Gatibuk eta Marenek ipiniko dute hazi berria uztailaren 15ean
Haziberri ekimena aurkeztu dute gaur, Europako Herrialdeen Parkean. Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, musika ikuskizunak modu jasangarri eta berritzailean antolatu nahi dituzte.
Uztailaren 15ean ekitaldi berezia hartuko du Europako Herrien Parkeak; 1991n sortu zenetik 30 urteko historian era horretan ikusiko den lehenengoa. Hain zuzen, Haziberri proiektuak lehenengo ekitaldia egingo du egun horretan, “erronka berezia” dela aipatu dute bultzatzaileek.
Europako Herrien Parkean bertan eman duten prentsaurrekoan aurkeztu dute Haziberri, gaur goizean. Musika kontzertuak izango dira eskainiko dituztenak, formatu berezian, eta eredu jasangarriari eutsiz. Lehenengoa uztailaren 15ean izango da, eta Maren eta gatibu ariko dira, formatu akustikoan.
Antolatzaileek azaldu bezala, Europako Herrien parkea espazio lasaia eta naturala izan da beti Gernika-Lumon, “eta Haziberri festibalak izaera horri eutsi nahi dio; ingurumena errespetatu eta zainduko duen kultur proposamena izango da Haziberri”. Zero waist festibala izango da, hondakinik gabekoa. Papereko euskarririk ez dute erabili, eta kartelak oihalean margotuta egin ditzute. Markel Urrutia aritu da diseinu lanetan. Bestalde, jasangarritasuna errespetatuz, kontzertuak iraun bitartean tarte mugatuetan bakarrik zabalduko dute edaria erosteko barra. Horiek, gainera, berrerabilitako egurrekin eskuz egindakoak dira.
Ikuskizunaren kalitatea mantendu gura dugu, ingurunea zainduz, natur ondarea eta pertsonak kontuan izanik eta kulturgintzatik ekonomia zirkularragoa egiteko pausoak emanez”
Artilezko jesarlekuak.
Formatu aldetik bakarrik ez. Beste hainbat berezitasun ere badituzte Haziberrik antolatuko dituen kontzertuak. Horretarako, eta era horretako kultur ekitaldietan sortzen den aztarna gutxitu nahian, hainbat neurri eta ideia garatu dituzte. Horietako bat, artilezko jesarlekuak egitearena izan da. “Euskal Herrian milioi bat ardi dago eta ardi batek batazbeste 1,5 kilo artile sortzen ditu urtero”, azaldu dute. Urtean, guztira, 2.500 tona inguru artile sortzen da eta artile ia guztia hondakin gisa tratatu ohi da; hau da, gehiena zakarretara doa. “Sarritan, baserritarrentzat eta erakundeentzat arazoa izaten da moztutako artilea kudeatzea. Egoera horretaz jabetuta, artilea berrerabiltzea pentsatu genuen; izan ere, artileak hezetasunetik isolatzeko gaitasuna dauka”, azaldu dute.
Hala, 500 jesarleku egin dituzte, artilea berrerabilitako zakuetan sartuz. “Ez dugu artilearen arazoa konponduko baina Haziberri festibalak kultura egiteko modu jasangarriagoak jarri nahi ditu mahai gainean”. Baliabide gutxiago erabilita, ikuskizunaren kalitatea mantendu gura dute, “ingurunea zainduz, natur ondarea eta pertsonak kontuan izanik eta kulturgintzatik ekonomia zirkularragoa egiteko pausoak emanez”.
Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa ere badu, eta proiektuaren bultzatzaileek eskerrak eman dizkiote eurengan sinisteagatik. Euskara, Kultura eta Kirol arloko foru diputatu Lorea Bilbaok ere parte hartu du aurkezpenean. Hain zuzen, Haziberri ideia garatzeagatik eskerrak eman dizkie antolatzaileei, etazoriondu egin ditu “jakin izan dutelako benetan gure izaera eta nortasunaren adierazgarri nagusienetako bat aintzat hartzen: transmisioa”. Bilbaoren esanetan, garrantzitsua da erreferentzia eta eskarmentua dutenengandik belaunaldi gazteagoei ere transmititzea. Gainera, Haziberrik naturaren eta gure ingurunearen zaintza berezia egiten duela azpimarartu du. “Gune berezian gaude, natura, kultura, tradizioa, ofizioa… danetarik hartu eta guzti hori musikaz blai jarri dute uztailaren 15era begira”.
Europako Herrien parkean emango dituzte kontzertuak eta Bilbaok azaldu du hori dela aldundiak artistentzat eta euskal kulturarentzat nahi duena. “Gure tokia izan nahi dugu gainontzeko kulturen, artisten eta herrien artean. Ez gara ez gehiago ez gutxiago, baina gure tokia aldarrikatuko dugun kultur sortzaile, hedatzaile eta kudeatzaileak gara. Eurpako Herrien Parketik Europara begira eta nazioartera begira gure tokia bilatzen ari garen taldea gara”.
Gaurko aurkezpenarekin hazi berri bat ernatu dela esan du foru diputatuak: “Izan dadila oparoa, batez ere kultur sorkuntzaren hedapenerako”. Era berean, kultura kontsumitzearen beharra ere azpimarratu du. “Primerako sortzaileak ditugu eta horiei bidea erraztea tokatzen zaigu erakundeei”, gaineratu du.
Ez gara ez gehiago ez gutxiago, baina gure tokia aldarrikatuko dugun kultur sortzaile, hedatzaile eta kudeatzaileak gara”
Kontzertua parkera egokituta.
COVID pandemiak markatutako urtean, antolatzaileek garrantzia berezia eman diote pertsonen osasunari eta segurtasunari. Hala, kontzertua moldatuko da parkera, ez alderantziz. Parkearen beraren forma fisikoa baliatu eta espazio hori erabiliko dute eszenario modura. Horretarako, argiztapen berezi bat landu dute; “gau magikoa izatea” nahi dute.
21:00etan hasiko da kontzertua da baina ateak 19:30ean irekiko dituzte. Sarrerak haziberri.eus atarian ipiniko dituzte salgai uztailaren 2an, 18:00etatik aurrera.
Azkenik, proiektua posible egin duten pertsona eta erakundeak eskertu dituzte. Gainera, festibalaren eredu jasangarriarekin bat eginez, inguruko hornitzaile txikien aldeko apustua egin dutela azpimarratu dute.