Leo Belaustegi: "Urte gutxi barru artisau arrantza desagertuko da Euskal Herrian"
Itsasoa zaindu, artisau arrantza eta arrantza industriala bereiztu eta itsas eremu batzuk babesteko helburuagaz sortu zen duela urte batzuk Ondarroa 12 Milia elkartea, eta orain, urrats bat gehiago eman nahi dute bide horretan, Bizilurrekin elkarlanean abiarazi duten Itsasoiko proiektuarekin.
Gure kostaldeko portuetan artisau arrantza desagertzeko arriskuan dagoela diozue. Horren larria da egoera?
Ni arrantzan ibili izan naiz bizitza guztian, txikitatik, eta gu Mutrikun artisau arrantzako itsasontzi gehien egon izan garenean, 70eko hamarkadatik 80 erdira arte, 14 itsasontzi ginen, eta 80 arrantzale egongo ginen. Gaur egun, bi itsasontzi daude, eta lau arrantzale.
Zergatik gertatu da hori? Zer da gertatzen ari dena?
Arrazoi asko daude. Gero eta arrain gutxiago, arrantza industriala handitzen ari da, kirol arrantzaren eragina, kutsadura… egoera horrek denak egiten ari dira gero eta arrantzale gutxiago egotea. Gainera, dedikazio handia eta irabazi gutxi dago. Azkenean, irabazi asko balego, nor edo nor beti saiatuko litzateke itsasora joaten, baina nola ez dagoen irabazirik, batez ere, belaunaldi berriek ez dute itsasora joan nahi. Erakunde aldetik ere ikusten ari gara atunontzi handiei garrantzi handia ematen ari direla, eta bertako arrantzari kasu gutxi egiten ari da Jaurlaritza. Askoz gehiago egin beharko luke. Sektore hau mantendu nahi baldin badu derrigorrezkoa da era guztietako laguntzak ematea, ekonomikoak zein bestelakoak: legea bete eragin, berriztu eta gaurkotu, esate baterako. Euskal Herrian arrantza sektoreak hainbeste arlo ekonomikoren aberastasuna eta kulturalki ere ikaragarrizko aberastasuna sortu du. Nik oso hurbil ikusten dut amildegia; urte gutxi-gutxi barru artisau arrantza desagertuko da Euskal Herrian.
Horretarako sortu duzue Itsasoiko egitasmoa?
Hiru ardatzetatik ari gara Itsasoiko proiektua gauzatzen. Alde batetik, sentsibilizazioa dugu helburu. Kontsumitzaileak arraina jan nahi baldin badu, jakin behar du ze arrain doan jatera. Zorionez, azken hamarkada honetan jendea ari da baserriko produktuekin kontzientziatzen. Badaki letxuga, tomateak, porruak nondik datozen eta zer kontsumitu ahal duen, badakielako iturria non dagoen, eta hortara bideratzen da. Hori arrantzan ez da gertatzen. Arrantzan ozeano guztietaik dator arraina gaur egun, eta arrandegietan eskaintzen dizutena ez dakizu haztegiko arraina den ere.
Haztegiko arraina azkenaldian asko gehitu omen da.
Adibidez, azken urteetan Europan kontsumitzen den arrainaren %55 haztegikoa da, eta gorantz doa. Gero eta jende gehiagok arrain hori kontsumitzen du, eta ez daki ze arrain mota den ere. Bere dietan arraina sartzen da, eta arrandegira joaten denean hor dago arrain hori, prezio onean, gainera, eta hori kontsumitzen du. Sentsibilizaio hori lortu nahi dugu kontsumitzailea konturatzeko erosten duen arraina nongoa den.
Sentsibilizazio hori lortzeko zer egiten ari zarete?
