"Komunikazioa eta azpiegiturak eguneratu behar dira federazioan"
Martxotik Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren presidentea da Igor Duñabeitia foruarra. Aizkoran eta sokatiran ibilitakoa da, eta federazioa gaurkotzearen garrantzia aitatu du.
Herri kirol mundua barrutik ezagutzen duzu. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren presidente izateko aukera zelan sortu zitzaizun?
Deitu zidatenean ezustean harrapatu ninduten. Federazio kontuetan ez nekien ia ezer; berria naiz. Kirola egitea da gauza bat, eta gero beste kontu bat da horrek daroan ardura, antolaketa eta koordinazioa. Kirolaria izan naizenez, kirolarien lekuan ere jartzen naiz sarri askotan; beste ikuspuntu bat izan daiteke kirolaria izanda edo ez izanda.
Zelakoa da antolaketa?
Zuzendaritzan bost lankide ditut, eta denon artean banatzen ditugu ardurak. Lurralde bakoitzak bere federazioa dauka, eta Euskal Herriko federazioan batzorde bat daukagu. 11 kide gara, lurralde guztietako ordezkariak daude. Asanbladan, berriz, 30 kide daude. Hor federazioen ordezkariez gain, kirolariak ere badaude.
Zeintzuk dira Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren zereginak?
Hamazortzi kirol dira, eta 1.200 kirolari daude federatuta. Euskadiko txapelketak antolatzen ditugu, eta selekzioagaz Munduko Txapelketak lehiatzen joaten gara. Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa irailean Getxon ospatuko da, eta prestatzen ari gara. Arazoak izan ditugu antolakuntza aldetik COVIDagatik. Protokolo zehatzak hartu behar dira. Nazio bakoitzeko taldeek burbuiletan egon behar dute, lehenago, adibidez, autobus berean joan zitezkeen bat baino gehiago. Orain bakoitzari autobus bat, egoteko gune bat… jarri behar zaizkio. Euskal Herriarentzat garrantzitsua da halako txapelketa bat hemen izatea.
Pandemiak zelan eragin die herri kirolei?
Asko eragin die, tristea da egoera. Hartu beharreko neurrietan eragin du; lehen errazago antolatzen eta egiten ziren. Honek guztiak traba asko jartzen ditu. Bizimodu normalean egiteko trabak jarri dizkigu, eta kirola egiteko are gehiago. Txapelketak ezin egin izatea ere ekarri zuen, eta administratiboki ere lan asko sortu du. Gauza bat da txapelketak eta beste bat da kirolari batek daukan eguneroko jarduna. Esate baterako, nekatu arte sinatu ditut mugitzeko baimenak, kirolariak euren entrenamendu tokietara joan ahal izateko. Eta horrez gainera, kirolari batek jendearen aupada behar du, laguntza. Txapelketak egin dira, baina ikuslerik gabe. Publiko barik oso tristea da. Traba asko eta egoera traketsak eta tristeak eragin ditu.
Txapelketak aipatu dituzu, baina plazak ere galdu dira.
Noski, dena galdu da. Herrietan jairik ez da egin, txapelketak egin ditugu. Irail-urrian hasi zen Euskadiko federazioa txapelketa batzuk egiten, arinago ez ziren egin. Gaur egun, esate baterako, martxan daukagu Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, beharrezkoa den protokoloa betez. Adibidez, sokatiran, tiraldi bat amaituta, beste aldera pasatzeko bi taldeko kideen artean eskua ematen da, kiroltasun irudi modura, eta hori ere ez da egiten orain. Gauza asko dira, eta bere nortasuna kendu egiten diete kasu askotan. Kirol hau –herri kirolak– gure nortasuna, identitatea da, euskara den modura. Gure kirola eta gure hizkuntza gure nortasunaren ikur dira.
“Hamazortzi kirol daude, eta 1.200 kirolari daude federatuta”
Ze helburu eta erronka dituzue federazioan? Zeintzuk dira lehentasunak?
