Liga garaipena eta igoera
Busturialdea AT da KAE 2 Ligako aurtengo txapelduna, eta KAE 1 Liga lehiatuko du datorren urtean. Sei bandera irabazi ditu, horien artean, «bereziena» izan den etxekoa, Elantxobekoa.
Handia. Handia egin dute Busturialdea Arraun Taldeko arraunlariek aurten. KAE 2 Ligako txapeldunak dira, eta ondorioz, KAE 1ean ariko dira hurrengo denboraldian.
Aparretan daude oraindik, eta ez da gutxiagorako. Sei bandera lortu dituzte, eta erregulartasunez lehiatuta poltsikoratu dute liga. Atseden hartzeko unea dute orain, ondo merezitako atsedena. Indarrak hartu, eta neguan indarberrituta entrenatzen hastea tokatuko zaie.
Elantxobeko eta Mundakako klubek sortutako proiektua da Busturialdea Arraun Elkartea, eta batu zirenetik denboraldirik bikainena egin dute. “Balorazioa guztiz positiboa da”, dio Iker Goikoetxea mundakarrak. Txanda nagusian egonda, estropadaren bat irabazteko helburuagaz hasi zuten liga. Lehen estropadan bosgarren geratu ziren: “Pasaian ez genuen estropada ona egin, baina konturatu ginen oraindino tarte handia zegoela”.
Hurrengo jardunaldian heldu zitzaien saria, etxean. Elantxobeko bandera izan zen aurtengo ligan irabazitako lehenengoa: “Bigarren txandan arituta irabazi genuen. Batzuek esan zuten lehenengo txandan haizea altxatu zelako irabazi genuela, baina, gero, Donostiara joan eta han ere irabazi egin genuen. Berresteko izan zen, erakusteko Elantxobekoa irabaztea ez zela zorte kontua izan, banderak borrokatzeko geundela erakusteko izan zen”.
Azkenengo bandera ere bereganatu zuten; Hondarribiako jardunaldian nagusitu, eta liga garaipena ospatzeko une berezia ailegatu zitzaien: “Hondarribiako estropada irabazteko arantza geneukan, 2019an gutxigatik ezin izan genuelako”.
Traineru barruan sentsazio «oso positiboak» eduki dituzte ligan. “Gainera, hiru patroiek eta arraunlari denok parte hartu dugu irabazitako banderetan. Entrenatzaileak hori topatu du, eta meritu itzela eduki du. Denok traineru barruan arraunetan aritzeko esku ona eduki du. Oso pozik amaitu dugu guztiok”.
Bazekiten Portugalete indartsu egongo zela, eta “Hondarribia, Donostia eta Mutriku hor ibiliko” zirela: “Hasieratik gu gure lana egiten hasi ginen”. Eta liga erdian ikusi zuten liga irabazteko aukera argiak zituztela,«aurrean egonda, posible» zela: “Entrenatzaileak puntuekin jokatu zuen hor, arraunlariei aukerak noiz eman ondo aztertzen zuen. Denon parte hartzea bilatu du, eta puntuekin jokatuta, lehen postu horregaz liga ateratzea lortu dugu”.
“Konfiantza handiagaz ibili gara denboraldi osoan”
Portugalete indartsu hasi zen, liga irabazteko helburuagaz. “Beragaz lehia sanoa eduki dugu denboraldi osoan. Azkenengo estropadara lau puntuko abantailagaz joan ginen. Dena borobiltzeko Hondarribiako estropada bai ala bai irabazi nahi izan genuen”. 105 puntugaz amaitu dute, eta 96 puntugaz Portugalete bigarren sailkatuak.
“Liga erdian ikusi genuen posible zela liga irabaztea”
Atzera begiratu eta errepasoa egiten hasita, argi daukate irabazitako estropadarik bereziena Elantxobekoa izan zela, etxekoa: “Aurtengo lehenengoa izan zen, eta urte asko eta gero etorritako lehenengo bandera. Aurreko bietan ere irabazi nahi izan genuen, eta aurtengoa ikaragarria izan zen. Oso hunkigarria. Handia. Denboraldi oso konpletoa egin dugu. Hondarribiako estropada ere oso berezia izan zen, azkena zelako eta denboraldia borobiltzeko aukera zelako. Denboraldia perfektu irten zaigu”.
Zarauzkoa, azken-aurrekoa ere oso polita izan zela zehaztu du: “Aitor Gondra izan zen patroia, Bermeoko 17 urteko gaztea. Aurten entrenatzaileak jakin izan du aukerak ematen, bai arraunlariei eta baita patroiei ere, eta azkenean, hiru patroiek astindu dituzte banderak eta arraunlari denok egon gara. Alde horretatik ere oso pozik gaude”.
Banderak garesti egon ohi dira, eta gehienetan “asko borrokatu” behar izan dute. Emozioa amaieraraino egon da askotan: “Gu aurretik joan garenean besteak ez dira oso hurrun egon, eta gu atzetik egon garenean, gure konfiantzagaz atzetik aurrera egin dugu. Batzuetan aurretik jarri gara, baina beti akuluagaz, beti hurbil eduki ditugu. Eta beste estropada batzuetan atzetik hasi gara, baina gure arraunkadan, gure lanean konfiantza izan dugu, eta nahiz eta lehenengo ziabogan hiru segundo atzetik jarri, temati segitu dugu bigarren eta hirugarren luzeetan, eta gutxika-gutxika besteei segitu diegu. Konfiantza handiagaz ibili gara denboraldi osoan”.
Harrera beroa txapeldunei
Denboraldiko sei banderak astinduz, Elantxoben eta Mundakan ospakizun ederrak egin zituzten orain dela bi asteburu. Herritarrek beso zabalik hartu zituzten, ilusioz eta emozioz: “Ikaragarria, izugarria izan zen. Aspaldi bizitako sentsazioak errekuperatu genituen, eta hori gauza oso polita da. Herri txiki bi eta arraun talde txiki bi gara, uretan egotea asko kostatzen zaigu. Beti esaten den moduan, lehenengo bandera trainerua uretara doanean irabazten da. Sailkapenaren erdiko postuetan egotea badakigu zer den, eta beti besteen garaipenak inbidia sano bategaz ikustea zer den ere bai”.
Herri bientzako “balio handiko” garaipena dela azpimarratu du Goikoetxeak: “Umeak ere gehiago interesatzen dira halakoetan, eta guretzat gauza handia da aurrera begira ume horiek guregana ekartzeko». Klubentzat bultzada oso handia da: «Bermeon eta alboko talde handi batzuetan badituzte esfortsuak eta garaipenak zein dezepzioak. Guk beti ikusten genuen lan erdietan ibiltzen ginela, eta pentsatzen dugu balioan jarri dugula herritik lanean egotea. Herritik lan eginda ere gauza politak ailegatu daitezkeela eta gozatu daitekeela balioan jarri dugu”.
Halako lorpenek herriotan arraunarekiko “interes handia” sortzeko balio dutela uste du: “Honek denak herrian arraunaz gehiago hitz egitea dakar, eta jendea arraunean hastera animatzen da. Interes handia sortu, eta arrauna intentsitate handiagoagaz bizitzen da”. Momentuaz gozatzeko unea da orain: “Etorriko dira burua apurtzeko momentuak eta datorren urteari begirako taldea osatzeko lanak. Taldea indartu, TKE 1eko mailan sartu eta datorren urteko liga ondo prestatu beharko dugu”.