Minbiziaren ikerketarako dirua batzeko erakusketa ikusgai Ibarrangelun
Mari Carmen Zubieta ibarrangelutarraren lanak ikusgai daude Ibarrangeluko Kultur Etxean. 25 koadro enkantean ipini ditu haren familiak, eta bildutako dirua minbiziaren ikerketara bideratuko dute.
Artelanek historia eta istorio asko gordetzen dituzte euren baitan, baina, batzuetan, erakusketek euren istorioa izaten dute. Horietako bat da Ibarrangeluko Kultur Etxeko lehenengo solairuan dagoena. Mari Carmen Zubieta Karmentxuren pinturak ikusgai daude bertan. Helburu solidarioa daukan erakusketa da, lanak enkantean salduko baitituzte, eta Bizkaiko AECC minbiziaren kontrako elkartearentzat izango da bildutako dirua.
Familian zenbait minbizia kasu eduki dituzte, eta horregatik erabaki dute erakusketa antolatu eta koadroen bidez minbiziaren ikerketarako herritarren ekarpenak lortzea.
2019an zendu zen Zubieta, eta legatu emankorra utzi zuen bere etxean. Haren koadroen artean aukeraketa eginda osatu dute erakusketa. “20 urtegaz hil zitzaion semea, biriketako minbiziaren ondorioz. Ez zuen erretzen eta kirola egiten zuen. Karmentxuk beti eduki zuen joera margozteko, eta gaitasuna ere bai, baina momentu latz horretan, esan liteke terapia moduan hartu zuela artelana. Eta hortik aurrera, koadro asko egin zituen”, azaldu du Zubietaren suhia den Kepa Ruizek.
Ibarrangeluko Udalaren laguntza eduki dute erakusketa egiteko, eta udal arduradunen berbetan, minbiziaren kontrako borroka ikusarazteko aukera ematen du: “Mari Carmen Zubieta, Karmentxu, ibarrangelutarrak ondare artistikoa utzi zuen eta bere familiak ekimen kultural-solidario honekin balioan jarri du. Ekimen honegaz, minbiziaren aurkako ikerketan lagundu gura dute, eta omenaldia egin. Gaixotasuna sendatzeko aurrerapen zientifikoari laguntzeko funtsak lortzeaz gain, gaixotasuna pairatzen duten pertsonei gaixotasuna ulertzen eta gainditzen lagundu gura diete. Erakusketak Zubietak bere familiari utzitako margolanak ezagutzera eman ditu, eta minbiziaren aurkako borroka babesteko aukera paregabea da”.
Lanak sarean ikusgai
Sarean ere badago margolanak ikusteko aukera, https://karmentxuerakusketa.wordpress.com/ atarian. Bertan koadroen tamainak zehaztu eta enkanteari buruzko informazioa jaso dute. Bodegoiz eta paisaiez betetako 25 koadrok osatzen dute erakusketa. Besteren artean, Muruetako baserri bat, Mundaka, Etxanoko ikuspegia eta Begoñako Basilika margotu zituen Karmentxuk.
Erakusketaren sarreran Bizkaiko AECCk emandako informazio-orriak daude, elkarteari eta, oro har, minbiziaren ikerketari buruzko informazioa azalduz. “Beraiek esan zidaten oso garrantzitsua dela dohaintzaren kultura zabaltzea, halako joera egotea. Laguntzeko modu asko daude, eta erakusketa honek balio du jendeari azaltzeko halako gauzak egin daitezkeela, eta ondo daudela”, dio Ruizek.
Kultur Etxean hartu behar da koadroengandik eskaintzak egiteko fitxa, eta bertan daukaten kutxa batean bilduko dituzte denak. Gutxieneko prezio bat ipini behar izan dute, eta horretarako profesional baten laguntza eduki dute: “Euskal Herrian pintore famatua den eta Karmentxugaz harremana zeukan Miguel Egiluz margolariarengana joan nintzen, bera izan zen nolabait bere mentorea. Haren laguntzagaz ipini diegu hasierako balio bat”.
Egungo egoerara egokituta, eta jenderik ez pilatzeko, enkantea ez dute modu presentzialean egingo. Bi fasetan egingo dute. Abuztuaren 15ean eskaintzen kutxa zabalduko dute eta koadro bakoitzarengatik diru kopuru gehien eskaini dutenekin harremanetan jarriko dira. Horiei hiru eguneko epea emango diete minbiziaren kontrako elkartera diru transferentzia egiteko. “Koadroak eskuratzen dituztenek hurrengo errenta aitorpenean dagokien ehunekoa berreskuratuko dute”.
Dohaintza kopuruaren arabera, abuztuaren 19tik irailaren 5era zabalduko lukete berriro erakusketa eta eskaintzak egiteko aukera. Webgunean ipiniko dute dohaintzei buruzko informazioa, parte hartu duten denek zein edonork jakin dezan koadro bakoitza ze preziotan eskuratu duten.
Irailean hitzaldia
Erakusketaz gain, minbiziari buruzko hitzaldia antolatu dute irailaren 8rako. CICbioGUNEko Arkaitz Carracedo ikerlariak minbiziari buruzko mitoak eta errealitateak azalduko ditu Mitos y realidades del cancer: entender para curar hitzaldian.