Beaskoetxeak eta Lekerikak irabazi dute Uniko lehen finalaurrekoa
Bikote gernikarrak bi setak irabazi dizkie Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Ibon Aldazabal berriatuarrari. 2. mailako finalerdian, Alex Goitia eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak 19-30 mendean hartu dituzte Aaron Gonzalez de Matauko arabarra eta Danel Mandiola markina-xemeindarra.
Markina-Xemein Jai Alai Master Series txapelketak eman dio hasiera aurtengo Jai Alai World Tourrari.
Uni frontoian zapatuan [uztailak 3] jokatu zituzten txapelketaren lehenengo finalaurrekoak, ikuskizun gosez zeuden pilota zaleen aurrean. 1. mailakoan, Diego Beaskoetxea eta Unai Lekerika gernikarrek lortu zuten finalerako txartela. 2. mailakoan, berriz, Lea-Artibaiko bikotea nagusitu zen; Alex Goitia eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrek lehiatuko dute finala.
Bikote gernikarrak bi setak irabazi (15-7/15-12) zizkien Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Ibon Aldazabal berriatuarrari. Azken horri erritmo falta sumatu zitzaion, eta batik bat lehenengo setean hutsegite gehiegi egin zituen.
Komunikazio onagaz, alkar ondo hartuta eta serio jokatuta, Beaskoetxeak eta Lekerikak bikote sendoa osatzen segitzen dutela erakutsi zuten. Ia peloteorik ez zen ikusi hasieran, eta iazko txapeldunak zazpi puntuko aldea izatetik (8-1) 11 puntuko aldea izatera ere iritsi ziren (14-3).
Iazko norgehiagokan, Lea-Artibaiko bikoteak irabazi zien lehenengo seta gernikarrei, baina aurten, ez da horrela izan. Bigarren set-ean, joko eta ikuskizun hobeaz gozatu zuen publikoak. Piloteoa, pikadak, erremateak, jauziak ezkerreko horman…
Aldazabal jokoan gehiago sartu zen, eta lau puntisten artean lehia polita egon zen. Txapa-gainekoagaz Beaskoetxeak egin zuen lehenengo tantoa bigarren setean. Erkiagak beregain hartu zuen partidua iraultzearen ardura. Atzeragoko koadroetan defendatuz, Lekerikak jaurtitako pilota gaiztoetan sartuta eta errematatuz euren irabazteko aukeretan sinisten zuela argi utzi zuen. Txokoan utzitakoekin eta horma-bikoekin ere bere maila gorenaren erakustaldia eman zuen, batzuetan tantoak lortuz, eta beste batzuetan Beaskoetxeak bere maisutasunagaz erantzun zion.
Launa, bosna, seina, zazpina… berdinketagaz markagailua parekatuta egon zen, emozio eta lehia biziaren adierazgarri. Lekerikak ezkerreko horman salto ikusgarriak eman zituen, ikusleen txalo zaparradak eraginez. Ondo defendatuta, 10-9koa Erkiagak egin zuen txokoan amaituta. Hamarna berdindu zuten eskualdekoek. 13-10ekoan zesta aldatu behar izan zuen Beaskoetxeak, errebote batean zestaren takoa apurtu zuelako. Erkiagak bi tanto lortu zituen urdinentzat.
2. mailako finalerdian, Alex Goitia eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak 19-30 garaitu zituzten Aaron Gonzalez de Matauko arabarra eta Danel Mandiola markina-xemeindarra.
Bigarren finalerdiak. Zapatuko finalaurrekoetan nagusitutako bikoteak Karmen Eguneko irabazleen kontra ariko dira finaletan. Hain zuzen, uztailaren 16an [barikua], etxeko eta Zumaiako puntistek osatutako bikoteek jokatuko dute 1. mailan. Jokin Arbe aurrelari markina-xemeindarrak Imanol Lopez zumaiarra edukiko du atzean, eta Markina-Xemeingo Jon Zabalak eta Zumaiako Iñaki Osa Goikoetxeak osatuko dute finalerdi horretako beste bikotea.
2. mailan, berriz, Atxon Alberdi iazko txapelduna eta Atain II.a Mutrikuko Jon Goenaga eta Markina-Xemeingo Jon Mandiolarekin neurtuko dira.
Uztailaren 16rako sarrerak aurretiaz eskuratu daitezke telefonoz (Santi Olabe, 688 813 775), eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira leihatilan. Egungo egoeragatik, harmailetan 458 eserlekuko muga daukate.
Bi kategorietako finalak uztailaren 18an [domekan], jokatuko dituzte, 18:00etan hasita.