"Normalean txakurren behar psikologikoetan huts egiten dugu"
Txakurren zaintzari, heziketari, pandemiaren eraginari eta protektoren lanari buruz berba egin dugu Urrosologaz.
Txakur bat hartu aurretik zer egin behar dugu?
Denok ez dugu txakur bat edukitzeko balio, eta txakur guztiak ez daude pertsona guztientzat prestatuta. Txakur bat nahi dutenei aholkatzen diet pentsatzeko zertarako nahi duten, ze helburu duten, txakurra edukitzeak zer suposatzen duen eta txakurrak ze premia eta behar dituen. Berari eman ahal diozunaren arabera aukeratzea, profesional baten laguntzagaz. Zelako txakurra ondo datorkizun erabaki behar da, urte askotan biziko delako zugaz. Arazo gutxien emango dizuna hartu behar da, zugaz edarto bat egiten duena, ez gustatu zaizulako. Gero arazoak sortzen baitira.
Txakurren heziketan zer da funtsezkoa?
Garrantzitsua da bere betebehar psikologikoak eta fisiologikoak ondo beteta egotea. Normalean, gehienok psikologikoetan huts egiten dugu,txakurrari ez diogu lan psikologikoa eragiten. Jan-edana ematea, kaka eta txisa egiteko ateratzea, mendira eroatea, fisikoki nekatzea… dira fisiologikoak, baina eurekin ez ditugu ariketa psikologikoak egiten. Lanketa horregaz txakurra askoz orekatuago eta lasaiago egongo litzateke. Milaka ariketa daude, eta ez dira zailak. Normalean, etxean sortzen diren arazo gehienak izaten dira fisikoki ez ditugulako nekatzen edo ariketak gutxiegi direlako. Txakur bakoitzak bere premiak ditu, eta euren behar edo premia psikologikoak ondo bideratuta, arazo gehienak konpondu edota saihestu litezke.
Ze ariketa dira onuragarriak?
Askotan heziketa ariketak nahikoak izaten dira txakurra psikologikoki nekatzeko. Baina paseatzera goazenean ez diogu esaten jartzeko, etzateko, geldi egoteko, altxatzeko, oztopoak ipini… Pentsatu egin behar du, ikasi duena egunero praktikan jarri. Ezjakintasunak arazo gehiago ekartzen ditu, oinarrizkoa badakigu, ezin dela etxean egon denbora guztian. Adibidez, usaimeneko ariketak oso garrantzitsuak dira, eta normalean ez ditugu egiten, ezjakintasunagatik, ez ez dugulako nahi. Oinarrizkoak dira, funtzionalitate garrantzitsua daukan aparatuta da sudurra.
“Batzuek modu gizagabean eta krudelean abandonatzen dituzte. Txakurrenganako sentsibilitate falta dago”
Zein aholku ematen dituzu?
Hiri-altzariak erabilita gauza asko eragin ahal dizkiogu txakurrari: zig-zag-ak, petrilera altxatzea, azpitik pasa… luzarora txakurrari bere buruarengan konfiantza ematen diote. Ariketez gain, denbora hartzea ezinbestekoa da. Ahal izanez gero, profesional bategaz batu eta txakurragaz ariketa espezifikoak egitea aholkatzen dut. Ulertzen dut denbora eta dirua behar dela. Adibidez, agility batzuei oso ondo etortzen zaie, baina denei ez. Agian, txakur handi bat ez dago horretarako egokituta. Zentro askotan egiten duten kirol diziplina da. Eta mantrailing deiturikoan usaimena landuta, ezkutatuta dauden pertsonak topatzen dituzte. Ez da bilaketa, ezberdina da; jolas modura da. Pertsona topatzean saria ematen zaio: jatekoa, laztanen bat edota berari gustatzen zaion pelota bategaz jolasten hastea.
Txakurragaz harreman estua zelan lortu daiteke?
Beti ez da lortzen harreman hori, pentsatzen dugu baietz, baina txakurrak askotan ez dauka lotura berezia jabeagaz. Denboragaz lortzen da bien arteko lotura hori. Ondo egiten badiozu, zu txakurraren taldean sartzen zara; eurak talde moduan antolatzen dira. Esaten dute txakurrek psikologiko onura asko ekartzen dizkigutela. Terapia asko egiten dira eurekin eta, adibidez, jende nagusiagaz, Alzheimerra daukatenakaz. Animaliek pertsonei onura asko ekartzen eta asko laguntzen dietela frogatu duten ikerketak daude.
“Pandemian txakur askori kalte egin die sozializazio faltak”
Pandemian txakurrak ondo zaindu ditugu? Zelan eragin die pandemiak?
