Goi mailako paladak, prest
Eusko Label Ligaren lehenengo bandera jokatuko dute asteburuan, Galizian. Iazko hirugarren postua hobetzea da Urdaibai talde bermeoatarraren helburua. Jon Elortegi entrenatzaileak denboraldi-aurrean zelan ibili diren eta gainontzeko taldeak zelan ikusi dituen azaldu du.
Etxeko lanak ondo eginda bidaiatuko dute Galiziara Eusko Label Ligan eta Euskotren Ligan dauden klubek. Zapatuan hasiko dute denboraldia.V. Bandeira Cidade da Coruñaren bandera dute ligako lehen hitzordua.
Lehenengo jardunaldi horri begira, Jon Elortegi Urdaibairen entrenatzaileak ondo hastearen garrantzia azpimarratu du: “Lehenengo asteburu hau oso arriskutsua izaten da Coruñako eremu horretan. Gainera, itsaso handiak daude aurreikusita, eta are zailagoa izango da. Ondo bukatzen saiatuko gara, hona bueltatu eta ligari hemen ekiteko. Taldea indartsu eta gehienbat gogotsu dago. Asko entrenatu dugu, eta trainerua ondo dabil, baina ez dakigu besteekin alderatuta zelan egongo garen. Ustez ondo dago taldea, baina asteburuan ikusiko da zer dagoen”.
Elkar ondo ezagutzen duten arraunlariekin osatutako taldea da bermeotarra: “Nahikoa pozik gaude, pasa den urteko taldeko arraunlari gehienek jarraitu dutelako. Ia-ia talde berdina da, baja pare bat eta alta pare bat eduki ditugu. Esan daiteke, iazko hamazortzi arraunlarietatik hamabost berdinak garela”. Beste denboraldi bat beteko dute alkarregaz, eta “gauzak hobeto eginez, emaitzak ere hobetzea” espero dute.
Jon Elortegi (Urdaibairen entrenatzailea): “Asko entrenatu dugu eta trainerua ondo dabil. Taldea gogotsu eta indartsu dago”
Denboraldi-aurreko estropadetan egindako lanagaz gustura geratu dira: “Egin ditugun testak ondo irten dira, aurrean ibili gara azkenengo momentura arte. Baina, egia esan, ez dira oso fidagarriak, test horietara klub bakoitza puntu fisiko oso desberdinean joaten garelako. Baina gure burua ikusita, egindako lanagaz gustura geratu gara eta, beraz, pozik”.
Iaz liga hirugarren postuan amaitu zuen Urdaibaik, eta aurtengo helburua postu hori hobetzea dela adierazi du Elortegik, “eta estropaden borrokarako aurrean” ibiltzea: “Erregulartasunean ezingo dugu akatsik egin. Pasadan urtean, uztailean oso ondo ibili ginen, gero abuztuan apur bat maila ez genuen mantendu. Aurten helburua da iazko uztaileko maila hori mantentzea. Ez du balio estropada batzuetan punta-puntan ibiltzeak, gero besteetan kale egiten badugu. Pasa den urtean bizpahiru estropadetan kale egin genuen, eta aurreko postu horiek galdu genituen».
Beste traineruak ze mailatan dauden ikusteko ez dute aukera asko eduki. Hala ere, taldeak zelan osatu diren ikusita, aurkari gogorrenak, talde indartsuenak zeintzuk izango diren badakite: “Teorian nahikoa argi dago faboritoak nortzun diren. Santurtzi iaz liderra izan zen, eta aurten, nire ustez, oraindik ere talde hobea dauka. Zierbena ere asko indartu da; pasa dan urtean bigarren txandatik ibili zen Zierbena hori, uste dut, aurten lehenengo txandarako borroka horretan sartuko dela. Eta, noski, betiko moduan, Hondarribia ere aurrean ibiliko da. Pasa den urtean ligan bigarren eta Kontxan irabazlea izan zen, eta hori beti izan behar da kontuan”.