Hitzaldiak eta jardunaldiak ematen arai gara, eta ikastetxeetara ere joan gara azaltzera itsasotik ateratzen den arraina, batez ere gure kostaldekoa, egunekoa, artesanala oso arrain preziatua dela, ederra dela, propietate askoko arraina dela eta hori kontsumitu behar dugula azaltzeko. Jendeari agertu nahi diogu artisau arrantzako arraina zein den: faneka bat zein den, momatxa zein den, kabra bat zein den… arrain horiei guztiei bere garrantzia emanez. Horretarako zigilu bat sortu dugu, eta horrekin identifikatuko dugu bertoko arraina, egunekoa, eta gure artisau itsasontziek harrapatutako arraina.
Horretarako, saltzaileen laguntza beharko duzue.
Neurri batean, saltzaileak ere sentsibilizatu behar dira, bertoko arraina bentan erosi eta eurek arrain hori eskaintzeko, eta arrain hori salmahaian jartzen duenean zigilu horrekin arraina identifikatzeko. Ikusten dugu bereiztuta ipini behar dituztela arrainak: eguneko arraina leku batean, haztegiko arraina beste leku batean eta arrantza industriala beste leku batean, ez orain bezala dena nahastean. Teoriz, Europatik dator legedi bat, eta horren arabera arrain bakoitza etiketa batekin izendatuta egon behar da, eta etiketa horretan arrain hori non eta nola harrapatuta dagoen esan behar du, baina etiketa hain txikia denez, erosleak ez du ikusten. Hori da sentsibilizazioaren inguruan eman nahi dugun hurrengo pausoa, saltzaileei azaltzea erostera doanari erraztasunak eman behar dizkiola lehenengo bertoko arraina kontsumitzeko. Horrekin batera, portuetan kanpaina bat egiteko asmoa daukagu.
Mutrikun hasita zaudete egitasmoa lantzen.
Mutrikuko Udalaren laguntzarekin hasi gara hau dena gauzatzen, eta beste herri guztietako portuetara ere joango gara. Kontaktua egin dugu, eta prest gaude. Hondarrabitik hasi eta iparralde osora joan nahi dugu. Donibanen eta Baionan ere nahi dugu gure proiektu hau gauzatu, oraindik denbora eramango digu, baina bai Gipuzkoa eta baita Bizkaiko portuetan eta arrandegietan hau dena martxan ipintzea da gure helburua. Hori da gure bigarren ardatza, eta hirugarrena erakundeen laguntza lortzea izango litzateke. Erakundeen beharra daukagu, laguntza guztiak behar dira-eta proiektu hau dena gauzatzeko. Adibidez, ozeano guztietatik ekarritako atunari ematen badiogu indarra eta garrantzia, gure arrainari eta gure proiektuei irtenbideak emateko aukerak topatu beharko ditugu.
Eta kirol arrantzak ze eragin dauka artisau arrantzan?
Mugimendu bat atera dute esaten itsasoan dagoen arraina denona denez eurek ere parte eduki behar dutela arrain horren harrapaketan. Guk uste dugu arrazoia eduki ahal dutela, baina arrain horren harrapaketen lehentasuna arrantzaleak eduki behar duela ikusten dugu, bertatik bizi direlako. Gainera, badakigu Europatik murrizketa gehi-
ago datozela, arrain gutxiago harrapatu ahalko ditugu, eta ezin daitekena onartu da arrantzaleak izugarrizko murrizketak egiten ari badira bere eguneroko bizimodurako, lehortarrek edo turistek berdin jarraitzea. Horiek, orain arte, Espainiak 1999an ateratako legedi bat jarraitu dute. Gertatzen da 22 urtean turismoak igoera nabarmena eduki duela. Adibidez, Euskal Herrian turisten 7.750 itsasontzi daude eta ia beste 55.000 lizentzia. Guk Ondarroa 12 Miliakook ikusten dugu horrek kalte egiten diola eguneko arrantzari, artisau arrantza eta arrantza profesionalari. Azken legedi berriak egoera hori arautu nahi du, gaurkotu.