Plazandreak txapelketaren lehen kanporaketan bi puntu lortu ditu Arrizabalagaren taldeak
Olatz Arrizabalaga: "Hasiera ona izan da. Denok maila polita eman genuen, eta hiru partiduak nahikoa onak irten ziren".
Plazandreak txapelketa hasi zuten atzo gauean, eta lehenengo jardunaldian jokoan zeuden hiru puntuetatik bi eskuratu zituen Olatz Arrizabalaga gernikarrak, Nora Mendizabalek eta Madalen Etxegaraik osatzen duten Mikel Inuntziagaren taldeak.
Jaialdi “polita” irten zela deritzo aurrelari gernikarrak: “Hasiera ona izan da. Pilotari batzuentzat txapelketa hau jokatzen duten lehen aldia da, eta lehen jardunaldian jokatzea gaitza izaten da. Denok maila polita eman genuen, eta hiru partiduak nahikoa onak irten ziren; pozik egoteko moduan gaude”.
Reyes Azkoitiaren taldeko Miren Larrarteren, Miriam Arraizaren eta Andrea Capellanen kontra lehiatu zuten atzoko kanporaketa. Gaueko lehenengo partiduan, Arrizabalaga eta Larrarte aritu ziren lau t’erdian. Konfiantzaz jokatuta, ideiak argi edukita nagusitasunez jokatu zuen Arrizabalagak. 12-3 nagusitu zen buruz burukoan. Larrarteri ez zion utzi bere jokoa egiten.
Arrizabalaga: “Larrarteri ia ez nion utzi jokatzen, eta hori zen helburua”
Pasadan urtean partidu denak irabazi zituen Arrizabalagak, eta presio hori sentitu zuen: “Hasieran pentsatzen nuen ez nintzela hain urduri egongo, baina partiduan sartzean urduritasun apur bat igarri nuen, presio puntu hori. Ideiekin nahikoa argi irten nintzen kantxara, konfiantza osoagaz. Lehenengo tantoetan saketik min asko egiten nuela ikusi nuenez, eta baita abiaduragaz ere, konfiantzagaz aritzen lagundu zidan. Uste dut partidua hobeto jokatzerik ez zela egon. Larrarteri ia ez nion utzi jokatzen, eta hori zen helburua”.
Ondoren, binakakoaren txanda izan zen. Arrizabalagak eta Mendizabalek 9-12 galdu zuten Capellanen eta Larrarteren kontra. “Guri elkar ondo ulertzea kostatu zitzaigun, eta ez ginen oso fin ibili. Eurek ideiak oso argi eduki zituzten. Guk huts egiteko lan egin zuten, eta lortu zuten. Erditik aurrerako tanto gehienek guk huts egin genituen. Oso ondo jokatu zuten, buru askogaz eta guri falta izan zitzaigun lasaitasun hori eduki zuten”.
Binakakoan “ikasteko asko” daukala dio: “Binakakoan apur bat kostatzen zait aurreko lan hori egitea, defentsan batez ere”. Buruz-burukoan gustorago aritzen da, bere “joko estiloagaz bateragarriagoa” da lau t’erdian jokatzea: “Horregatik askoz gehiago gozatzen dut lau t’erdian, eta uste dut kantxan ere ikusten dela. Binakakoan defentsa lan asko egin behar da, eta hori da falta zaidan puntu hori. Hasi baino ez gara egin, eta uste dut datozen jardunaldietan hobeto ibiliko garela”.
Gaueko azken partiduan, Mendizabal eta Arraiza pilotari gazteak aritu ziren zein baino zein gehiago, eta 12-11 irabazi zuen Arrizabalagaren taldekideak. Sufritutako garaipena izan zen. Mendizabal aurten estreinatu da txapelketan, eta halako txapelketa bat telebistan jokatzera ez dago ohituta. Hura lasaitzen aritu ziren bere taldekideak: “Oso urduri zegoen, eta lasaitzen saiatu ginen, berak gozatzeko. Oso ondo jokatu zuen. Bien urduritasuna igarri zen kantxan, baina partidu oso polita izan zen. Puntu oso garrantzitsua izan da, batez ere Madalenentzat, berak ikus dezan hor jokatzeko prest dagoela, eta baita guretzat ere txapelketa honetan puntu bakoitza oso garrantzitsua delako”.
Hurrengo kanporaketa. Abuztuaren 2ra bitartean, astelehenero ETB 1en zuzenean eskainiko dituzte partiduak. Taldekako txapelketa hau ligaxka eran lehiatzen ari dira. Jardunaldi bakoitzean bi talde ariko dira, eta hiru partidu jokatuko dituzte.
Arrizabalagak, Mendizabalek eta Etxegaraik ekainaren 28an jokatuko dute hurrengo kanporaketa, Aldai, Garai eta Oses pilotariek osatzen duten Erlantz Garciaren taldearen kontra.