Eako osasun etxeko zerbitzuak orain arte bezala mantentzea eskatu du udalbatzak
Bi mozio onartu dituzte osoko bilkuran. Besteak beste, Eako Udalak Osasun Sailari eskatu dio Osakidetzarekin batera planifikazio bat egiteko osasun profesionalen gabeziari aurre egiteko.
Eako kontsultategian udan arreta jasotzen segitzeko herritarren eskaria bere egin du Eako udalbatzak. Bi mozio onartu zituzten atzoko [ekainak 29] osoko bilkuran. Beletxe Nagusien Elkartetik aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten, eta EH Bilduk aurkeztutakoan, EAJ abstenitu egin zen.
Osakidetzatik jakinarazi diete uztailaren 19tik aurrera aldizka eta abuztuaren 16tik irailaren 10era jarraian Lekeitioko anbulatorioan jasoko dutela aurrez-aurreko arreta, “udako ordezkapenak egiteko medikuen gabezia dutenez, ezin dutelako herri horietako kontsultategietako arreta medikua mantendu”.
Beletxe Nagusien Elkartearen mozioan Eako osasun etxeko zerbitzuak orain arte bezala mantentzeko, Eako Udalari eskatu diote Osasun Sailagaz harremanetan jartzeko “hartu beharreko neurriak hartzeko”. Puntu hori jaso dute hitzez hitz atzo onartutako beste mozioan ere.
EH Bilduren mozioan hainbat eskaera jaso dituzte. Hala, Eako Udalak Osasun Sailari eskatu dio lehen arreta garai berrietara egokitzeko eta arreta komunitarioa garatzeko, “aurrekontuen %25 lehen arretara berbideratu” dezala, horrela lehen arreta “prestigiatuz”, eta lehen arretatik “osasun sustapen eta prebentzio lanetan sakontzeko” herriko gainerako zerbitzuekin. Ildo beretik, Osasun Sailak Osakidetzarekin batera hiru hilabeteko epean, osasun profesionalen gabeziari aurre egiteko planifikazio bat egin dezala eskatu dio. Bertan lehen arretako osasun profesionalengan arreta berezia jartzea eta profil berriak (gizarte laguntzaileak, fisioterapeutak, psikologoak, podologoak) txertatzea aztertzea ezinbestekoa izan behar lukeela uste dute, “gizartearen beharrei eta zahartzeari aurre egiteko”. Osasun profesionalen gabeziari aurre egiteko neurriak abian jartzen diren bitartean, udalarekin alternatiba aztertzea beharrezkoa dela diote, herrian pediatria eta lehen arretako zerbitzurik gabe ez geratzeko.
Era berean, egunerokoan lehen arretan martxan dauden baina egiturazko lantaldean txertatu gabe (kode gabe) dauden lanpostuak azaleratu eta egiturazko lantaldean txertatzeko eskaria jaso dute mozioan, baita behin behinean dauden langileen lanpostuak egonkortzeko ere, “lanpostu horiek EPEra aterata edota lanpostuaren jabea bueltatu bitartean”.
Herritarren eskaria, Lekeition. Bestalde, Eako, Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako bizilagunek udan ere osasun arreta zerbitzua euren herrietako kontsultategietan jasotzen segitu nahi dutela aldarrikatu zuten Lekeitioko osasun zentroaren aurrean, zapatu eguerdian [ekainak 26].
Adin tarte desberdinetako jende ugari bildu zen zapatuan oinarrizkoa den lehen arreta herriotan mantentzea aldarrikatzeko elkarretaratzean. “Uda sasoian herri txikiotako kontsultategiak itxi egingo dira, zerbitzua Lekeitioko osasun etxean zentralizatuko delarik. Osakidetzaren lehentasunak datu kuantitatiboak erabiliz ezartzean, herri txikietako biztanleak ez gara lehentasun horietan sartzen, eta ondorioz, bigarren mailako biztanle sentiarazten gaituzte”, adierazi zuten.