Arrizabalagak garaipenagaz hasi du Plazaz Plaza txapelketa
Plazaz-Plaza txapelketaren lehen kanporaketan, Olatz Arrizabalagak eta Ane Mendiburuk 22 eta 19 irabazi zieten Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendiri atzo arratsaldean [ekainak 13], Otxandion.
30 gradugaz plaza irekian jokatzea tokatu zitzaien. “Egoera ez zen onena izan, eta baldintza horietan jokatzea denontzat gaitza izan zen. Beroa eta nekea igarri zen”, dio Arrizabalagak.
Aurrelari gernikarrak lehenengoz osatu du bikotea Mendiburugaz, eta alkarregaz ondo moldatu ziren. Ondo alkar hartu zuten.
Lehen tantoetatik, partidu “nahikoa parekatua” izan zen: “Partidu polita izan zen, jendeak gozatzekoa. Laurok partidu ona egin genuen. Hasieran lauroi apur bat kostatu zitzaigun frontoi horretara egokitzea. Barruko frontoietara egokituta gaude, eta plazako frontoiak harrizkoak eta desberdinak dira. Txipa aldatu behar da, eta bai pelota eta bai frontoi desberdin horietara ohitu behar gara”. Hasieran apur bat kostatu arren, lan erdietatik aurrera frontoira egokitu ziren: “Agian gu hobeto ohitu ginen, eta tanto esanguratsuetan euren huts egite txikietan erabaki zen partidua”.
Olatz Arrizabalaga (pilotaria): “Hurrengo kanporaketetan ere defentsa lan handia egin beharko da, eta uste dut hor ondo ibiliko garela”
Plazako frontoiari neurria hartzeko lanean, eta tenperatura altuen ondorioz, eta hasieran laurak ere partiduan sartu ezinik ibili ziren. Arrizabalaga eta Mendiburu etenik barik erasoan aritu ziren, eta Ruiz de Infante eta Ruiz de Larramendi horiei eusten defentsan: “Guk asmatu genuen. Denbora guztian goitik mantendu ginen, baina partidu osoan zehar hurbil eduki genituen. Amaieran, eurei partidu on batzuk irten zitzaizkien, eta aldea atera ziguten, baina gero berriro buelta ematea lortu genuen”. Mendiburuk atzean “oso ondo” eutsi zuen eta Arrizabalagak aurrean tantoak asmatuta garaipena poltsikoratu zuten.
Defentsan oso ondo aritu ziren, eta hori bikotearen indarguneetako bat denez, horri eutsi beharko diete aurrerantzeko partiduetan. Otxandion jokatu zuten moduan jokatuta aldeko emaitza lortu ahalko dutela uste du bertoko aurrelariak: “Atzean Mendiburuk oso ondo eusten du, eta plazako frontoietan indarrak ez dauka hainbesterainoko eraginik, eta hortaz, oso garrantzitsua izaten da atzelariak dena eramatea eta aurrean asmatzea. Defentsa lan handia egin beharko da, eta uste dut hor ondo ibiliko garela. Bikote oso ona egiten dugula uste dut; aurrean ondo amaitzen ditut tantoak eta berak atzean eutsiz gero, uste dut edozein bikoteri gerra asko emateko bikotea garela”.
“Ikusgaitasuna ematea da txapelketa honen helburua”
Hurrengo kanporaketak. Arrizabalagak eta Mendiburuk Arrieta eta Elizalderen kontra lehiatuko dute hurrengo kanporaketa ekainaren 27an, Irurtzunen. Hirugarren eta azken jardunaldia jokatzera, berriz, Euskal Herritik kanpora joango dira. Uztailaren Agirreren eta G.Aldairen kontra ariko dira Bartzelonan, uztailaren 18an.
“Guretzat pozgarria da. Plazako frontoietan jokatu ahal izateak posible egiten du Bartzelonako frontoietan ere jokatu ahal izatea. Gu hara joanda, jendeak ikusiko du Euskal Herrian neskak pilotan dabiltzala. Han pilotako kluba dago, eta hango neskak animatzeko ere balio du”, zehaztu du gernikarrak. Izan ere, emakumezko pilotarien lehenenego klub profesionala den Ados Pilotatik sortutako lehendabiziko binakako txapelketa honegaz euren lana eta maila erakusten ari dira, eta belaunaldi berrientzat ereduak erakusteko baliagarria da: “Ikusgaitasuna ematea da txapelketa honen helburua”.
Hain zuzen, Plazaz-Plaza txapelketaren kanporaketetan, profesionalen partiduen aurretik, tokian tokiko klubetako ume eta gaztetxoak ari dira jokatzen. Otxandion Dimako taldekoak aritu ziren.