Neurriak malgutu dituzte: txokoak zabalik eta gaueko aisialdiak ordu bi gehiago
LABIren aholku batzordea bildu ostean Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, kutsatzeen intzidentzian eta ospitaleko presioan beheranzko joerarekin jarraituz gero, "beste urrats bat aplikatuko da neurrien modulazioan". Pandemiari aurre egiteko legea ekainaren 24an onartu nahi du Legebiltzarrak, eta maskararen erabileri buruzko araudian eragin dezake.
Egoera epidemiologikoak hobera egin du, eta datuak eskuan, neurriak malgutzeko erabakia hartu du LABIren aholku batzordeak. Batzorde Teknikoak atzo emandako irizpena aztertu ondoren, gaueko aisialdiari ezarritako murrizketak malgutzea erabaki du, besteak beste. Horrela, aurrerantzean taberna eta jatetxeek ordu bi gehiago izango dituzte beraien zerbitzuak eskaintzeko. Gauerdian ixteeko agindua izan dute orain arte, eta ordutegi hori 02:00ak arte lauzatzeko aukera izango dute.Mahai bakoitzeko sei lagun elkartu ahal izango dira, bai kanpoan eta baita barruan ere. Barneko edukiera % 50ean mantenduko da.
Txokoak eta elkarte gastronomikoak ere irekitzeko baimena dute, ostarlaritzaren irizpide berdinekin. Edukieraren muga % 50ekoa izango da horietan, eta ordutegia honakoa: 09:00etatik 02:00ak arte.
Era berean, hurrengo zapatutik aurrera –ekainak 26– kanpoaldean maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango Espainiar estatuan . Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eman du horren berri gaur goizean. Neurri hori datorren ostegunean –ekainaren 24an–onartuko du Espainiako Ministro Kontseiluak ezohiko bilera batean, eta estatu osoan bete beharrekoa bada ere, egun berean onartu gura du Legebiltzarrak Pandemiari aurre egiteko Legea. Horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan maskara uneoro erabiltzea derrigorrezkoa izatea agindu dezake Jaurlaritzak.
Gizarte jarduera berreskuratzea helburu. Dekretua berritzea erabaki du LABIren aholku batzordeak, neurriak malgutzeko, eta egoerak hobera egiten duen heinean, neurri murriztaileak pixkanaka modulatu beharko dituztela adierazi du Urkulluk, gizarte jarduera berreskuratzea errazteko. Dena den, esan du neurriak zenbat eta malguagoak izan, orduan eta beharrezkoagoa dela oinarrizko prebentzio neurriak betetzea: “Azken txanpan gaude. Borroka gogor hau irabazi behar dugu, atzerapausorik gabe. Konfiantza osoa dut euskal gizartearen konpromisoan”.
Inzidentzia-tasa 150etik beherakoa da, eta ZIUak 2. agertokian daude. Lehendakariaren arabera, “prebentzio neurriak eta txertaketa emaitza positiboak ematen ari dira. Joera hori sendotzen jarraitzeko unea da, transmisioa jaitsiz eta txertaketan aurrera eginez”.
Irizpide berien jarraipena eta ebaluazioa egingo dute oneoro, eta 15-20 eguneko epean berrikusiko da, aldez aurretik edozein berregokitze egitea beharrezkoa ez bada. Lehendakariak adierazi duenez, joera positiboa mantentzen bada Bizi Berri III planak proposatzen dituen neurri berriak hartuko dira, edota osasun larrialdia bertan behera uztea aztertuko da.
NEURRI BERRIAK:
- Jarduerak ixteko ordutegia gaueko ordu biak arte luzatuko da. Oro har, edukieraren muga % 60-koa izango da.
- Edozein gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako, gehienez 600 pertsona egongo dira barruan eta 800 kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, maximoa 800 pertsonara zabaltzen da barnealdean eta 1.200 pertsonara kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera % 30ekoa izango da.
- Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei lagun elkartzea ahalbidetzen da, bai kanpoan eta baita barruan ere. Barneko edukiera % 50-ean mantenduko da.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, ostarlaritzaren irizpide berdinekin. Edukieraren muga % 50-ekoa izango da, eta goizeko bederatzietatik gaueko ordu biak arte irekiko dira.
- Aire librean egiten diren kultura, turismo edo natura bisitetan taldeek 20 pertsona elkartu ahal izango dute. Barnealdean 10 pertsona elkartu ahal izango dira.
- Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsonako taldetan egituratu ahal izango da. Aldageletako edukiera % 50-era arte handituko da. Eskola-kirolaren lehiaketak udako txapelketetarako baimenduko dira.