LABIk zenbait neurri malgutu ditu
Gehienezko edukieraren neurriak malgutzeaz gain, mahaiaren bueltan bil daitekeen jende kopurua zortzi pertsonara igotzea erabaki du LABIk.
LABI aholku batzordeak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ezarritako zenbait neurri malgutzea erabaki du. Hala, irailaren 1etik aurrera, jarduera guztietan baimendutako gehienezko edukiera %60koa izango da, muga espezifiko bat aplikatzen den kasuetan izan ezik. Gizarte, kultura edo kirol ekitaldietan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barruan direnean, eta 800 pertsona kanpoan badira. 600 eta 5.000 pertsona sar daitezkeen lekuetan 800 pertsonako biltzeko aukera emango dute, eta 1.200 pertsona kanpoan; eta 5.000 lagun baino gehiago sar daitezkeen lekuek %30eko edukiera izango dute.
Ostalaritzan, hala ere, gehienezko edukiera % 50ekoa izatea adostu dute, eta mahaiaren bueltan bil daitekeen jende kopurua, berriz, zortzi pertsonara igo dute, sei ziren orain arte. Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio, barruan zein kanpoan. Merkataritza, gizarte eta kultura-jarduera guztiak 01:00etan ixteko muga-ordutegiak ere bere horretan jarraituko duela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Era berean, gazte lokalek eta gaueko aisialdikoek itxita jarraituko dute.
Bestalde, maskararen erabileraren inguruan zuzenketa bat iragarri dute; hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan “nahitaezkoa” izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxiengo distantzia mantentzea ezinezkoa denean.
Sagarduiren arabera, pandemiaren bilakaeraren ondorio dira erabaki berriak: “Joera aldaketa argia da”. Hala eta guztiz ere, joera aldaketa hori ez da hainbeste nabaritzen ari ospitaleetan. Horregatik, herritarrak txertatzera eta prebentzio neurriak mantentzera deitu ditu. Esan duenez, aste erabakigarriak dira, “bosgarren olatua menderatzeko eta seigarren olatu bat saihesteko”.
Azken egunetako datuak. Egoera epidemiologikoari dagokionez, azken hiru egunetan, COVID-19aren 55 kasu positibo erregistratu dituzte eskualdean: 26 kasu Bermeon, 13 Gernika-Lumon, 5 Mundakan, 4 Busturian, 3 Gautegiz Arteagan eta bana, Elantxoben, Ibarrangelun, Muruetan eta Sukarrietan.
Intzidentzia tasak ez dira onak, gune gorrian daude eskualdeko bi herri handienak: Bermeok 869,31ko intzidentzia tasa dauka eta Gernika-Lumok 606,85ekoa.
Protokolo berria. Gutxi falta da 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko, modu horretan, ikastetxeetako protokoloan egin dituzten aldaketen berri eman du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak goizeko prentsaurrekoan. Esan duenez, joan den ikasturtearen amaieran, ekainean, prest utzi zuten ikasturte berrirako protokoloa, ikastetxeetako zuzendaritzekin eta Osasun Sailarekin elkarlanean. Orain, baina, berrikusi egin dute egungo egoerara egokitzeko. Haren esanetan, eutsi egingo diete iazko ikasturteko neurri nagusiei: maskara erabiltzen jarraitu beharko dute, garbitasun eta higiene neurriei eutsiko diete eta metro eta erdiko segurtasun distantzia mantenduko dute. Oinarrizko neurri horiekin batera, berrikusitako dokumentu berriak 12 urtetik gorako ikasleen txertaketa-prozesua azpimarratzen duela adierazi du Hezkuntza sailburuak. Ildo horretan, txertaketa-prozesuak gazteen artean azken astean hartu duen “erritmo ona” nabarmendu du. Sagarduik jakinarazi du, gainera, txertatuta dauden ikasleek ez dutela berrogeialdirik egin beharko, positibo baten kontaktu zuzena izan arren.
Protokoloaren zenbait puntu nabarmendu ditu Bildarratzek. Esaterako, ikasleak gelan daudenean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan “burbuilak” osatzeko aukera izango dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, berriz, hiru edo lau ikasleko talde egonkorrak osatzeko aukera edukiko dute, elkarren artean 1,5 metroko distantzia mantenduz. Gainera, jakinarazi duenez, berriro ere ikasleek euskara lantzeko barnetegiak antolatzeko aukera edukiko dute, iaz pandemiagatik bertan behera geratu ostean. “Jarduera hau berriro abian jartzea lehentasuna izan da sailarentzat, euskara ikasteko prozesuari bultzada eraginkorra emateko gune garrantzitsuak baitira”, esan du Bildarratzek.
Eskolaz kanpoko jarduerak ere arautu ditu protokoloak. Ahal den neurrian, eskolako “bizikidetza talde iraunkorrak” mantendu beharko dituztela azaldu du Bildarratzek; metro eta erdiko distantziara egon beharko dute eta materiala partekatzeko aukera izango dute, baina talde batetik bestera materiala garbitu egin beharko da.
Ikastetxeek gune seguruak izaten jarrai dezaten, Bildarratzek gogorarazi du Hezkuntza Sailak beharrezko baliabide guztiak jarriko dituela berriro, “irakasle gehigarriak barne”. Esan duenez, Hezkuntza Sailak 160 milioi euro bideratuko ditu COVID baliabide gehigarrietarako. Era berean, adierazi du beste 37,5 milioi euro bideratuko dituela itunpeko ikastetxeetara, “COVID-19aren prebentzio-protokoloak aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarrietarako”.