Urdaibai Kontxako Banderaren lehian egongo da aurten ere
Kontxako banderaren sailkatze estropadan talde bermeotarra seigarren sailkatu da gaur arratsaldean.
Donostiarragaz batera, Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai eta Ares ariko dira 2021eko Kontxako Bandera lortzeko borrokan datozen bi domeketan. Talde bermeotarra seigarren sailkatu da gaur arratsaldeko sailkatze estropadan.
Txanponaren beste aldean egon da Ondarroa. Iaz modura gaur ere ondarrutarrak inork nahi ez duen zortzigarren postuan sailkatu dira, Ares zazpigarrenarengandik ia zortzi segundora. Hain zuzen, azken lau urteotan hirutan gertatu zaie hori; 2019an bera izan zen sailkatze estropadako azkarrena.
Itsasoan dantzan. Ipar ekialdeko haizeak eragindako baldintzekin aritu dira arraunlariak. Sufritzen. Teknikoki estropada zaila izan da, zailtasun handiei aurre egin behar izan diete, baina, faboritoek ez dute hutsik egin. Kontxak askotan erakusten duen irudia ikusi da arratsaldean ere; bi estropada eremu zeharo desberdin, badian eta kanpoan. Ziabogan sartu ezinik ibili dira asko eta asko.
Jon Unanue Urdaibairen arraunlari azpeitiarrak esan modura, gaurko egunean “irabazteko gutxi eta galtzeko asko” egoten da, eta helburua bete dutelako “gustura” daude. Haizearen ondorioz, kanpoaldean “deseroso” zegoelako, sentsazioak onak ez zirela azpimarratu du: “Baina gaurko lanak bete ditugu, eta domekarako prest gaude”.
Ligan nahikoa irregular ari da talde bermeotarra, baina, Kontxan emaitza hobeak lortu eta bestelako itxura emateko gogoz daude: “Uda aurrera joan den bezala, ikusi da aurrekoei jarraitzeko gai ez garela izan. Baina, ez gara burumakur etorriko, hozka egiteko eta borrokarako prest etorriko gara”.
Urte guztian gogor lan egin ondoren, penaz daudela esan du Iñaki Errasti Ondarroaren entrenatzaileak. Unanuek modura sentsazio “deserosoak” aipatu ditu berak ere. Errastik zein Iñigo Larrinaga Ondarroako patroiak esan dute ez dutela uste estropada txarra egin dutenik. “Frantziatik haize gogorra zetorren, eta estriborrak lan asko egin behar izan du, eta barrurakoan baborrak. Lan asko egin behar zen. Baina denoi tokatu zaigu itsaso berdina, eta alde horretatik ez dago aitzakirik. Agian guk ez dugu igarri normalean igartzen duguna edo egiten duguna”, azaldu du Larrinagak.
Lekittarrakoek gaurko estropadagaz amaitu dute denboraldia. Iñaki Goikoetxea patroi lekeitiarrak esan du ligan aritu diren antzera sailkatu direla: “Ez dugu estropada txarra egin. Gutxi gorabehera udan ibili garen postu horretan egin dugu. Arraun egiteko gaitza egon da, baina estropada nahikoa dezentea egin dugula iruditu zaigu. Baina ez da izan nahikoa. Denontzat egon da berdina, eta ahal izan dena egin da”.
Bestalde, play off-etara begira testa egiteko baliagarria izan zaiela zehaztu du Lur Uribarren Kaikuren patroiak. Izan ere, irailaren hirugarren asteburuan lehiatuko dituzte Eusko Label Ligara igotzeko kanporaketak, Bermeon eta Portugaleten. KAE 1 Liga bigarren amaitu du Kaikuk (Getaria geratu da txapeldun). Batik bat Bermeokoa itsasoko estropada denez, gaurko baldintzekin aritzea “ondo” etorri zaiela azaldu du elantxobetarrak: “Ahal dugun moduan egin dugu. Arraun egiteko nahikoa deseroso egon da, baina egia esan, Bermeo antzekoa da, eta txarragoa ere izan liteke. Lehenengo luze on bat egin dugu, eta bueltan ez gara oso eroso ibili. Test bat egiten etorri gara, Bermeora begira gehienbat. Gure ondorioak atera ditugu. Hobetzeko gauzak baditugu, eta ea hobetzen ditugun”.
24 traineruren artean erabaki behar zen gaurko estropada, baina Castron arraunlari batek COVID-19an positibo eman duenez, klub kantabriarrak ezin izan du Donostian egon.
SAILKAPENA:
- 1.- Santurtzi: 20.23,68
- 2.- Hondarribia: 20.29,54 (+5,86)
- 3.- Zierbena: 20.31,98 (+8,30)
- 4.- Cabo: 20.43,22 (+19,54)
- 5.- Orio: 20.44,38 (+20,70)
- 6.- Bermeo Urdaibai: 20.45,20 (+21,52)
- 7.- Ares: 20.47,34 (+23,66)
- 8.- Ondarroa: 20:54,74 (31,06)
- 9.- Lekittarra: 20.56,88 (+33,20)
- 10.- Getaria: 21.01,08 (+37,40)
- 11.- San Juan: 21.06,02 (+42,34)
- 12.- Kaiku: 21.14,14 (+50,46)
- 13.- Zarautz: 21.16,30 (+52,62)
- 14.- Tiran: 21.22,00 (+58,32)
- 15.- Pedreña: 21.26,40 (+1.02,72)
- 16.- San Pedro: 21,26,66 (+1.02,98)
- 17.- Arkote: 21.31,08 (+1.07,40)
- 18.- Zumaia: 21.50,44 (+1.26,76)
- 19.- Deustu-Bilbao: 21.54,02 (+1.30,34)
- 20.- Lapurdi: 22.17,06 (+1.53,38)
- 21.- Camargo: 22.29,04 (+2.05,36)
- 22.- Mutriku: 22.41,16 (+2.17,48)
- 23.- Hibaika: 23.21,06 (+2.57,38)