Eako paper fabrika zaharra lehengoratzeko bidean beste pauso bat emango dute
Uraren Euskal Agentziak lantegiaren parte bat botako du.
Uraren Euskal Agentziak Eako Bidebarrietako paper fabrika zaharreko zenbait eraikin botatzeko obrak lizitatu berri ditu. “Zehazki, orain lizitatutako obrei esker, eraikin eta azpiegitura zaharrak eraitsi eta kendu ahal izango dira”, argitu dute. Elkarren mugakide diren bloke isolatuen segida bat da, elkarrengandik oso gertu daude, eta, orohar, 990 metro koadroko oinplanoko azalera hartzen dute.
310.000 euroko lizitazio-aurrekontua dute, eta hiru hilabete eta erdiko egikaritze-epea aurreikusi dute. Gaur egun, eraikin asko landarediak estalita daude, eta landaretza hori eraikinen zirrikituetatik sartu da. Beraz, lanak hasteko, landaretza hori kendu egingo dute, “bai eraitsi beharreko eraikinetan, bai saneatu beharreko kanpoko aldean, eskuzko baliabideen edo bitarteko mekaniko arinen bidez”. Sastrakak kendu ondoren, azaleratutako hondakin guztiak eremuan bertan identifikatu eta tipologiaren arabera bereiziko dituztela zehaztu dute, “ondoren kudeatzaile espezializatuek tratatzeko”.
Eraisketa eraikinaren zolatara iritsi arte egingo dute, zolata eta zimenduetan sartu gabe. Hau da, proiektu honen eremuan sartutako lanek egungo lursailaren kotaren gainetik dauden elementuei bakarrik eragiten diete.
Eremuaren erabateko lehengoratzea lortzeko bidean, URAren lanen lehenengo fasea da honakoa, eta lehen fase honetan eraitsitako eraikinen zolatak eta zimenduak zaharberrituko dituzte bigarren fasean.
Era berean, Eako Udalak industria-gune zaharreko zenbait eraikin eraitsiko ditu. Eako alkate Iratxe Arriola Alzolak azaldu du udalak hilabete honetan aterako du udalari dagokion eraikinaren botatzearen lizitazioa. Paper fabrikan dagoen beste eraikin luzea, biltegia zena botako dute lan horietan.
2017an paper fabrikaren parte bat bota zuen orduko lursailaren jabeak Banco Popular banketxeak. 2019ko hasieran, berriz, udalak erosi zuen lursaila.
“URAk aurreproiektu bat egin du, birsorkuntza proiektua idazte fasea amaitzear dago, eta hortik aparte, erreka gainean dagoen eraikin horren botatzea da orain lizitazioara atera dutena. Herrigunetik nahikoa gertu dagoen eremua da, degradatuta eta zahartuta dago, eta errekaren ibilguan ere eragiten duten eraikin oztopatzaile batzuk ditu. Horrek kentzeak biodibertsitatea arloan dakartzan hobekuntzez gain, traba horiek ez egoteak uholdeetan ere lagunduko du”, azaldu du Arriolak.
Udalak aparkaleku bat, aisialdirako gunea eta jarduera ekonomikorako gune bat egokituko ditu bertan, eta proiektu hori idazte fasean dago, eta “seguruenik datorren urterako exekutatuta egongo da”. Aurreikuspena hori da, eta udalak diru laguntza bat eta kreditua eskatu ditu lanotarako.
Eremu hau lehengoratzearen eta era berean, espazio hau hainbat gauzatarako berreskuratzearen garrantzia azpimarratu du alkateak: “Apur bat abandonatuta dagoen eremu hori, herriguneagaz integratuko da. Proiektu integrala da, batez ere herritarrei begirako proiektu bat da, eta ez beste gauza batzuei, eta herriari oxigenoa emango diona. Proiektu borobila bat da, gauza desberdinak uztartzen dituena, bai ingurumena, bai jarduera ekonomikoa eta bai aisialdia”.
Gainera, Eako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz akordioa lortu du herrigunetik paper fabrikara arteko tartea oinezkoentzat egokitzeko. Izan ere, tarte batean oinezkoen bidea dago gaur egun, eta hori luzatu nahi dute lantegiaren lursailen pareraino: “Trabesia-esparru hori luzatzeko akordioa da. Oinezkoen bidea haraino luzatuko dugu paper fabrika zaharra dagoen lekuraino. Gaur egun, tarte batean errepide izkinatik joan behar delako, eta foru errepidea denez, aurreko osoko bilkuratik pasatu genuen aldundiaren proposamena hori exekutatzeko”.