Abelburuen jabeak burujabe izatearen garrantzia
Esne litroa merke, eta gastuak gero eta garestiago. Abeltzainen lan baldintza txarrak etorkizunera begirako estrategiekin hobetu daitezkeela diote Bizkaigane eta Santanako langileek.
Pentsua, argindarra, gasolioa… Kostuak gora doaz, eta esne-ekoizleengan eragin zuzena dauka horrek. Esnearen martxan egitasmoa bultzatu dute EHNE eta ENBA sindikatuek, hain zuzen esne litroaren prezioak esnearen martxa bera ez daramalako. Litroa gutxienez 0,70 eurora saltzeko eskatu dute, negozioari eusteko. EHNEko kide Garikoitz Nazabalek esan bezala, «kostuak gora eta gora» doaz, eta zenbait banaketa enpresen aurrean protesta egin zuten. Salatu zuten kate horiek salmenta bolumen handia pilatu dutela eta zuzeneko erantzukizuna daukatela beraien salneurriekin gertatzen ari denagaz.
Izan ere, banaketa talde handiek «irabazi handiak» dauzkatela esan zuen, baserritarraren ahulezia azpimarratuz. Espainiako Ministerioak egindako azterketa baten arabera, esne ekoizleek hamar zentimoko igoera lortu behar dute beren negozioak bideragarri izan daitezen. Hori da EHNE eta ENBAk exijitu dutena.
Euren lanbidearen bideragarritasuna eta, ondorioz, etorkizuna bermatu gura dute. Hala ere, etorkizuna bermatzeko «norberak ere aldatzeko prest» egon behar duela esan du Etxalde Nekazaritza Elkarteko kide Amets Ladislaok. Errigoitiko Bizkaigane elkartean lan egiten du. «Etorkizunerako estrategiak diseinatu behar dira, eta horiek diseinatzeko barrura begirako aldaketak egin behar dira».
Aldaketetarako borondatea. Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egin zuen Bizkaiganek 2003. urtean, «baina pentsamendua da aldatu behar den lehenengo gauza. Lehenengo eta behin, lauzpabost kontzeptu argi izan behar dira, eta astiro-astiro ekologikorako bidea egin. Hori bai, abeltzaintza lurrari lotutakoa izan behar da, eta Euskal Herriak aukera hori ematen du».
Pentsua behien elikaduran gehigarri bat izan behar dela uste dute Etxaldekoek, eta belardietan elikatu esne behiak. Ados daude esne ekoizleen egoera txarra dela, eta pentsuaren prezioaren gorakadari argindarrarena edota gasolioarena gehitu behar zaizkie. «Baina guk ere zerbait aldatu beharra daukagu horren menpekoak ez izateko», diote.
Abeltzaintzak etorkizunera begirako estrategiak diseinatu behar ditu”
Etxaldeko kideek eta Bizkaiganekoek epe luzerako estrategiak diseinatzen dituzte: «Gure animalien elikaduraren oinarria gure belarra da, eta zereala erosten diogu zuzenean Arabako zitugile bati. Bien artean adosten dugu prezioa urte guztirako, bitartekaririk gabe». Eredu horrek etorkizuna baduela uste du Ladislaok, eta merkatua badagoela. Dena den, prozesua luzea izan daiteke eta sektorea laguntzeko politika publikoak behar dira, gaur egun ez daudenak.
Europak De la granja a la mesa estrategia aurkeztu du, elikadura eredu iraunkorrago baten alde. «Teorian, estrategia horren oinarria da guk geuk darabilgun eredua», dio Ladislaok eta, beraz, beraielako negozioak diruz lagundu beharko lituzketela esan du.
«Lana baloratu behar da». Gaur egun Euskal Herriko esne ekoizleek dituzten laguntzak urriak dira. «Gero eta urriagoak», dio Kortezubiko Santana baserriko ekoizle Maider Uriartek. Era berean, gero eta exijentzia gehiago dituzte laguntzak hartzeko. «Puntuazioaren araberakoak dira, eta beti zerbait berria eskatzen duten arren, laguntzak ez dira gehiago».
Bi bazkide dira: Uriarte bera eta senarra; eta langile bat dute gaur egun. Esnearen salmenta zuzena egiten dute beraiek ere, eta jogurta saltzen hasi dira. «Esnearen prezioak berdin jarraitzen du, eta kostuak gora doaz. Horregatik hasi gara gure kontura ekoizten, irabazi-tarte handiagoa edukitzeko».
Gure kontura ekoizten hasi gara, irabazi-tarte handiagoa izateko”
Irtenbideak bilatu behar direla uste du, eta nekazaritza ekologikoak horretarako tartea ematen duela. «Guk egin, guk saldu eta guk jartzen dugu prezioa salmenta zuzena egitean». Dena den, atzean dagoen lana baloratu behar dela uste du. «Gure bezeroek badakite zelako lana egiten dugun, eta erosten dute». Esne litro gordina 0,80 euroan saltzen dute, eta pasteurizatua 0,85ean. «Oso merkea da, eta kalitatekoa eta bertokoa da, gainera. Baina errentagarria izateko litro asko saldu behar dira».
Esnea kooperatibari saltzen diotenen egoera okerragoa dela dio Uriartek. «Horiek lotuta daude, ordaintzen dizkieten prezioak ez dutelako beraiek erabakitzen, eta heltzen dira heltzen direnera arte. Gure kasuan, gure produktua garestitu dezakegu».