Izen propioa duten lanak
Bere lanak ezagunak dira, baina bere lanen egiletza ezezaguna da askorentzat. Musika talde askoren disko azalak egin, eta kontzertuak iragarri ditu Markel Urrutiak. Egindakoa erakusgai ipini du Astran.
Rock eszenak geldiunea bizi duen honetan, musika munduaren aberastasuna gogoratzen dute Markel Urrutia gernikarrak Astran ikusgai ipini dituen lanak. Ehun pieza inguru biltzen dituen erakusketak kultur fabrikaren espazio zabal bat hartzen du.
Lehenengo solairura doazen eskaileretan hasi eta erakusketa guneraino, kartelak, diskoen azalak zein bozetoak biltzen ditu erakusketak. Urrutiak berak 2013. urtean sortutako Smoke Signals Studio zigilupean egindako lanak dira, eta Gernika-Lumoko, Euskal Herriko zein nazioarteko taldeentzat egin dituen lanak ekarri ditu jaioterrira: Extremoduro, Gatibu, Izaki Gardenak edo Capsula taldeentzat egindakoak, besteak beste. Musika talde ezagunak ditu bezero, eta, haien diskoentzako azalak egiteaz gain, kontzertuak zein kontzertu birak iragartzeko kartelak ere egin ditu, baita Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival edota Viña Rock jaialdirako zenbait lan ere. Horietako asko daude Astran, ekaina eta uztail osoan luzatuko den erakusketan.
Helburuetako bat da bere lana erakustea. «Duela 5-6 urte ez nuke imaginatuko horretaz bizi nintekeenik. Banekien honekin bizimodua ateratzen duen jendea badagoela, baina AEBetan edo Bartzelonan», dio. Bere lana, orain arte, askorentzat ezezaguna izan dela kontziente da: «Jendeak askotan Internet bidez daki kontzertuei buruz, baina kontzertu horiek iragartzeko kartelak nik egin ditut. Nire lanarengan kontzertuetara doazenak baino ez dute arreta jartzen».
Originalak ikusgai. Marrazki eta ilustrazioek pisu berezia dute Urrutiaren diseinuetan, surrealismo eta elementu psikodelikoekin nahastuta. Bere lanetan, gainera, naturako edo elementu milotogikoekin jolastea du gustuko.
Azken emaitzaren atzean dagoen lana ere erakutsi nahi izan du, eta berak eskuz egindako zenbait marrazki ikus daitezke erakusketa gunean.
Urrutiaren ekoizpena. Oraintsu, musika arloko beste diseinatzaile batzuekin batu eta Sinestesika plataforma sortu dute, musika arloko diseinu ta ilustrazioan aritzen diren langile grafikoen lana bisibilizatzeko.
Bezeroentzat egiten dituen lanez gain, ekoizpen propioa ere badu Markel Urrutiak. Posterrak, kamisetak, sudaderak edota beste era bateko partxeak egiten ditu, berezko diseinuekin: «Nireak propioak diren produktuak musikazaleek, kontzertuetara doan jendeak, eta, hain zuzen, rock kontzertetara doazenek zer erosiko luketen pentsatuta sortzen ditut». https://smokesignalsstudio.bigcartel.com/ helbidean erosi daitezke berak diseinatutako produktuak.