Plazandreak, astelehen gauetako pilota ikuskizuna
Astelehenean hasiko dute Plazandreak txapelketa. Olatz Arrizabalaga gernikarra Nora Mendizabalegaz eta Madalen Etxegaraigaz ariko da, eta Miren Larrarteren, Miriam Arraizaren eta Andrea Capellanen kontra jokatuko dute lehen kanporaketa.
Ekainaren 21ean [astelehena] hasi eta abuztuaren 2an amaituko dute Plazandreak taldekako txapelketa.
Astelehen gauero ETBn zuzenean eskainiko dituzte partiduak: “Eskaintza oparoa da, freskoa eta kalitatezkoa, aurtengo udako astelehen gauetarako. Saio berezia eta emakumeen esku pilotari indarra emango dioena”. Esperientzia eta gaztetasuna uztartuko dituen txapelketa da aurtengoa, hau da, momentuko pilotaririk onenak eta etorkizun oparoa edukitzeko bidean lanean ari diren gaztetxoak biltzen ditu.
Plazaz-Plaza txapelketan murgilduta dago Olatz Arrizabalaga, eta Plazandreak txapelketaren bigarren edizio honetan, iazko titulua berresteko gogoz dago. Maila ona erakutsita, txapelketa borobila egin zuen aurrelari gernikarrak iaz, Nora Mendizabal eta Irantzu Etxebeste taldekideekaz. Aurtengoa irabazteko presio apur bat badauka ere, lasai hartu gura du, frontoian gozatzeko: “Presio apur bat badaukat, baina ez horrenbeste. Urte batetik bestera zeharo aldatzen denez, eta talde txapelketa bat denez, ez naiz faborito ikusten. Buruz burukoa balitz presioa bai sentituko nuke. Aurten gozatzera irten behar gara, sekulako aukera da. Etxetik hurbil halako txapelketa bat jokatzen dugu, eta ea errepikatzen dugun pasaden urtekoa”.
Jardunaldi bakoitzean bi talde ariko dira, eta hiru partidu jokatuko dituzte: banaka lau eta erdian, binaka eta beste bat banaka kaiolaren barruan. Antolatzaileek esan dute saioak “orekatuagoak eta erakargarriagoak izateko”, iaz estreinatu zuten udako torneo honetan zenbait berrikuntza edo aldaketa egin dituztela. Aurten banakako lehenenego partidua jokatzen duen pilotariak ezin izango du bigarren buruz burukoan errepikatu, binakakoan aritu ahalko du, eta finalera sailkatzeko talde bakoitzak irabazitako partiduak kontuan hartuko dituzte.
Arrizabalaga: “Gozatzera irten behar gara, sekulako aukera da. Etxetik hurbil jokatzen dugu, eta ea errepikatzen dugun pasaden urtekoa”.
Arrizabalagak iazko partidu guztiak irabazi zituen, eta haren berbetan, aurtengo txapela lortzeko gogor lan egin beharko dute: “Helburua beti da irabaztea, eta batez ere, Zornotzan etxetik hurbil izanda, polita litzateke txapela etxera eroatea. Aurten ez da hain erraz egongo, iazkoagaz konparatuta beste hirukote batzuk daudelako. Zailagoa izango da irabaztea. Beste bi taldeak oso gogorrak dira, gurea ere ona da, baina lan asko egin beharko dugu”.
Entrenatzaile eta aholkulari lanetako coach edo kapitain figura mantendu dute; Erlantz Garciak, Mikel Inuntziagak eta Reyes Azkoitiak talde bana gidatuko edo zuzenduko dute. “Aditu horien lanak garrantzi berezia edukiko du, euren estrategiak erabakigarriak izango direlako”, adierazi dute antolatzaileek.
Inuntziagaren laguntzagaz, Arrizabalaga Nora Mendizabal eta Madalen Etxegarai pilotariekin ariko da txapelketan. Talde polita daukatela dio: “Noragaz pasadan urtean ere jokatu nuen, eta azkenaldian oso ondo dabilen atzelaria da. Madalen gaztetxoa da, eta aurrelari nahikoa ona. Txapelketa honetan gazte asko sartu dira, halako txapelketa bat jokatzeko aukera eman gura baitzaie”.
“Aurten zailagoa izango da irabaztea. Beste bi taldeak oso gogorrak dira, gurea ere ona da, baina lan asko egin beharko dugu”.
Egutegia. Ekainaren 21ean eta 28an eta uztailaren 5ean, 12an, 19ean eta 26an lehiatuko dituzte ligaxkaren kanporaketak, eta abuztuaren 2an, berriz, finala. Partidu denak Zornotzan jokatuko dituzte, eta Gentzane Aldai eta Ane Arteaga pilotariak ariko dira partiduak ikusleentzat komentatzen.
Arrizabalagak eta bere taldekideek astelehenean [ekainak 21] daukate lehenengo partidua. Miren Larrarte, Miriam Arraiza eta Andrea Capellan pilotariek osatutako Reyes Azkoitiaren taldearen kontra lehiatuko dituzte txapelketaren lehen puntuak. Talde oso gaztea da, eta buruz burukoan partidu gogorra jokatzea aurreikusi du aurrelari gernikarrak; Larrarteren kontra jokatu beharko duela uste du: “Partidu asko jokatu ditugu elkarren kontra, eta beti asko kostatu izan zait berari irabaztea”. Arrizabalagaren iritziz, bikotekako partiduan erabaki daiteke kanporaketa: “Uste dut hor egongo dela kanporaketaren gakoa. Eurek bi aurrelari oso onak dituzte, eta agian, atzean gu gehiago izan gintezke. Bikotekako partidu horretan zentratu beharko gara, ea puntu hori ateratzen dugun”.