«Diseinu lanetan interesa ez duenak ez du fokoa jartzen egilearengan»
Berak ssortuniko disko azalak zein kontzertuak eta kontzertu birak iragartzeko kartelak erakusgai ipini ditu Astran.
Astran ipini dituzu ikusgai ehun lan inguru. Zein da erakusketaren helburua?
Asmoa da egindako lanen errepasoa erakusgai jartzea, eta musikarekin harreman hain estua ez dutenei ere lanok erakustea. Bestela, ez dituzte nire lanak ezagutuko. Normalean izaten dudan publikotik aparteko jendearengana heldu nahi dut.
Atzealdean dagoen lana erakutsi nahi duzula esan dezakegu.
Bai. Oraingoan ilustrazio originalak ere ipini ditut erakusten, arkatzez eta tintarekin egindakoak. Horiek erakustea interesgarria da jendeak prozesua ulertu dezan. Bestela, azken emaitza bainio ez dute ikusten, ikusten badute.
Astrako publikoa zabala da. Nola eragin nahiko zenuke?
Garrantzitsua da erakustea musikarako ilustrazio eta diseinu lanetan aukera hori ere badagoela, marrazkirako joerarena eta ez bakarrik argazkigintzakoa. Hau da, musikagintzan zaletua ez denarengan ere ideia horiek zabaltzea. Erakusketa aldez aurreko asmorik gabe muntatu nuen, baina nire lana erakutsi nahi dut, hurbileko jende askok lehenengoz ikusi baititu nire lanak.
Ez dute jakin lanak zureak direla.
Ez dute jakin, ilustrazio eta diseinu lanetan interesik ez duenak ez baitu fokoa egilearengan jartzen. Ez dira ohartzen irudiek izan dezaketen garrantziaz.
Ikasketak eta zaletasuna uztartu eta bizimodua atera duzu. Zer suposatzen du horrek?
Musikarekin beti izan dut harreman estua, baina Arte Ederrak ikasten edo Bartzelonan masterra egiten ari nintzenean ez nuen uste musikarako diseinuak eta ilustrazioak egitetik bizimodua atera nezakeenik. Nire asmoa beti izan da ilustraziotik bizitzea, baina erakarri ditudan bezeroak musikaren munduan dabiltzanak izan dira. Horregatik pentsatu nuen nire ahalegina horretara bideratzea. Dagoeneko zortzi urte dira Smoke Signals Studio sortu nuenetik, baina lau urte izango dira lan honekin bizimodua ateratzen dudala.
Zure bezeroen artean musika talde ezagunak daude.
Bai, eta zortea izan dut batzuek errepikatu egin dutelako. Ahoz ahoko komunikazioak asko laguntzen du, modu horretara heldu zaizkit lan asko. Honetan hasi nintzenean Extremoduro taldearen azal bat egiteko enkargua heldu zitzaidan. Gernikan eta Gernikako jendearekin lanean ari ziren garai hartan, eta haien bitartez agindu zidaten lana. Aurrerantzean talde txiki askoren lanak izan ditut, baina bertoko zein kanpoko talde ezagunak ere izan ditut bezero. Izaki Gardenak taldearekin lan egin dut askotan, Bilboko Capsularekin… Bartzelonan bizi nintzenean Frantzia eta Holandako taldeengana heltzeko aukera ere izan nuen.
Aurrera begira, proiektu aipagarririk?
Koronabirusaren eraginez musikarekin lotutako lan gutxiago dut. Agian diskoen produkzioa ez da gutxitu, baina kontzertu gutxiago ematen dira eta taldeen birak ez dira lehengo bestekoak. Dena den, orain muralismoko lanak egiten ditut gehiago, bai lokal pribatuetan, edota eraberritzen ari diren jatetxeen enkarguz. Eta nire azaletan lantzen ditudan grafikak txertatzeko saiakerak egiten ari naiz, formatu handian margozteko. Nire asmoa da musikara bideratutako lanekin jarraitzea, muralismoari ere bere lekua emanez.
Beraz, rock psikodelikoaren estiloa mantendu nahi duzu horretan ere.
Ahal dudan heinean saiatzen naiz nire grafika mantentzen. Izan ere, jendeak Smoke Signals Studioren diseinuetan pentsatzen duenean, gehienbat estetika psikodelikoan pentsatzen duela uste dut. Horregatik erakartzen ditut taldeak, eta feedback ona daukat beraiekin. Ilustrazioak era horretan tratatzea, tipografia eta marrazkia bera era zoro eta psikodelikoan konbinatzea niretzat oso interesgarria da. Baina muralismoan, edozein taberna edo jatetxetan ezin dut horrela lan egin, eta estetika leunagoa landu behar dut. Horretan ari naiz, oreka bilatzen.