Bertsoekin girotu dute San Juan Eguna Ean
Eako jai nagusiak dira sanjuanak. Eguerdiko meza amaituta, agurra dantzatu dute Donibane Enparantzan, eta ondoren, Lilibertsoko bertsolarien emanaldian batu dira herritarrak.
Pandemia egoerara egokituta, San Juan Jaiak ospatzen ospatzen ari dira eatarrak. San Juan Eguna dute gaur, eta etxebizitzen atarietan ez dira falta san juan loragaz egindako lore sortak edo andreiñak. Gero eta gehiago dira atariak apainduz, aspaldiko tradizioa berreskuratzen ari diren herritarrak.
San Juan parrokian emandako meza amaituta, Donibane Enparantzan elkartu dira. Agurra dantzatu ostean, berriz, bertsolarien txanda izan da. Lilibertsoko Koldo Gezuragak eta Ibai Amillategik barre-algarak eragin dituzte bertaratutakoen artean. Erreka Eguna, udatiarrak, pandemiaren eragina, maskarak… kontu asko kontatu dituzte bertsotan.
San Juan eguna borobiltzeko, gaur arratsaldean EinGO taldeko musikariak izango dituzte bidalagun. 18:30etatik aurrera entzungo dira horien doinu alaiak.
Bihar, berriz, Tor magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera edukiko dute frontoian, 18:00etan hasita. Egungo egoerak baldintzatuta, gehinezko aforoa edukiko dute ekitaldian.
Su barik. Etengabeko euriaren ondorioz, atzo gaueko San Juan suaren hondartzako ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten, baina, arratsaldean Josu Bergarak kontzertua eskaini zuen bere herritarren aurrean. Hori bai, eguraldiagatik emanaldia lekualdatzea erabaki zuten, eta Eskolondoko aterpean batu ziren haren kantu artean.