Arrano arrantzaleei buruz jakiteko bisita gidatuak egingo dituzte
Zapatuetan egingo ditzute bisita gidatuak uda sasoian, 09:30ean hasita. Aldez aurretik erreserba egin behar da.
Landa eta Roy dira Urdaibaiko Biosfera Erreserban habia duten arrano arrantzaleak. Aurten, gainera, familia handitu dute, bi txita jaio ostean. Urdaibai Bird Centerrek 2013an martxan ipini zuen arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektua, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko osoko bilkuraren oniritziagaz, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen eta Nekazaritza sailarekin elkarlanean.
Eskozia eta Finlandiatik ekarritako kume basatiak eraztundu eta askatu zituzten biosfera erreserban, eta hurrengo urteetan ere jarraipena izan du proiektu horrek.
Gaur egun, Landak eta Royk osaten duten bikoteak eta familiak habia du Urdaibain, eta udan horiek gertutik ikusteko eta haien berri izateko bisita gidatuak egingo ditu Urdaibai Bird Centerrek.
Hiru orduko iraupena izango dute bisitek, eta bi zatitan egingo dituzte. Lehenengoan, ikus-entzunezko baliabideen laguntzagaz, arrano arrantzaleen bikotearen historia azalduko zaie bisitariei. Gero, Urdaibain espezie hori berreskuratzeko instalazioak eta ingurunea bisitatzeko landa-irteera egingo dute.
Urdaibaiko habitatak. Ibilbidean, hegaztiak ez ezik, paisaiarekin eta Biosfera erreserbako habitat desberdinekin lotutakoak ere landuko dituzte. Horrela, arrano arrantzalearen inguru berean bizi diren eta habitata partekatzen duten hegaztiak ere ikusi ahal izango dira. Amaitzean, parte-hartzaileek Urdaibai Bird Centerrera bisita audiogidatua egiteko gonbidapena hartuko dute opari. Bisita egiteko gutxieneko adina 8 urtekoa da.
Noiz. Zapatuetan.
Ordua. 09:30etik aurrera.
Jende kopurua. 12 pertsona.
Prezioa. 25 euro (14 urtera arte 15 euro).
Izena emateko. 699 839 202