Basokideak ekimena aurkeztuko dute Ean
Eako baso autoktonoaren aldeko kanpaina aurkeztu eta manifestua irakurriko dute zapatuan, Eskolondon. Udalerriko basoak lehengoratzeko sare bat osatu eta sendotu gura dute.
Bertako landareak landatuz, Eako basoak lehengoratzea helburu duen Basokideak ekimena aurkeztuko dute zapatuan [uztailak 17], 13:00etatik aurrera, Eskolondon. Taldearen kanpaina aurkeztu eta manifestua irakurriko dute.
Natura kontserbatzea eta udalerriko paisaia zaintzea dute helburu eta, aldi berean, “ingurune erakargarriagoa eta iraunkorragoa sortzea”.
Eako baso autoktonoa lehengoratzea sustatzeagaz batera, herritarrak kontzientziatzen eta udalerriko ingurumena hobetzen lagundu nahi dute: “Udalarekin lankidetzan gaude. Gure asmoa da herri-lurrak bihurtzea, hau da, udalaren jabetzan uztea, eta bermatzea baso autoktonoa ezarriko dela lursail horietan”.
Hain zuzen, azken urteotan Eako Udalak zenbait lursail erosi ditu bertoko baso bihurtzeko.
Ullako herri-basorako proiektua aurkeztuko dute zapatuan. Udalak lursaila erosi zuen. “Hasiera batean, pentsatzen genuen lehenengo kanpaina lur sail hori erosteko dirua batzeko izango zela, baina parte hori udalak bete zuenez, landaketarako dirua bilduko dugu”.
Talde bat eratu dute, eta elkartea sortzeko beharrean ari dira: “Argi daukagu elkarte bat sortu behar dugula, eta herrian sare bat osatu eta sendotu. Boluntario sare bat beharrezkoa da landaketarako, eta ondorengo zainketan laguntzeko”.
Ullako lursaila “abiapuntu egokia” zela ikusi zuten, eta “aukera horri heldu nahi” izan diote. Udan udalerrian jende asko batzen denez, kanpaina martxan jartzeko sasoi egokia dela pentsatu zuten. Jendearen atxikimendua lortu eta kontzientzia piztu nahi dute. Laguntza-bonoak saldu eta osatu nahi duten elkartearen kide izateko boluntario moduan izena emateko aukera edukiko dute herritarrek zapatuan.