Itsasoa eta arrantza uztartu ditu Bermeok udako aisialdi eskaintzan
'Bizi Bermeo' lelopean, herriko historia ezagutzeko aukera eskainiko du Bermeok udarako prestatu duen programarekin
Bizi Bermeo udako programa aurkeztu du Bermeoko Udalak. Udalerriko eskaintza udatiarra oparoa izan ohi den arren, aurtengoarekin aspertzeko paradarik ez dute izango herritarrek. Aurten, gainera, arrantza eta itsasoan oinarritu du udako programa. Hala, uztail eta abuztuko zapatuetan, bizi izan genituen mareetatik gatoz izenburupean, historiako gertakariek herriko izaera zelan baldintzatu duten ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte.
Horrez gain, bestelako jarduerak ere eskainiko ditu Bermeok 2021eko udan. Escape Village-Yinkana da horietako bat. Familiei zuzendutakoa da, eta berau egiteko aukera egongo da egunero. Aire zabalean egiteko ekintza horretan, parte-hartzaileek Arrantzaleen museoa bisitatzeko edo pintxo bat jateko aukera izango dute.
Uztailean eguaztenetan, eta abuztuan eguazten eta barikuetan, berriz, hegaluzeari eta hegalaburrari buruzko tailerrek eta dastaketek osotuko dute udalaren eskaintza, Arrantzaleen museoan. Atunaren arrantzari buruz jakiteko aukera izango dute bertaratzen direnek; hain zuzen, Bermeo Tuna World Capitalen aurkezpena egingo zaie, eta pintxoen dastaketa eta tailerragaz gozatu ahalko dute.
Arrantzaleen museoan, baita, Akurio eta Elkano. 1519-1522 erakusketa ikusteko bisita gidatuak eskainiko dituzte
Lehorrean, eta itsasoan. Udako eskaintzaren barruan, itsas bataioa era izango dute herritar eta bisitariek eskura. Hala, lehenengo, Arrantzaleen museora bisita egingo dute eta, ostean, itsasora irtenaldia egingo dute, Hegaluze ontzian.
Itsasotik inguruko paisaiagaz gozatu gura dutenentzat, Gaztelugatxe, Matxitxako eta Izaro hurbiletik ikusi ahalko dute, Hegaluze ontziarekin hori ere. Gero, porturatzean, gura duenak Bermeon bertan prestatutako hegalabur eta hegaluze pintxoak izango ditu eskura.
Udarako prestatutako Bizi Bermeo programaren berri, hemen: www.bizibermeo.eus/turismo-activo