Euskararen osasuna aztergai
Udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuetako hizkuntza eskubideei buruzko datuak jaso ditu Uemak. Herritarren hizkuntza eskubideak egunero urratzen direla diote.
Osasun zentrora zoazenean euskaraz jasotzen duzu arreta? Zure familia medikua euskal hiztuna da? Euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatuta daude?
Udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuetako hizkuntza eskubideei buruzko datuak aurkeztu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Hain zuzen, Uemako kide diren 90 udalerrietako osasun zerbitzu publikoetako datuak behatu, aztertu eta herritarren hizkuntza eskubideak zenbateraino bermatzen diren neurtu du Uemak. Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak eta Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak bildutako datuak azaldu zituzten Legebiltzarrean ekainean.
Uemak bi urtetik behin egin ohi du behaketa, eta aztertutako azken epetik hona geldialdi bat egon dela nabarmendu dute txostenaren egileek, ez dute “eboluziorik sumatu”. 2018an egin zuten aurreko azterketa, iaz zegokien berritzea, baina COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak atzeratzea eragin zuen.
Azken urteetan udalerri batzuetan «arazo batzuk betikotzen» ari direla iruditzen zaiela dio Goikoetxeak. Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea dela gogoratu du eta, beraz, “erakunde publikoen obligazioa”. Eskubide horiek bermatzeko azken hamarkadetan pauso handiak eman badira ere, oraindik, eskubideak egunero urratzen direla gogoratu du.
Azterketa sakonagoa
Aurreko urteetan mediku eta erizainak aintzat hartuta egin izan dute txostena; aurten, baina, analisia osatzeko asmoz, Uemako udalerrietako osasun zentroetako langile guztiak kontuan hartu dituzte, eta Uemako kide diren udalerrietako bizilagunei zerbitzua ematen dieten erreferentziazko osasun zentroak eta ospitaleak ere aztertu dituzte.
Erakunde publikoen obligazioa da osasun zerbitzua euskaraz ematea bermatzea
Uemako 56 herritan daude osasun zentroak. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, zehazki, osasun etxeetan Osakidetzak 559 lanpostu dauzka Uemako kide diren 90 herrietan, eta ia guztietan zehaztuta dago hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data: 548 postutan (%98).
Txostenaren arabera, Uemako kide diren herrietan, osasun zerbitzu publikoetako bost langiletik batek ez du lortu bere postuari dagokion hizkuntza eskakizuna. Gaur egun Osakidetzako 106 langile daude udalerri euskaldunetan euskara gaitasuna egiaztatu barik. Zenbait arlotan, ehunekoak aldatu egiten dira. Pediatren kasuan, esaterako, hirutik batek ez daki euskaraz. “Osakidetzan langileen %27 ari dira beharrean dagokien eskakizuna bete barik. Proportzioan eskakizuna egiaztatu gabekoak gehiago dira pediatretan, emaginetan eta erizain laguntzaileetan”.
Ajangiz, Busturia, Bermeo, Ea eta Muxika daude Ueman. Bermeoko osasun zentroan familia mediku, pediatra, erizain laguntzaile, administrari eta zeladore bana daude hizkuntza eskakizuna egiaztatu barik, eta Bermeoko EAGn (Etengabeko Arreta Gunea), berriz, erizain batek ez du egiaztatu eskakizuna.
Busturiko eta Eako kontsultategian erizainek ez dute egiaztatu hizkuntza eskakizuna, baina euskaraz dakite eta zerbitzua euskaraz ematen dute. Txostenean jaso dutenez, oinarrizko osasun arretatik harago, udalerri guztiek izendatuta duten erreferentziazko ospitaleetan, berriz, ia langileen erdiak dira euskaraz ez dakitenak (%49). “Dena dela, alde handiak daude ospitale batetik bestera”. Gipuzkoako ospitaleetan eta Gernikakoan langile gehienek dute egiaztatuta eskakizuna, baina ez Arabako ospitalean eta Bizkaiko gainerakoetan. Gernikako ospitalearen kasuan, langileen %82,1ek egiaztatuta dauka dagokion hizkuntza eskakizuna.
Osakidetzan langileen %27 dago euskara gaitasuna egiaztatu barik
Hizkuntza eskubideak bermatzeko helburua lortzea “kate baten azken begia” dela eta katea “begiz begi josi behar” dela gogoratu dute txostenaten egileek. Horretarako, profesionalen prestakuntzari dagokionez, euskarazko eskaintza osatzeko premia dagoela nabarmendu dute: “EHUn egin dira urrats batzuk urteotan, eta horiek sendotzea da eginkizuna; NUPen Medikuntza gradua ematen hasi dira, baina erdara hutsez. Horregaz batera, ez dira gutxi osasun ikasketak egitera kanpora jo behar duten ikasleak ere. Beraz, katebegiaren hasierako puntuan, ezinbestekoa da euskarazko eskaintza sendotzea, eta ikasle euskaldunek bertan ikasi ahal izateko bitartekoak taxutzea”.
Era berean, kudeaketa arloan hizkuntza irizpideak bete-betean txertatzea proposatzen dute: “Erakundeek betebeharra daukate herritarren hizkuntza hautua bermatzeko, eta hori gogoan izan behar da. Eta osasun arduradunen eta profesionalen artean ere gizarteratu behar da hori: herritarrenak direla hizkuntza eskubideak, eta zerbitzuaren kalitatean ezinbesteko aldagaia dela pazienteak aukeratutako hizkuntzan jardun ahal izatea”.
Ildo horretatik, osasun zerbitzuan gertatu eta gertatuko den belaunaldi aldaketa ere aitatu dute ondorioen atalean. Euskarazko zerbitzua bermatzeko bidean pauso gehiago egiteko aukera izan daitekeela uste dute; “kontuan hartuta belaunaldi berrien artean handiagoa dela euskaraz dakitenen ehunekoa”. Horretarako, hizkuntza kudeaketa landu behar dela zehaztu dute: kontratazio irizpideak bete (ordezkapenetan ere bai), langile berriei hizkuntza irizpideak azaldu eta jarraipena egin, euskaraz aritzeko laguntza eman…
Halaber diote euskararen erabilera normalizatzeari begira, bultzatu beharreko ildoa dela herritarrak ahalduntzea, “euskarazko zerbitzua eskatu dezaten eta osasun etxean euskaraz egin dezaten”.