Herriari ateratakoa, herriarentzat
Duela 10 urte hasi ziren Bermeo Arraun Argazkiak bloga elikatzen. Egun, estropadak dauden portu guztietan ezagunak dira Ormaetxea, Bilbao eta Ruiz de Alegria.
Ez dago estropadarik Ana Ormatxea eta Jose Ramon Bilbao senar-emazteak eta Jose Ruiz de Alegria barik. Portu guztietan ezagunak dira bermeotarrak. Ume, gazte zein nagusi… entrenamendu, batel, trainerilla zein traineru… arrauna dagoen lekuan han daude hirurak kamera eskuetan. Arraun munduan mugitzen direnak horien argazki eta bideoen zain egoten dira astebururo.
Bermeo Arraun Argazkiak bloga kudeatzen dute. Bloga 2011n sortu bazuten ere, semeak arraunean hasteagaz batera hasi zuten ibilbidea orain dela hamabost urte inguru.
Argazki eta bideo ugari egiten zituzten, eta Ormaetxeak bazuen esperientzia blogetan, “lan kontuengatik”. Euren semeen argazkiak ateratzen hasi baziren ere, arin hasi ziren denen irudiak hartzen; “sistematizatu egin genuen”. 2011n hasi ziren Bermeo Arraun argazkien blogagaz, baina 2010eko denboraldia ere aurkitu daiteke bertan.
Google plataformako blogger, Youtube eta Google Photos erabiltzen dituzte. Joan den barikura arteko datuak kontuan hartuta, bloggerren 503.000 bisita dituzte, Youtuben 1.570 harpidetza dituzte eta 1.532 bideo igota eta Google Photosen 426.460 argazki dituzte.
Egiten duten lan hori zabaltzeko, gainera, Facebook sare soziala erabiltzen dute; horretan, ia 5.000 lagun dituzte.
Ondarea. Blogak gauzak ordenean edukitzeko balio duela dio Omaetxeak, erraz bilatu daiteke; «ondare bat da». Facebookek, berriz, informazioa gehiago zabaltzeko balio du, “elkarbanatu egiten delako eta interaktiboagoa ere badelako”. Gogoratu duenez, 2017ko Kontxako Banderako emakumezkoen estropada da Facebokeen bisita gehien duen bideoa (625.000 bisita), eta Youtuben 90.000 bisitaldi ditu.
Argazkiak bideoak baino “arrakastatsuagoak” izaten direla uste dute: “Bideoak luzeagoak dira, eta argazkiak momentuan ikusten dira”.
Argazkiak doan deskargatzeko aukera eskaintzen dute, ez daukate copyrightik ezta ur markarik ere: “Edozeinek hartu eta erabili ahal ditu. Eskatzen dugun gauza bakarra da gure blogaren izena aipatzea. Gure irudiak dokumentuak dira, herriari ateratakoak herriarentzat. Izan ere, gehienak, pertsonen argazkiak dira”.
Horien argazki eta bideoak, gainera, hedabide askotan erabiliak izan dira, albiste desberdinak dokumentatzeko. Beste gauza askotarako ere erabiltzen dituzte. “Eskatzen baldin badigute, argazki originalak bidaltzen ditugu”.
Argazkirako une asko. Argazkiak egitea “oso gustukoa” dute. Hiruren artean lau kameragaz ibiltzen dira. Ruiz de Alegriaren esanetan, estropada ingurura iritsi eta argazkiak ateratzen hasten dira, «”er edo zer egin behar” dute eta.
Ormaetxeak dio “gozatu” egiten duela argazkiak ateratzen: “Sormenari hegoak emateko aukera bat da niretzat”.
Arrauna argazkigintzako kirol oso aproposa dela uste dute, “aukera asko ematen baititu”. Koloretako kirola dela diote, eta une desberdin asko ematen dituena: “Protokolo eta parafernalia askoko kirola da. Asteburuz asteburu errepikatzen dira, baina, era berean, beti dira berriak eta hunkigarriak”.
Beroketak, patroia arrelepo hartzen dutenean, patroia arraunlariak besarkatzen, arrapala, ontzien prestaketa, ontziari buelta ematen, estroboak prestatzen, ospakizunak, negarrak, esfortzuak… Arraunak momentu asko eta asko ematen dituela nabarmendu dute. Kameren atzean asko emozionatzen dira. Irudi hunkiegarrienak Ormaetxearentzat arraunlarien esfortzuak, alaitasunaren eztandak, amen besarkadak arrapalan eta malkoak izaten dira.
Hamar urte daramatzate, eta portu guztietan ezagunak dira. Harrera ona izaten dute beti. Liga ofizialetan egiaztagiriak izaten dituzte, eta ofizialak ez diren estropadetan ere, erraztasunak baino ez dituzte aurkitzen: “Leku onenetan egoteko aukera ematen digute”.
Hainbeste argazki atera ostean, aukera izaten dute izen desberdinekin sailkatzeko, eta hala egiten dute, karpetak sortzen dituzte izenekin jolastuta. Estropada bakoitzeko 1.000 argazki inguru izaten dituzte, eta horrek ondoren lana dakar: “Lehenengo denak ikusi behar dira, desfokuratuta daudenak ezabatu, antzerako asko badaude aukeratu, urrun daudenetako batzuk ebaki hurbiltzeko… blogera igo eta gero sare sozialetatik zabaldu. Bideoak berdin, editatu egin behar dira. Desberdinak egiten ditugu, orokorrak batzuk eta besteak xehetasunekin. Denbora asko eskatzen du, baina gustura egiten dugu”.
Esker on eta aintzatespen ugari ere jaso dituzte. Elkarte askotako opariak jasotzeaz gain, 2019an TKE ligaren Jarraitzale Onenak saria jaso zuten; urte askotan arraunari buruz egin duten lana eta jarraipen zorrotza aitortu eta eskertu zieten. “Oso oso hunkigarria” izan zela diote: “San Juan elkarteko presidenteak bultzatu zuen saria Facebooken bitartez”.
Bermeoko ekitaldiek blog propioa daukate
Ez da arraroa Ana Ormaetxea herriko ekitaldi guztietan kamera eskuetan ikustea. Izan ere, Bermeoko ekitaldientzako beste blog bat dauka Ormaetxeak: Bermeo Iruditan.
Normalean gauza sozialak, emakumeekin lotutakoak, ekitaldi solidarioak… izaten dira blogean aurkitu daitezkeenak. Eskema bera jarraitzen du blog horretan ere, eta helburua da Bermeoko ondarea eta irudiak doan deskargatzeko eta erabiltzeko aukera ematea. Horretan ere, argazkiak zein bideoak aurkitu daitezke.