Inma Ruizek bi urrezko domina irabazi ditu Espainiako Txapelketan
Bere kategorian 400m-tan eta 800m-tan txapeldun geratu da eta errekorrak gainditu ditu. 1.500 m-ko lasterketan zilarrezko domina lortu du.
Kategoria berria estreinatzeak “zorte ona” eman dio Inma Ruiz Teran gernikarrari. Abenduan bete zituen 60 urte, eta Master 60 beteranoen kategorian (60-64 urte bitartekoena) aurten lehiatutako probetan emaitza onak lortu ditu. Atletismoan bere ibilbideko lehenengo urrezko dominak irabazi ditu.
Pistako Espainiako Master Txapelketan bere kategoriako txapeldun geratu da 400 metroko eta 800 metroko lasterketetan. Horietan, gainera, errekorra egin du. Bi urrezko domina horiez gain, 1.500 metroko proban zilarrezko domina irabazi du. “2019an bi zilarrezko domina eta brontzezko domina bat lortu nituen hiru kategoria horietan. Atletismoan urrezko dominarik lortu gabe egon naiz orain arte, eta gainera, bi lortu ditut, oso pozik nago. 800 metrokoan nik neukan errekorra, eta gainditu egin dut. Txapelketa honetarako gogor prestatzen egon naiz”.
Zapatu goizeko 400 metroko lasterketan, 1.13,49 marka egin zuen. Durango Kirol Taldeko Aurora Perez Gutierrezek 1.15,06ko denboran amaitu zuen, eta Luisa Rodriguez Parra hirugarrenak 1.22,64. Arratsaldeko 1.500 metrokoan, berriz, Maria Esther Pedrosa Carrete nagusitu zen: 5.24,50. Ruizek 5.29,23ko denboragaz irabazi zuen zilarrezko domina, eta Maria Cristina Gonzalez Leiva hirugarrenak sei minutu pasatxotan amaitu zuen (6.08,98).
800 metroko lasterketa atzo goizean egin zuten. 2.39,20ko marka egin zuen atleta gernikarrak. Pedrosa geratu zen bigarren (2.39,26) eta Aurora Perez Gutierrezek osatu zuen podiuma (2.49,46).
Asteburuko emaitza bikainen ostean, pistako Kluben arteko Espainiako Master Txapelketa prestatzeko entrenatuko da. Uztailaren lehenengo asteburuan Alacanteko La Nucia udalerrian lehiatuko dute eta atleta gernikarra 3.000 metroko lasterketan eta errelebokako 4X400m-koan ariko da. “Espainiako zortzi klub onenek parte hartuko dute. Sopelako Munarri klubean banago ere, Durango Kirol Taldeagaz joango naiz. Taldekide bakoitzak proba bana egingo dugu, eta denboraz gain, adinak ere asko balio du puntuak lortzeko. 3.000koan nigaz batera gazteagoak ere ariko dira, baina, adibidez, 35 urteko batek ni baino denbora hobea egin arren, nik puntu gehigo lortu nitzake”. 3000 metroko lasterketan 11 minutu eta 35-40 segundo artean egitea espero du: “Hori eginez gero, puntu asko lortuko nituzke”.