Gernikaldeako udalerrietako kontsultategietako ordutegiak murriztu dituzte irailaren erdialdera arte
Osakidetzak egindako osasun zerbitzuaren behin-behineko berrantolaketak Busturialdeko hamalau udalerriri eragin die. Udal arduradunek desadostasuna agertu dute, eta udalerrietako kontsultategien antolaketa berrikusteko eskatu dute.
Ekainaren 21etik irailaren erdialdera arte, Gernikaldea osatzen duten hamabost udalerrietako osasun arreta berrantolatu dute, “Osakidetzan ordezkapenak egiteko arazoak dituztelako”. Ondorioz, herritarrek egun gutxiagotan daukate aurrez aurreko arreta euren udalerrietako kontsultategietan, eta medikua eta erizaina euren udalerrietan ez daudenetan inguruko herrietarako kontsultategietara joan behar dute aurrez aurreko arreta jasotzera.
Hamabost udalerri horietako kontsultategiak lau kontsultategi multzotan bildu dituzte, eta multzo bakoitzean gutxienez mediku bat eta erizain bat egongo dira multzoko kontsultorioren batean.
- Arratzu/Ereño/Mendata/Nabarniz/Munitibar
- Elantxobe/Gautegiz Arteaga/Ibarrangelu/Kortezubi
- Errigoiti/Morga/Muxika
- Busturia/Forua/Murueta
Udal arduradunak kezkatuta daude, eta hamabost udalerrietako alkateek adierazi dute hartutako neurriekin ez daudela ados: “Pandemia egoera honetan gure herritarren osasuna bermatzeko egin den lan nekaezina eskertu gura dugu. Baina hartu dituzten erabakien aurrean, udako lehen arretari dagokion antolakuntzarekiko desadostasuna adierazi gura dugu. Uste dugu informazio hau udalerrietako alkateekin partekatu ahalko litzatekeela erabakia hartu aurretik. Udal gisa ez gaude ados irizpide honekin, eta gure udalerrietako kontsultategien antolaketa berrikusteko eskatzen dugu”. Argitu dute badakitela osasun langileek pandemia garaian lan handia egin dutela, eta ulertzen dute lan-karga handia daukatela eta “egoera honek eskatzen dituen behar beste mediku ez daudela”.
Udako hiru hilabeteetan ezarri duten berrantolaketak batik bat adinekoei kalte eta oztopoak eragiten dizkietela zehaztu dute: “Gure herrietan zahartze-indizea nahikoa altua da, eta adineko pertsona horiek erabiltzen dute gehien zerbitzua. Gainera, ohikoa da mugikortasun-arazoak izatea, eta haientzat eragozten bat da beste udalerri batera joatea. Horretarako senide baten laguntza behar dutelako edo garraio publikoaren mende daudelako, eta autobusen maiztasuna, udalerri batetik bestera aldatzen bada ere, joan-etorriko bidaia oso luzea izan daiteke”.
Gernikaldeatik azaldu dietenez, hamabost udalerrietako kontsultategietako ordutegiak “murriztera behartuta” egon dira, aurreko urteetan ez bezala, ez dutelako “ez mediku ezta erizainik ere udako oporren ordezkapenik egiteko”. Osakidetzak egindako egokitzapenen berri ekainaren 17an arratsaldez jakin zuten, posta elektronikoz bidalitako mezu baten bidez. “Gernikaldeatik bidali digute mezua, baina, ematen du goitik datorren erabakia dela. Ez dakit berton dauden mediku eta erizainak ze punturarte dauden honegaz ados”, dio Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak.