Elkarrekin-Podemosek Guggenheimen kudeaketa publikoa eskatu du
Bizkaikoa erakunde publikoak kudeatzea proposatu du, EHUren eta eskualdeko udalerrien inplikazioarekin
Elkarrekin-Podemos-IU koalizioak Guggenheim Urdaibai museoaren kudeaketa eta kontrola publikoa izatea eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran. Hain zuzen, kontrol hori Bizkaikoa erakunde publikoak hartzea da proposatu duena, EHUren eta eskualdeko udalerrien inplikazioarekin.
Hector Fernandez Medrano batzarkideak azaldu duenez, “proiektu estrategikoak laguntzetik proiektu horiek zuzentzera igaro behar dugu”. Haren ustez, Bizkaiko Foru Aldundiak enpresekin dituen harremanetan duen eginkizun subsidiarioa alde batera utzi behar du; “are gehiago Bizkairako proiektu traktore baten aurrean bagaude”.
Medranoren iritziz, Bizkaikoa esperientzia eta talentu nahikoa badu Guggenheim Urdaibai proiektua gidatzeko, “lurralde-ikuspegiaz gain, gaitasun teknikoa, administratiboa eta planifikaziokoa” ere baduelako. Hala, Guggenheim Urdaibai proiektuak gaur egun ez duen kontrol publikoa ziurtatuko litzatekeela aipatu du batzarkideak.
Udalerrien parte hartzearen garrantzia ere azpimarratu du: “Eskualde deprimitu batentzat motor ekonomiko gisa saltzen bada, udalerriek Guggenheim museoa handitzeko proiektuaren garapenari eta ondorioei buruz erabakitzeko aukera izan behar dute”.