Antxoaren iraunkortasuna "bermatuta" dagoela dio AZTIk
2021eko azterlanean ondorioztatu dute antxoaren stocka 170.000 tona ingurukoa dela. Espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko balioa 21.000 tonakoa denez, iraunkortasuna "bermatuta" dagoela ondorioztatu dute.
Bizkaiko Golkoan kalkulatutako antxoaren behin-behineko biomasa 170.000 tona ingurukoa da aurten. Hala ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzak AZTI zentro teknologikoaren bidez bultzatutako Bioman kanpaina zientifikoan. Azpimarratu dutenez, espeziaren iraunkortasuna bermatzeko gutxieneko balioa 21.000 tonakoa da, eta kopuru hori nabarmen gainditzen denez, espeziearen iraunkortasuna “bermatua” dagoela ondorioztatu dute.
Biomasari buruzko datu positiboez gain, ikerketaren arabera aleen %70ak urtebete dutela ondorioztatu dute. “Horrek esan nahi du datorren urteko kosterak ere emaitza positiboak izango dituela”.
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuak kanpainaren emaitzei buruzko balorazio positiboa egin du. Azpimarratu duenez, datuek “argi eta garbi” erakusten dute antxoaren egoera “ona” dela. “Antxoa dugu arrantzarako funtsezko baliabidea Euskadin. Bioman kanpaina funtsezko tresna da gure itsasoen eta hauek ematen dizkiguten baliabideen egoera ezagutzeko, eta ingurumena zaintzeko, euskal arrantza-sektorearen iraunkortasunerako”.
Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiaren iritziz, gaur aurkeztuko emaitzek “azken urteetako joera positiboa” erakusten dute. Urtebeteko ale asko daudela ere nabarmendu du. “Honekin, datorren urterako kostera ona izango dela iragarri daiteke, baikortasunerako gonbitea egiten duen beste datu bat da. Gainera, Bioman kanpaina bezalako ikerketak oso tresna baliagarriak izaten ari direla baieztatzen du, ekosistemen bilakaera kontrolatzeko eta euskal ekonomiarentzat antxoaren arrantza bezain garrantzitsua den sektore baten jarduera bermatzeko”.
Euskal arrantzontziek 8.600 tona antxoa lehorreratu dituzte aurtengo kosteran
Aurtengo antxoaren kosterari dagokionez, euskal ontziek 8.600 tona antxoa lehorreratu dituztela eta antxoa kiloa lonjan, bataz beste, 1,41 euro ordaindu dela esan dute; iaz baino 3 zentimo garestiago ordaindu da antxoa kiloa aurten.
Antxoaren biomasaren behin betiko balioespena lortzeko, honako kanpaina hauetan lortutako emaitzak batera aztertuko dira: Bioman 2021 kanpaina (helduak-MPDH), Pelgas 2021 kanpaina (helduak-akustikoa), Juvena 2021 kanpaina (gazte-akustikoa) eta flotaren harrapaketak. 2021eko azaroan egingo da behin betiko azterketa, CIEM WGHANSAko antxoa, sardina eta txitxarroaren lantaldean.