"Puntako orduetan argia gehiegi erabiltzen ez dutenek igarriko dute abantaila"
Aristondok dio energia banatzaileak gobernuak derrigortzen dituela prezioa araututa ematera, baina ez daudela "horretarako prest, merkatu librean irabazten duten beste ez dutelako irabazten".
Ekainean indarrean sartu zen argi araudi berriak zelan eragingo die familiei?
2.0TD deritzon tarifa ezarri diete 15 kilowattetik beherako potentzia duten kontsumitzaile guztiei. Aldaketa automatikoki egin da merkatu libretik kanpo dauden erabiltzaileentzat, hau da, tarifa arautua edo KTBP prezioa (Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa) ordaintzen duten kontsumitzaileentzat. Lehen orduen diskriminazioa hautazkoa zen, baina orain lehen zeuden tarifa horiek guztiak desagertu egin dira, eta aldaketagaz, ordutegi beraren menpean egongo dira 15 kilowattetik beherako potentzia duten kontsumitze guztiak. Hiru ordutegi tarte ezarri dituzte orain.
Zeintzuk?
Puntako orduak (prezio garestiena) 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara izango dira, astelehenetik barikura. Bitarteko orduak (tarteko prezioa), berriz, 08:00etatik 10:00etara, 14:00etatik 18:00etara eta 22:00etatik 24:00etara izango dira, astelehenetik barikura. Haraneko orduak (prezio merkeena) 00:00etatik 08:00etara lanegunetan, eta zapatu, domeka eta Espainiako jaiegun nazionaletan 24 orduetan.
Araudi berria herritarrek aurrezteko ezarri dela diote.
Argia ondo erabiltzen dutenek eta puntako orduetan argia gehiegi erabiltzen ez dutenek igarriko dute abantaila hori. Haraneko orduetan, esaterako, argiaren prezioa puntako ordu batean baino hiru bider merkeagoa da. Asko kontsumitzen duten etxetresnak merkeago diren orduetan ipintzea gomendatzen da.
Araudi berriak beste aldaketarik badakar?
Kontsumitzaileak bi potentzia kontratatzeko modua ere badaukate orain: potentzia bat puntako orduetarako eta ordu lauetarako ezarri daiteke eta beste potentzia bat haraneko orduetarako. Gauean auto elektrikoa edo etxea berotzeko bero metagailu bat kargatzeko potentzia gehigarri bat behar duen bezeroak hori egin ahal izango du. Araudi berri honegaz, gainera, kontratatutako potentziaren prezioa ere %20-30 bitartean jaitsi egingo da.
Argiaren fakturaren BEZa ere jaitsi egin dute.
Espainiako Gobernuak %21etik %10era jaitsi du BEZa, 10 kilowatteko potentzia termino finkoa gainditzen ez duten argindarraren kontratuentzat. Neurri hori argindarraren prezioen igoeraren ondorioz sortutako egoerari erantzuteko ipini dute, salbuespen modura eta aldi baterako, 2021eko abenduaren 31 arte. BEZ murrizketa hori, gainera, aurreko hilabetean handizkako merkatuan bataz besteko hileko prezioa 45 euro/MWh-tik gorakoa baldin bada aplikatuko da.
Kontsumitzaileak badaki zer duen kontratatuta?
Ez. Egin dituzten inkesten emaitzen arabera, kontsumitzaileen %73ak ez daki argi fakturan zehazki zenbat ordaintzen duen, zer nolako kontratua duen… ez daude behar den modura informatuta. Ezjakintasun hori energia banatzaileek eragindakoa da, ez dute nahi kontsumitzaileak merkatu arautuari buruz informatuta egotea.
Zer desberdintasun dago merkatu librearen eta merkatu arautuaren artean?
Merkatu arautuan dauden eta KTBPri atxikitako kontsumitzaileei dagokien tarifa, nire ustez, askoz mesedegarriagoa da kontsumitzailearentzat merkatu librean enpresa bategaz ituntzen den argindarraren prezioa baino; merkeago egon da beti. KTBP tarifa arautuaren bidez ematen den argindarra merkatuaren prezioaren gorabeheren menpe dago. Merkatu librean, ostera, kontsumitzaileari prezio finko bat ezartzen diote, eta prezio horiek merkatuan ezarrita daudenagaz alderatuta, goitik ibiltzen dira; ezbairik gabe askoz garestiagoak dira. Bezero askok esan didate Iberdrola, Endesa eta Fenosa moduko konpainia handietatik uneoro deika ari zaizkiela merkatu libreko tarifak aukeratzeko.
Dei horiek egitea legezkoa da?
Ez ba! Bezeroak jazartzen ari dira. Dei horietan, gainera, gaur ez badute kontratua sinatzen, hurrengo egunean oraindik ere garestiagoa sinatuko dutela esaten diete. Trikimailu eta azpijoko horiekin bezeroak merkatu libreko kontratuak egitera behartzen dituzte eta, gainera, abantailaz betetako kontratu bat sinatzen dutela esaten diete. Gabonetatik hona, merkatu libreko prezioak oso garesti dabiltza, eta kontratuak prezio garestietan egin nahi dituzte, diru asko irabazteko. Eskaintzak merkatu arautuko antzeko prezioetan egiten dituzte, beharbada, zer edo zer merkeagoak ere bai, baina prezio horiek bakarrik lehenengo urtean aplikatzen dituzte. Bigarren urtean kontratuaren baldintzak ez badituzu gainbegiratzen eta konturatzen ez bazara, beste prezio batzuk ezartzen dituzte, eta sekulako fakturak etorri izan ohi dira. Merkatu libreko merkaturatzaileek, gainera, ezin dute Bonu Sozialik aplikatu, eta deskontu hori galdu egin dute askok. Duela urte batzuk ate joka etxerik etxe ibili ziren saltzaileek beste mota bateko deskontuak izango zituztela esanda, merkatu libreko tarifa bat saldu zieten Bonu Soziala zuten askori, eta Bonu Sozialak ematen dizkien abantailak galdu zituzten. 2018an aterik ate eta telefonotik salmenta mota hori egitea debekatu egin zuten, baina aterik ate saltzen ari ez badira ere, telefonoz halako eskaintzak egiten jarraitzen dute.
Konpainia guztiek eskaini dezakete KTBP tarifa?
Energia banatzaileak tarifa hori eskaintzera derrigortuta daude. Espainia mailan, penintsulan, bost enpresa daude: Iberdrola, Endesa, Fenosa, EDP eta Repsol. Merkatuan existitzen diren beste enpresa guztiak energia merkaturatzaileak dira. Energia banatzaileak gobernuak derrigortzen ditu prezioa araututa ematera, baina ez daude horretarako prest, merkatu librean irabazten duten beste ez dutelako irabazten. Kontsumitzaile batek, esaterako, Iberdrolagaz merkatu libreko kontratu bat baldin badu, edozein momentutan merkatu arautuko kontratu bat izatera pasatu daiteke; ez dago inolako penalizaziorik. Hori egin ahal izateko, enpresa horrek merkatu arautuko kontratuak ere eskaintzeko ahalmena izan behar du. Energia merkaturatzaileek ezin dute hori zuzenean egin. Lehenengo energia banatzaile batekin egin behar da kontratua merkatu librean, eta hilabete bat igaro ondoren, merkatu arautura pasatu daiteke kontratua.