Gernikak etxean bana berdinduta hasi du liga
Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak esan du "partidu ia perfektua" jokatu dutela.
2021-2022 denboraldiaren, 2. RFEF mailaren 1. jardunaldian, Gernika Clubak bana berdindu zuen CD Izarraren kontra, atzo arratsaldean [irailak 5], Urbietan.
Partidua hasi eta berehala egin zuen 0-1ekoa Gorka Laborda aurrelari nafarrak. Etxeko taldeak hainbat gol aukera eduki zituen, baina partidua amaitzear zela heldu zen Gernikaren gola. Ale Hernandez jokalari kanariarrak azken minutuan berdindu zuen neurketa.
Kategoriaren estreinaldian erakutsitakoaren bidetik segitu behar dutela azpimarratu du Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak: “Horrela jokatzen jarraitu behar dugula adierazten digu atzoko partiduak, eredu argia da. Gauzak horrela egiten jarraituz gero, galtzeko baino irabazteko gehiago izango dugu”.
Ligako lehen partiduan jokalariek egindakoagaz “oso pozik” dago, “alderdi guztietan partidu ia perfektua” izan baitzen: “Askotan heldu ginen Izarraren atera. Bere zelaian asko batzen den taldea da, oso zaila da bere zelaian sartzea, eta hala ere, aukera argi asko sortu genituen; golaz gain, laupabost aukera oso argiak izan ziren”. Izarrak, ostera, ia 90 minutuetan ez zuen jaurtiketarik egin Gernikaren atera.
Aurreko astean entrenamenduetan landutakoa egiten asmatu zuten Gernikakoek. “Sentsazioak oso onak dira. Prestatutako partidua egin genuen”. Valesen berbetan, bi taldeek euren eginkizuna bete zuten. Izarraren jokoak ez zituen ezustean harrapatu; espero zutena egin zuen Lizarrako taldeak: “Euren jokoari dagokionez, astean zehar prestatu genuena aurkitu genuen, bagenekin zelan jokatuko zuten. Izarrak zelaian ondo antolatuta jokatzen du, eta joko-zuzenagaz. Joko zuzen horri etekin asko ateratzen dioten jokalariak ditu goian. Aste osoan prestatutakoa egin genuen. Gure estiloari fidelak izan ginen. Baloiagaz ausart jokatu genuen eta euren jokoa zailtzeko, oztopatzeko, gure atetik aldenduta jokatu genuen”.
Etxetik kanpo. 2. jardunaldian Kantabrian ariko dira. Etxetik kanpoko lehenengo partiduan, Gernikak CD Tropezonen kontra jokatuko du domekan [irailak 12], 17:00etan hasita, Santa Anan.
Talde kantabriarrarentzat ligako etxeko lehenengo partidua izango da. Lehen jardunaldian 2-0 galdu zuen Osasuna Bren kontra Taxoaren. Partidu zaila izatea aurreikusten du Gernikaren entrenatzaileak: “Aste honetan aztertuko dugu, baina partidu konplikatua espero dugu. Entrenatzen eta jokatzen dugunarekiko fidelak izan behar dugu etxean zein kanpoan. Jokalariek egiten duten horretan sinisten dute, eta niretzat hori funtsezkoa da, emaitzak emaitza horretan sinistea. Taldeko jokalari guztiak norabide horretan ikusten ditut”.
Denboraldi-aurre “ona” egin dutela uste du, eta orain arte bezala lan egin eta lehiatzen segitzearen garrantzia azpimarratu du: “Berdin lehiatzen eta gozatzen jarraitu behar dugu. Oso ondo lehiatzen den eta futbolean oso ondo jokatzen duen taldea izan nahi dugu. Aurkariak hor daude, eta batzuetan ez digute utziko hori lortzen. Baina garrantzitsuena gure jokoa, jokatu nahi duguna argi edukitzea da. Jokalariek egunez egun entrenamenduetan berdin lan eginda eta berdin lehiatuta segitzen badute, Gernikak partidu asko irabaziko ditu, eta denboraldi ona egiteko hurbil egongo da”.