Danian jokatzeko prest dira Barandika eta Lekerika
Gaur [irailak 1] hasi da Daniako Jai Alai frontoiko denboraldia. Puntistek eguaztenetik domekara jokatuko dituzte partidak
Udako oporraldia amaituta, gaur hasi du Daniako (Florida, AEB) Jai Alai frontoiak bere jarduna. Bertara jokatzera joan diren puntisten artean daude Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernikarrak. Uda Euskal Herriko denboraldia jokatzen eman ostean, AEBetan bueltan dira dagoeneko.
Bi gernikarrekin batera, beste 26 pilotarik osatuko dute Daniako frontoian ikuskizuna eta jokoa bermatuko duten plantilla. Besteak beste, Erik Mendizabal mutrikuarra, Gorka Aldazabal Ubilla, Eñaut Salegi eta Iñaki Goitia markina-xemeindarrak, Ibon Aldazabal berriatuarra eta Endika Madarieta Elgezabal ispastertarra.
Astero, eguaztenetik domekara izango dira saioak Daniako frontoian.