Euskal Jai Alaiko gazteek Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko dute
Domekan [ekainak 27] jokatuko dute finala Zumaiako Aitzuri frontoian. Markina-Xemeingo Zelaia eta Atain II.a izango dituzte aurkari.
Euskal Herriko Kluben Arteko Zesta-punta Txapelketaren finalak jokatuko dira asteburuan Markina-Xemeingo Uni frontoian eta Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Beste behin, Busturialdeko puntistak finaletan egongo dira. Gazte mailako finala jokatuko dute, hain zuzen ere Jabier eta Oier Gernika-Lumoko Euskal Jai Alai taldeko puntistek.
Domekan [ekainak 27], Zumaian izango dute hitzordua Euskal Jai Alaiko puntistek. 16:30ean hasita jokatuko dira kadete, gazte eta nagusien mailako finalak, aurtengo maila bakoitzeko garailea nor den erabakitzeko.
Kadeteen mailan Arrasate eta Aldazabal (Berriatua) eta Zubizarreta eta Ansola (Mutrikuko Danok Bat) bikoteen artean erabakiko da aurtengo irabazlea; Gazteen mailan, Euskal Jai Alaiko Jabier eta Oier Markina-Xemeingo Zelaia eta Atain II.aren kontra neurtuko dira, eta nagusien arteko norgehiagoka Eduardo eta Ibar (Zumaia) eta Rodriguez eta Asiain (Cabanillas) bikoteen artekoa izango da.
22 azpikoen mailako eta Ohorezko mailako finalak, bestalde, Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatuko dira barikuan [ekainak 25] 19:00etan hasita. 22 azpikoetan Markina-Xemeingo Zesta-punta Taldeko Alex eta Danel eta Mutrikuko Danok Bat taldeko Eñaut eta Iparragirre neurtuko dira. Ohorezko mailan, ostera, Zumaiako Kosme eta Uranga eta Gasteizko Aaron eta Del Rio aurkituko dira aurrez aurre.