Gaurkotu behar da. Federazioa ez dago modernizatuta, komunikazio azpiegitura aldetik eguneratu barik aurkitu dut. Eta beste aldetik pentsatzen dut garrantzia eman behar zaiola. Komunikazioa landu behar dugu. Ahaztuta dagoela iruditzen zait, utzita, eta agian, konturatu gabe. Ez da horrenbeste ekintza egiten herrietan, eta udalei kontuan hartzeko deia luzatzen diet. Jaietan beste ekintza batzuk egoten dira, eta ondo daude, baina herri kirola apur bat ahaztuta dagoela ikusten dut. Udal batzuek arreta jartzen dute eta ekintzak egiten dituzte, baina beste batzuek ahaztuta daukate. Sarritan gertatzen da kanpokoari garrantzi handiagoa ematen zaiola bertokoari baino. Ondo daude beste kirolak, baina pentsatzen dut herri kirol saioren bat egon beharko litzatekeela herri guztietan. Beste gauza berritzaileak agertzen dira, eta halakoak gara batzuetan, gauza modernoek arreta gehiago deitu eta horietara joaten gara. Eta nondik gatozen jakitea ere garrantzitsua da.
Garai berrietara zelan egokitu?
Esate baterako, komunikazio bideak apur bat gehiago zabalduta eta horretan sakonduta. Sarri askotan komunikabide guztietan ez da agertzen egiten duguna. Hutsune hori ikusi dut. Pertsona edo enpresa bat ipini nahi dut hori bultzatzeko, zer egiten dugun ezagutarazteko, zabalkundea emateko. Komunikabideei informazioa bidali behar diegu. Guk landu behar dugu eta zuei eman. Ezkaratzeko lana eginda, platera prestatuta eduki eta gero, komunikabideok erabakiko duzue jarri edo ez. Publizitatea ere landu behar dugu; gure publizitatea egon behar da bertoko egunkarietan. Jendeak ez daki herri kirol batzuk, modalitate batzuk daudenik ere.
Belaunaldien arteko erreleboa mantentzea ere beharrezkoa da. Gazteak herri kiroletara hurbiltzea lortu da? Zer egin daiteke gazte gehiago animatzeko, erakartzeko?
Hasi gara horretan lan egiten. Esate baterako, Bizkaian proiektu pilotu bat dago. Bizkaiko federazioa eskolekin lanean ari da. Izan ere, ikusten dugu gazteen artean herri kirolari buruzko aurreiritzi batzuk daudela. Herri kirolak «euskaldun astoen» kirola diren susmo edo pentsaera bat dago. Gure kirola da, eta kirol hau egiten baduzu ez duzu zertan izan asto antzekoa. Niri betidanik gustatu izan zaizkit. Zer ikusi hura ikasi esaten da, eta ez baduzu ikusten… Esate baterako, proportzioz, Gipuzkoan eta Nafarroan hemen baino askoz kirolari gehiago daude herri kiroletan. Gizarteak eragin handia dauka. Hiri handietatik ez dira irteten herri kiroletako kirolariak, baizik eta landa eta baserri guneetatik.
Emakumeen presentzia benetan hasi da ala oraindik asko dago egiteko?
Nire konfiantzazko bost pertsonen artean dago Nerea Sorondo nafar aizkolaria. Euskal Herriko txapelduna da, eta berak daroa emakumezkoen herri kirolaren ardura. Berriak agertzen dira, eta mantentzen dira, eta ona eta pozgarria da. Kopurua gehituz doa.
Herri kirolek behar duten errekonozimendua daukate?
Herri kirolak egiten direnean jendea biltzen da. Baina antolatu egin behar dira. Txapelketak eta erakustaldiak ikustera jendea joaten da. Udaletatik bultzatu behar dira, herri kirolak kontuan izan behar dituzte gure herriko jaietan.
Iaz oihartzun handia eduki zuten aizkolarien eta federazioaren arteko desadostasunek.
Aizkolariek euren txapelketa jokatu zuten. Zelan dago auzia?
Eurekin bildu naiz, eta giro ona eduki dut, plazetan eta entrenamenduetan elkarrekin aritutakoak gara. Baina federazioan araudi bat daukagu, eta eurek enpresa pribatu bategaz txapelketa hori egiten jarraituko dute. Ea zelan bideratzen dudan ostera ere federazioko txapelketetara etortzeko, Euskadiko txapelketa federazioak antolatzen du eta. Pena da, eta ea apur bat bideratzen dugun.