Arratzuko ondarea mundura zabalik
Herriak eskaintzen dituen zerbitzu zein ondare eta natura baliabideak biltzen dituen webgune turistikoa du Arratzuk: 'www.turismoarratzu.eus'
Arratzuko ondarea mundura zabalik dago. Garapen turistiko iraunkorreko estrategiaren baitan, udalak webgunea sortu du: www.turismoarratzu.eus. Ardatz nagusia Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean landa-ondare naturala kontserbatzea da. Era berean, ondare arkeologikoa, historikoa eta kulturala berreskuratu eta balioestsi gura du udalak. “Arratzun asko baloratzen dogu gure ondarea, eta berreskuratzeko eta kontserbatzeko lan egiten dugu” –dio Arratzuko alkate Josu Sabin Olanok_. “Udalaren baliabideak bilatzen ditugu herriari bizia emateko, herriko ekonomia sortzeko, gure ondareari balioa emango dion turismoa lortzeko, gure garapen-estrategiaren indarguneetako bat bihurtuz. Arratzuren potentzialaz konbentzituta gaude, Urdaibaiko gune turistikoetako bat izateko baliabideak eta kokapen bikaina ditugu”.
www.turismoarratzu.eus webgunean herriak eskaintzen dituen zerbitzu eta ondare zein natura baliabide guztiak aurkitu daitezke. Web orrialde berriak Arratzu ezagutzeko aukera ematen du: Belendiz-Zabala, Arrolako oppiduma, Artzubiko zubi ederra eta hariztia, San Tomas eliza.. Eskaintza gastronomikoa edota herriak eskaintzen duen turismo aktiboa ere erakusten ditu orrialdeak, eta herriko seme izandako Manu Leginetxek ere leku berezia du webgunean. “Web turistikoan Manu Leginetxe nabarmendu dugu bereziki. Guretzat, herri baten ondarerik handiena bizilagunak dira, eta horregatik dugu seme kutuna kazetari, idazle eta pertsona handia izan zena, beti Arratzu gogoan izan zuena, mundu osoan zehar bidaiatzen zuenean ere”, aipatu du alkateak.