Batzuei asko eragin die, kalte handiak eragin dizkie, batez ere etxean sartuta egon ginenean. Etxean egotean batzen den energia kentzeko ez geneukan denbora gehiegi. Txakur askori kalte egin die sozializazio faltak. Eurak asko sozializatzen dute bai pertsonekin eta bai txakurrekin. Pandemian askok ez dute beste txakurrik eta pertsonarik ikusi. Bat-batean lehen egiten ez zituzten gauzak egiten hasi ziren, euren beharrak ez zeudelako ondo beteta. Gero, batzuek erraz buelta eman diote horri, eta beste batzuek ez hain erraz. Lanketa bat egin behar izan dute berriro lehengora bueltatzeko. Lehenengo lau hilabeteak oso garrantzitsuak; txakurra normalean pare bat hilabetegaz hartzen da, eta lau hilabetera arte da sozialibilizatzeko garairik onena.
Udan txakur asko abandonatzen dituzte. Non utzi daitezke?
Kasu gehienak udan izaten dira bai. Txakurra ez baduzu nahi, ezin baduzu ondo zaindu, ez badaukazu denborarik edo bizitza aldatu bazaizu, mila irtenbide edo aukera daude: partikularrei galdetu ea nahi duten, profesional bati galdetu zer egin litekeen, hotel batera eroan… Errezidentzia asko daude txakurrak lagatzeko astebeterako zein opor guztietarako. Nik neuk oporretara noanean, neurea eroaten dut. Batzuek modu gizagabean eta krudelean abandonatzen dituzte; ezin dira edozelan eta edonon abandonatu. Txakurrenganako sentsibilitate falta dago. Emozioak dituzte. Txakur bat hartu aurretik zelan bizi garen, zenbat denbora daukagun eta zenbat bidaiatzen dugun pentsatu behar dugu. Normalean hamar-hambost urte bitartean bizi dira, tamainaren arabera. Urte horietan bizimodua asko aldatu liteke. Agian txakurra hartu eta urte batzuetara bizitzak buelta handi bat ematen dizu, eta ez da ez duzula txakurra eduki nahi, ez daukazu denborarik behar den moduan zaintzeko. Abandonatu aurretik mila ate jo, eta txakurra ondo laga beharko litzateke.
Animalien babeslekuen lana gertutik ezagutzen al duzu?
Lan handia eta gogorra daukate. Normalean gainezka egoten dira, eta lana bolondresa da. Lege batzuk betearazi beharko litzaizkieke. Diru asko mugitzen duen mundua da, eta ez da erraza legeak betearaztea. Badaude oso onak, gauzak ondo egin nahi dituztenak. Txakurren premiak oso ondo begiratzen dituzte eta gauza asko galdetzen dizkiete hartzera doazenei, eurei egokien datozkienak aholkatzeko. Lan hori guztietan egin beharko litzateke, eta askotan ez da egiten. Egin ezean, %50 probabilitatea dago txakurra berriro zentrora bueltatzeko. Txakurra hartu eta hilabete batzuetara konturatzen dira ezin dutela beragaz. Zentroetan daude abandonatu dituztelako, eta ahalegindu behar gara bigarren abandono bat ez jasatea. Ezin da estetikoki gustatu zaizulako hartu. Hartzen duen familiagaz bere betebeharrak ondo beteko direla ziurtatu behar da. Adibidez, egunean hiru paseo eman ahal badituzu beragaz, eta gazte-gaztea bada, hobeto etorriko zaizu zazpi edo zortzi urteko bat, lasaiagoa delako eta ez duelako hainbeste ibili behar.
“Askotan, umeek edo pertsona nagusiek daukaten energia ez dute ondo barneratzen”
Zentro horietan tratu txarrak jasandako asko egoten dira?
Bai, eta horiek gaitzak dira adoptatzeko. Beldur handia daukate. Pertsonei beldurra dietenekin edo txakurrekin edo zaratekin beldurtzen direnekin egin behar den lana oso gaitza da. Batzuetan protektoretan ez dizute egi osoa esaten. Han oso ondo ikusten da, denbora daroa eta bere taldeagaz ondo dago, seguru sentitzen da. Egun batetik bestera handik ateratzen baduzu, arazoak egon litezke, ez duzulako ezagutzen, ez dakizu pertsonekin eta txakurrekin zelakoa den… Berez, ona litzateke pausoka egitea: egun batean joan, buelta bat eman ezagutu, bertan utzi, eta txakurragaz gutxieneko konfiantza lortzen duzunean etxera eroatea. Askotan, umeek edo pertsona nagusiek daukaten energia ez dute ondo barneratzen. Umeak ez zaizkie gustatzen energia handia daukatelako edo pertsona nagusiak ez zaizkie gustatzen haien pausoak segurtasun eza sortzen dielako.