defentsak aurretik mantendu gaitu, bospasei puntuko abantaila horri eustea ahalbidetu digu. Baina egia da zazpi-zortzi puntura egon garenean, ez dugu jakin partidua apurtzen”.
Marta Alberdi jokalari gernikarrak denboraldia titulu bat irabaziz hastea ederra dela zehaztu zuen, iazkoa errepikatu gura baitzuten: “Pozik eta hurrengo lagunartekoa jokatzeko gogoz gaude, eta ligako lehenengo partidura begira. Derbiak beti dira intentsitate handikoak, eta gure erritmoa hartu nahi izan dugu eta horrela izan da. Momentu gehienetan partiduaren erritmoa guk eroan dugu, beraz, ondo irten zaigu”. Alberdi ez zen izan kantxako harrobiko jokalari bakarra, izan ere, Irune Oriok lehen taldean debutatu du Euskal Kopa honetan.
Roselis Silva venezuelarra da aurtengo fitxaketetako bat eta hark esan moduan, atzoko finala “lehiatua” izan zen: “IDKri meritua aitortu behar zaio; ez du amore eman, eta lehian aritu da azken momentura arte. Hori ona da guretzat, talde moduan hazten laguntzen baitigu. Errenta mantentzeko eta batik bat une kritikoetan kontzentratuta egoteko gaitasuna eduki dugu, eta huts egitean ez gara behera etorri”.