"Gure harrotasuna insumisoa, antiautoritarioa eta antikapitalista da, eta ez dago salgai"
Queer teoriei buruzko hitzaldia eman berri du Mijo Lizarzaburu ondarrutarrak Ean. Queer teoriei, Espainiako trans legeari eta harrotasun kritikoari buruz galdetu diogu.
Zer da queer teoria?
Queer teoriak daude, pluralean, oso anitzak baitira. Bollerek, marikek eta transek garatutako teoriak dira, eta euren helburua da gorputzen potentzia eta agentzia ikustaraztea, eta dominazio heterosexualagaz bukatzea. Milaka azpiteoria daude. Orain indar handia hartzen ari dira teoria queer-dekolonialak, ez dira guk praktikatzen ditugunak, baizik eta gorputz ez heterosexual eta arrazalizatuek praktikatzen dituztenak. Gu dekolonialaren aliatu konts ideratzen gara, baina dekolonialean subjektu politikoa jende arrazializatua da: moroak, beltzak, txinoak… zuritasunetik kanporatuta geratu diren gorputz horiek denak.
Queer teoriek eta mugimendu feministak zergatik egiten dute talka?
Mugimendu feministaren zati oso konkretu eta txiki batek egiten du talka Euskal Herrian, behintzat. Estatu espainiarrean indartsuagoa da, adibidez. Eta talka egiten dute euren transfobiagatik, eta gu ez gara arduratzen horregaz, transfobia ez delako feminista.
Harrotasun kritikoa aldarrikatzen duzu. Zer esan nahi duzu horregaz?
Kapitalismoak salgarria den dena beretzat hartu eta desitxuratu egiten du. Berdin zaio zuri zer saldu: Real Madrileko kamiseta bat, Frida Kahlorena edo ostadarraren bandera. Dena hartzen dute eurentzat. Desitxuratu egiten dute, eta berez borroka politiko bat zena kontsumo aukera batera murriztu. Hori oso erakargarria da publiko gay zuriarentzat, orokorrean, kapital ekonomiko handia daukana eta euren homosexualitateaz gain, ez daukana konflikto gehiago munduagaz. Gure harrotasuna ez da hori. Gure harrotasuna insumisoa da, antiautoritarioa da, antikapitalista da eta, noski, ez dago salgai. Adibidez, Harrotasunaren Eguna, ekainak 28a dator, eta McDonald’s ostadardun banderagaz patatak ateratzera doa, H&Mk ez dakit zelako kamisetak aterako ditu… eta ez gaude ados. Halako mila gauza egingo dira, eta ez dira guk defendatzen dugun eredua. Matxismoa, arrazismoa, klasismoa, kapazitismoa… mila gauza batzen dira. Guk kritikotasunetik eta beste leku batetik egiten dugu berba, non aliantza desberdinak hartzen diren.
Espainiako trans legeak hautsak harrotu ditu. Askotariko eztabaidak azaleratu ditu, eta hainbat arrazoigatik oihartzuna eduki du. Feministen artean zerk eragin du desadostasuna edo eztabadida?
Desadostasuna bi faktorek sortu dute. Batetik eskumak, betiko moduan, zer edo zer aurrerakoia egin nahi delako, eta bestetik, transfobak, feministak deitzen direnak. Pentsatzen dut transfobek leku gehiegi hartzen dutela komunikabideetan eta sare sozialetan, eta transfobei ez geniekeela horrenbeste leku laga behar. Transfobia eta feminismoa ez dira bateragarriak, ezin dira izan. Ez dut ulertzen oso ondo zerk ekarri duen eztabaida. Azken finean, jada pasatzen ari diren gauzak erraztera doa legea. Jada posible da emakume bat gizon moduan identifikatzea NANean edo alderantziz. Kontua da mediku prozesu edo osasun prozesu oso biolento bat pasatu behar dutela. Legeak prozesu hori erraztu egiten du; ez duzu zertan buruko gaixotasun bat daukazula esaten duen diagnostiko bat jaso. Lege horren alde gaude, jakinda legeek ez dutela mundua aldatzen, eta ez dela izango iraultza bat, eta gainera, jakinda legea beti doala gizartearen atzetik. Gizartean pasatzen dauden gauzak gero legeak normalizatu eta legalizatu egiten ditu. Baina komunitate transak jada egiten dituen praktikak errazten baditu, ongietorria izango da.
Zure ustez ze hutsune nagusi ditu?
Adibidez, hormonak hartzea erraztea eta hormonak hartzera ez derrigortzea. Ulertzea transexualitatea ez dela gizontasunetik emakumera pasatzea edo emakumetasunetik gizontasunera pasatzea, baizik eta generoaren diluimendu bat, ez daukanak zertan buelta egin genero identifikagarri batera; gorputz trans batek ez dauka zertan beste behin zure etiketetan sartu. Orain, transito prozesua hasita ere, ez dut zertan gizona bihurtu horregatik, baina bai ez-emakumea. Konplexutasun horiek denak badaude, baina ez dut pentsatzen legeak hori jaso behar duenik, hori kaleak egin behar du; legeak gutxieneko batzuk hartu, eta gero borroka politikoak eta mugimendu politikoak egingo dugu gurea kaleetan.
Emakumea subjektu politiko moduan arriskuan ikusi dute batzuek.
Segun eta nondik planteatzen den astakeria da. Adibidez, transfobek orain emakumeen identitatea hartzen dute emakumeen kontra jokatzeko. Transfobia antifeminista da, eta emakumeen kontra egiten du. Eta ulertu behar dugu emakumeak ez direla existitzen esentzia moduan, klase moduan existitzen direla. Emakumea dominazio maskulinoaren objektu bat da. Emakume kategoria erabiliko dugu erabilgarria den heinean dominazio maskulinoa izendatzeko. Emakume berba erabili behar dut izendatzeko batzuek soldata gutxiago irabazten dutela behar berarengandik, batzuk hil egiten direla beste batzuen eskuetan… Emakume berba hartuko dugu estrategikoa denean. Emakumea mito bat da, eta emakumea borroka egiten duen klase hori da, eta emakumea existitzen da emakumeen errealitatea ezkutatzeko. Emakumearen mitoak emakume materialaren errealitatea tapatu egiten du, non izan behar zaren perfektua, maitagarria, atsegina, gozoa, argala… Emakume hori dago emakume errealen bizitzak etengabe izorratzen. Klase borroka bat da, eta klase kontzientzia eduki behar da, ulertuta emakumea mito bat dela eta zu ez zarela berez ezer. Helburua izan behar da gizon eta emakume klaseekin amaitzea. Hortaz, emakume subjektu politikoa arriskuan dagoenik ez dut pentsatzen.
Informazio eza, desinformazioa… Horri buelta emateko zer behar da?
Gizartean lanketa integrala behar da, ez da dena hezkuntza kontu bat. Desinformazioa dago subjektu batzuek ez daukagulako botererik. Nik badakit zein den Leo Messi edota Cristiano Ronaldo, eta ez zait batere interesatzen. Desinformazioa ez da kasualitatea. Guk emandako informazioa egoteko lehenengo boterea behar dugu.