Zerbitzu sektorean euskararen erabilera bultzatzearen erronka
Zerbitzu sektorean euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina martxan da Uemaren udalerrietan.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Bertatik Bertara kanpaina martxan ipini du bigarren urtez jarraian, zerbitzuen sektorean “euskara areagotzeko asmoz”.
Irailaren erdialdera arte iraungo duen ekimenagaz dozena bat udalek eta hainbat garapen agentzik bat egin dute. Busturialdean, UEMAko kide diren udal guztiek erabaki dute kanpainarekin bat egitea: Ajangizek, Busturiak, Bermeok, Eak, Muxikak. Tabernetan eta jatetxeetan informazio orriak eta mahai-gainekoak banatuko dituztela jakinarazi dute.
Bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat material eta baliabide sortu dituzte: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia… Esate baterako, iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean.
Bertoko hizkuntza ere “kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia” dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei: “Askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”. Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea “giltzarria” dela iritzita, online saioak prestatu dituzte udaren atarian.