Beñat Intxausti omenduko dute Jabi Amorrortu martxa zikloturistan
XI. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista egingo dute bihar [ekainak 12]. Txirrindulariren bati edo txirrindulari profesional izandakoren bati aitortza egin izan diote aurrekoetan ere, eta oraingo honetan Beñat Intxausti txirrindulari profesional izandakoa omenduko dute. “Beti saiatzen gara txirrindularitza uzten dutenean eskualdeko txirrindulariei omenaldia egiten”, azaldu dute antolatzaileek.
Partaide kopurua aspaldi bete zuten, eta 100 pertsonatik gora daude itxaron-zerrendan. 600 txirrindularik parte hartuko dute, eta horiekaz batera hainbat gonbidatuk egingo dute martxa. Txirrindulari profesionalak eta profesional izandakoak gonbidatu dituzte Aixerrotape Txirrindulari Elkartekoek: “Gorka Gerrikagoitia, Haritz Orbe, Rafa Mateos, Ruben Oarbeaskoa, Pedro Rio eta munduko txapeldun izandako Igor Astarloa ere etorriko da”.
Partaideetako batzuk Oizeko kronoigoera egingo dute. Izan ere, hiru ibilbide daude aukeran: Oiz erronka (162 km/3.200 m+), Bizkaiko Kosta (128 km/2.000m+) eta Urdaibaiz gozatuz (75 km/1.000m+). Lehenengo bietako parte hartzaileak 08:00etan irtengo dira Urbietako aparkalekutik, eta Urdaibaitik egingo duten martxarako 10:00etan daukate irteera-ordua. Antolatzaileek jakitera eman dute, irteera mailakatuak egingo dituztela, hau da, txirrindulariak txandaka aterako dira. Amaieran ere irteerako leku berean elkartuko dira: “Jatekoa egongo da, noski, baina ezin garenez jende asko pilatu eta nahi beste denbora egon, parte hartzaileek zerbait jan ostean alde egin beharko dute”.
75km-ko martxa egiteko emakume askok izena eman dutela azpimarratu dute antolatzaileek: “Gure asmoa da emakumeen parte hartzea bultzatzea, gustura egotea eta egun honegaz gozatzeko aukera edukitzea”.
Parte hartzaileekin eta batez ere laguntzen ariko direnekin eskertuta daude, eta errepidean bat egingo dutenei pazientziaz eta errespetuz jokatzeko eskatu diete: “Eguraldi ona badago eta jendea hondartzetara badoa pazientzia eduki dezatela. Egun bat baino ez da, eta taldeetan joango dira. Errespetua eskatzen diogu jendeari”.