Musika irudiekin janztearen artea
Gernika-Lumoko Astrak Markel Urrutia ilustratzailearen erakusketa hartuko du bihartik aurrera. Ehun lan baino gehiago ipiniko ditu Urrutiak erakusten, Astrako espazio zabal bat hartuz horrela.
Marrazkilaria da Markel Urrutia, eta Eitb Kultura saioan egin zioten elkarrizketan azaldu bezala, bere izenaren ondoan azalpen hori agertzea amestu du txikitatik. Titulu hori irabazita du dagoeneko, eta bere diseinuek zabalkunde handia izan dute. Orain, bere herrikideek azken urteetan sortutakoa ezagutzeko aukera izango dute.
Astrak bere lanen erakusketa hartuko du bihartik aurrera. Hain zuzen ere, 2013. urtean Smoke Signals studio sortu zuenetik gaur egun arte sortu dituen lanen artean, ehun inguru ipiniko ditu Urrutiak ikusgai: diskoetako azalak, kartelak, posterrak… «Horiekin batera, zenbait diseinuren oinarria diren eskuz egindako ilustrazio originalak ere ikusi ahalko dira», Urrutiak azaldu duenez. Izan ere, sormen prozesuan marrazkiak eskuz egiten ditu, eta azken ukituak digitalean egin.
Musika du gustuko, eta musikaren munduarekin lotuta atera du bizimodua. Izan ere, bere lan gehienak rock taldeen enkarguz egiten ditu Urrutiak, eta 60-70ko hamarkadetako kartelen itxura nabari daiteke: diskoen azalak, kartelak, posterrak, kamisetetarako diseinuak… Bezeroen artean,talde ezagunak: Gatibu, Extremoduro, Izaki Gardenak, Belako, Capsula… Espainiar estatutik eta Europatik ere enkarguak hartzen ditu gernikarrak; Frantziatik edo Herbeheretatik, esaterako.
Nebbianen emanaldia
Urrutiaren ekoizpen oparoak Astraren hainbat horma hartuko ditu bihartik aurrera, eta erakusketetarako gunera mugatu beharrean, Smoke Singals Studioren kreazioek Astra jantziko dute hilabetez: sarrera, lehenengo solairua, eskailerak… Astrako espazio handi bat hartuko du oraingoan erakusketak.
Inaugurazioa, gainera, modu berezian egin gura izan du. Musikaren munduan lan egiten du, erakusten ipiniko dituen lan denak musika arlokoak izango dira, eta biharko ekitaldian musika presente egotea ezinbestekotzat jo du ilustratzaileak.
Hori dela eta, Nebbian talde gernikarraren kontzertu akustikoak emango dio hasiera erakusketari. Bi urteko etenaren ostean, Valentina Ridolfi eta Haritz Laboa bikote artistikoaren doinuak Astran etzun ahal izango dira berriro, bihar. «Erakusketaren inaugurazioa Nebbian taldearekin batera egitea pentsatu dut. Duela zenbait urte Irunen ipini nuen erakusketa batean jo zuten lehenengoz eta orain, bi urteko etenaren ostean,jotzeko aukera izango dute berriro, erakusketaren inaugurazioan».
Emanaldi xumea izango da bihar Nebbian taldearena; hiru-lau abesti joko ditu, aforoa zainduta egingo duten inaugurazio ekitaldian. 18:00etan jarri dute hitzordua.