Koloretako aldarrikapenak
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta berdintasuna aldarrikatzeko hormairudia margotu dute Foruan. Nagore Arronategi foruarrak gidatu ditu lanak, baina herritarren parte hartzea "garrantzitsua" izan da.
Foruko kultur etxeko hormetako bat eta haren ingurua koloreztatu dute. Kolorea bai, baina aldarrikapenez josita dago. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta berdintasuna aldarrikatzeko hormairudia amaitu berri dute.
Foruko Udalaren ekimenez, Nagore Arronategi foruarrak gidatu ditu lanak, baina herritarren parte hartzea bultzatu dute. Hala, lau asteburutan batuta egin dituzte lanak.
Borobil morea argi ikus daiteke kultur etxeko horman, eta hori da lanaren “erreferentzia”. “Denok dakigu zer esan gura duen puntu moreak: Erasorik ez! Hori barneratuta daukagu. Borobil morea ikur bat da, ondo ulertzen dugu zer den baina ez du bihotza ukitzen. Horregatik, borobilaren barruan, izenak daude. Azken urteetan hildako emakumeen izenak jarri ditut. Gauzak pertsonalizatzen ditugunean, izen guztiekin, gero eta bola handiagoa eraikitzen dugu”, esan du Arronategik.
Hondoratutako pieza batzuk egin dituzte hormairudian, eta horiek borobila altxatzen dute, “borobil handiagoa sortuz edo eraikiz”. Testu bat ere jarri diote: Hondoratutako emakumeekin gero eta bola handiagoa. Beste alde batetik, oskolak marraztu dituzte: “Nire keinua da. Oskolak beti erabiltzen dira modu txarrean iraintzeko, baina altxorrak dira eta hormairudia osatzeko horiek marraztea egoki ikusi dut”.
Lan hori guztia herriko ume eta gazteen laguntzagaz egin dute, eta zapatuan egin zituzten azken ukituak. Umeek gura izan dutena marraztu dute, txantiloi desberdinak erabilita: “Zaila da umeei azaltzea horren atzean zer dagoen. Kultur etxean eginda eta jolas parkea ondoan egonda, zer edo zer alaia egin behar zen, baina aldi berean, mezua helaraztea garrantzitsua zen, mezua indartsua da eta”.
“Egin beharrekoa”. Arronategi “pozik” geratu da egindako lanagaz, baina, batez ere, pozik dago herritarren parte hartzeagaz. Era berean, “txarto” pasatu duela dio: “Datuak bilatzen ibili nintzean txarto pasatu nuen. Zapatutik zapatura izenak gehitzen joan naiz; 200 izen baino gehiago daude. Horien artean daude, aitak bahitutako umeak ere, gorpu bat baino ez bada agertu ume bien izenak daude. Asko ukitzen du, baina egin behar den gauza bat dela uste dut”.
Foruan egindako lanaren bidez, sentsibilizatzea eta kontzientziatzea dute asmo.
Foruko alkate Mikel Magunazelaiak azaldu duenez, udalarentzako «garrantzitsua» zen mezua zabaltzea, eta mezu horretan herriko ume eta gazteak inplikatzea, «txikitatik mezua argi izan dezaten». Kultur etxe ondoa aukeratu dute, gainera, aldarrikapenak, artea eta parte hartzea islatzeko.
Alkatea “oso pozik” geratu da emaitzagaz: “Horma zikin eta ilun bateri kolorea eman diogu eta aldarrikapenez betea, gainera. Urrunetik ere ikusten da”. Herritarrak ere “pozik” daudela dio, “herri guztian jarraitzeko esaten digute”.
Espainiako Estatutik jasotzen duten diru laguntza baten bitartez egin dute hormairudia: “Orain arte beste mota bateko ekitaldiak egin izan ditugu. Pandemiak, baina, dena aldatu du eta orain arte normala zena, orain ezin daiteke egin”.