Mundubira postaletan
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Txileko haur eta nerabeek 500 postal trukatuko dituzte. Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko, Eleizalde ikastolako eta San Frantzisko herri ikastetxeko ikasleek parte hartu dute proiektuan.
Orain dela 500 urte, Magallaes-Elkano espedizioak lehen aldiz lotu zituen bost kontinenteak, eta lehen aldiz zeharkatu zituen Ozeano Atlantikoa, Ozeano Barea eta Indiako Ozeanoa. 500 urte geroago, itsasoaren bitartez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoa eta Txile (Hego Amerika) elkartzeko asmoz, bi itsasertzetako haur eta nerabeek 500 postal trukatuko dituzte Postalak mundubiran ekimenaren baitan.
Elkano Fundazioko arduradunek azaldu dutenez, sormenezko topaketa horrek agerian jarri gura du lurralde bakoitzaren berezitasuna. Eta, berezitasun horiek Bizkai, Araba eta Gipuzkoa eta Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko beste hainbat zentrotako 8, 12 eta 14 urte arteko haur eta nerabeen ikuspegitik erakutsi gura izan dituzte.
Euskal lurraldeen eta Txileren arteko elkartruke hori “esperientzia pilotua” da, eta lehen mundubiragaz lotura estua duten edo itsas historia eta kultura oso errotuta duten udalerrietako ikastetxeek parte hartu dute. Bermeotik, esaterako, Sagrado Corazon ikastetxeko, Eleizalde ikastolako eta San Frantzisko herri ikastetxeko ikasleek parte hartu dute. Horiez gain, Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolak eta San Migel ikastetxeak, Getariako Iturzaeta eskola publikoak eta Orioko Zarageta eskola publikoak ere parte hartu dute ekimenean.
Interes handia
Aipatu dutenez, ikastetxeek interes handiagaz bat egin dute proiektuagaz. Maiatzean aritu ziren postalak marrazten, eta joan den astean bidali zituzten ozeanoaren beste aldera. Postaletan Ni eta itsasoa, itsasoa eta zu gaia landu beharra eduki dute ikasleek eta, irudiez gain, itsas bizitzagaz eta lurraldeari lotutako istorioekin daukaten harremana partekatu dute.
Ekimen horri esker, duela 500 urte lehen aldiz elkartu ziren bi eskualdeen arteko lotura eguneratu gura dela zehaztu dute antolatzaileek; “horretarako, lurralde bakoitzaren berezitasunak hartuko dira ardatz, kultura aniztasuna azpimarratuta”.
Postalak mundubiran ekimena Elkano Fundazioaren eta Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzaren emaitza da. Bi erakunde horien artean hitzarmen bat sinatu dute lehen mundubiraren testuinguruan hainbat proiektu bultzatzeko.
Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunen esanetan, Postalak mundubiran ekimenaren bidez, itsasoari lotutako historia partekatzen duten gazteak elkartu gura dituzte, “gazte horiek lotura hori dutenik ez badakite ere”. Gazteek itsasoagaz daukaten harremanari buruz hausnartzea nahi dutela gehitu du, baita itsasoagaz lotura daukaten beste kultura batzuk ezagutzera bultzatu ere, “kultura aniztasuna eta Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeetako mundu ikuskerak ezagutu ahal izateko”.
Carlos Maillet Txileko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionaleko zuzendariaren arabera, bi herriak sakon identifikatzen dituen itsasaldi baten inguruan lotura berriak sortzeko elkarrekiko ahalegina da.
Proiektua amaitzen denean, 500 postalak liburu digital batean bilduko dituztela esan dute, libreki erabiltzeko, bai parte hartzen duten ikastetxeek, bai publikoak orokorrean. Elkano Fundazioko kideek azaldu dutenez, esperientzia pilotu horren ostean, datorren urtean, lehen mundubiragaz lotura daukaten beste lurralde batzuk sartu gura dituzte ekimenean; hala nola, Andaluzia, Filipinak, Cabo Verde eta Portugal.
Bisita gidatua domekan
Munduari lehen aldiz bira eman zuten bizkaitar eta euskaldunei buruzko erakusketa ikusgai dago Bermeoko Arrantzaleen Museoan: Akurio eta Elkano 1519-1522 ‘Bizkaitarrak’ Lehen Munduko Biran.
Domekan, bisita gidatua egingo dute; 10:30ean izango da, gaztelaniaz. Hala ere, parte hartu gura dutenek ezinbestekoa izango dute aldez aurretik izena ematea 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus posta elektronikora mezu bat idatzita.