Uda Txosneroaren balorazio "oso positiboa" egin du Txosna Batzordeak
Antolatutako lau kontzertuetatik hiru egin dituzte, bi Lameran eta bestea Artza frontoian. Andramari jaietan zazpi ekitaldi "lasai eta seguru" egiteko baimena eskatu diote Bermeoko Udalari.
Bermeoko Txosna Batzordeak Uda Txosneroaren balorazio “oso positiboa” egin du; hala ere, oraindik balorazio zehatzago baten zain daudela zehaztu dute.
Azaldu dutenez, zailtasun handiak eduki dituzte kontzertuak aurrera ateratzeko. Antolatuta zeuden lau kontzertuetatik hiru egin dituzte: “Herriko egoera epidemiologikoa txarra zela eta, Gari eta Maldanbera taldeen kontzertuak bertan behera utzi zituen udalak”.
Antolatutako kontzertuetara jende asko joan dela diote; horietatik bi Lameran egin zituzten, eta azkena, joan den barikukoa, Artza frontoian izan zen. “Lameran zein frontoian jendea formal eta lasai ibili da. Jendearen jarrera zoriontzeko modukoa da. Ia momentu oro eta ia ia jende guztia distantziak mantentzen egon da eta bete beharreko neurriak betetzen”.
Bermeoko Txosna Batzordeko kideek uste dute jendeak eskertu egiten duela horrelakoak antolatzea: “Pandemia izan arren, beharrezkoak ditugu momentu seguruak eta lasaiak herritarrak elkartzeko, harremanak sortzeko, lagun eta familiakoekin kalera joateko…”.
Lameran “errazago”. Antolaketa lanak Lameran “errazagoak” izan direla azaldu dute, “kalea leku aproposagoa delako eta protokoloak kalean aretoetan baino arinagoak direlako”. Kontzertu guztiak Lameran egin behar baziren ere, udalagaz adostuta, azkena Artza frontoira lekualdatu zuten, “neurriak zorrotzagoak direlako areto baten barruan”. Bermeok zuen egoera epidemiologikoa zein zen ikusita hartu zuten erabaki hori, “maskararen erabilera eta distantziak behar bezala bermatzeko”. Lan hori guztia Herri Babesa eta Gurutze Gorriagaz koordinatuta egin zuten; “uste genuen seguruagoa izango zela frontoian egitea kalean baino”.
Bermeoko Udalaren Zerbitzu eta Kultura sailek egindako lana eskertu gura dute, “Uda Txosneroa aurrera ateratzeko egindako lan guztiagatik”.
Baimenak eskatuta. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei begira daude orain. Izan ere, Uda Txosneroan egindako ekarpena luzatzeko asmoa daukate. Horretarako, kalean egiteko zazpi ekitaldi “lasai eta seguru” antolatzeko baimena eskatu dute Bermeoko Udalean: “Ez dira jai giroko ekitaldiak, herriko talde desberdinen erakustaldiak dira horietako batzuk (Alkartasuna dantza Taldea, Xixili Gimnastika Taldea, Kubatar Salsa); eta kaleko ekintzak beste batzuk, hala nola, presoen aldeko batel estropadak, umeentzako saioak, kontzertu lasai bat eta Txosna Batzordearen ekitaldia”.
Aipatu dutenez, badakite udalak ez duela jai egun horietarako ekimenik aurreikusten. Hala eta guztiz ere, herriari “oxigeno apur bat” eman asmoz, ekitaldi “lasai eta seguru” horiek antolatzeko aukera ematea eskatu dute. Udalaren debekua jasotzen baldin badute, alternatiba bat bilatuko dutela jakitera eman dute.
Kultura segurua dela aldarrikatzen dute, protokolo eta neurri guztiak betetzen direla eta jendearen jarrera oso positiboa izaten dela nabarmenduta: “Uste dugu birusaren agerraldiak helduen zein gazteen jarduera pribatuetan ematen direla, eta ez kultura publiko eta ekintza lasai eta ikusgarrietan egindako proposamenetan”.