"Museoan ematen den arreta nabarmentzen dute bisitariek"
38 urtez Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendaritzaz arduratu da Aingeru Astui. Orain dela gutxi erretiroa hartu zuen, oraindik, baina, joan-etorrian ibiltzen da gauzak batzen.
38 urtez izan zara Arrantzaleen Museoko zuzendari. Ze balorazio egiten duzu?
Oso ondo pasatu dut, urte politak izan dira. Dena izan da sasoietara egokitzea. Beti ibili gara jarduerak sortzen gure helburuak bete aldera. Uste dut horregaz nahikoa lan eduki dugula. Lana edukita, entretenituta ere bazaude, eta modu horretan denbora ere arin doa.
Etxe ondoan lan egin duzu.
Norbere etxean lan egitea abantaila bat da. Gaur egun oso zaila da norbere herrian lan egitea. Oinez lanera joan ahal izatea, autobusaren edo autoaren pentsura ibili barik… hori ezin da ordaindu. Bermeon, gainera, beharrezkoa da gure museoak lantzen duen gaia zabaltzea. Beharrezkoa da herriko errealitateagaz eta historiagaz lotura edukitzea. Txikitatik izan dut gaiarekiko interesa; arrantzaleen mundua, ontziteria… ikertzen ibiltzen ginen. Oraindik ere jarraitzen dut eta jarraituko dut. Hala ere, beste modu batera egingo dut. Paperak eta artxiboa ordenan jartzeko lanak egin beharko ditut orain. Jarraituko dut gauzak egiten, baina betebeharrik barik, lasaiago.
Oraindik ere museoko giltzak dauzkazu esku artean. Pena ematen du horiek uzteak?
Ez da pena ematen didalako, baizik eta oraindik ere gauzak batu behar ditudalako. 38 urtean gauza asko bildu ditut, eta etxean ez daukat hainbeste gauza sartzeko lekurik. Museoko lanak egin zituztenean, kutxatan sartu genituen artxiboko gauza asko eta asko. Orain, nire paperak bilatzen ibili naiz kutxa artean. Zati handiena lortu dut, eta ahaztuta nituen zenbait gauza ere agertu zaizkit. Zatirik handiena eroan dut, baina oraindik badaukat zer batu.
Zelan hasi zinen Arrantzaleen Museoan lanean?
Apur bat kasualitatez. Udal eta aldundi demokratikoak hasi zirenean, Arrantzaleen Museoa aldundiarena zen. Herritar batzuk museoaz kezkatuta zeuden, ez zekiten museoagaz zer gertatuko zen, ez zuelako funtzionatzen, ia beti zarratuta zegoen. Hala, batzorde bat sortu zen museoa berriro ere martxan jartzeko. Aipatu batzordean Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak zeuden, baita ere herritarrena. Herritarrek proposatu zidaten idazkari lanak egitea. Sasoi hartan kapitaina izateko ikasketak egiten nenbilen, baita ere ontziratzeko zain. Arrantzaleen Museoan egoten zen Francoren garaian Bermeoko alkate zena. Bateraezintasun legea atera zen, eta horren eraginez, ezinezkoa zen bi soldata publiko jasotzea. Irakaslea zen eskola publikoan, eta irakasle izaten jarraitzea erabaki zuen. Orduan, Arrantzaleen Museoa inor barik geratu zen, eta niri proposatu zidaten. Egin beharrekoak azaltzeko geratu ginen egunean iktus bat edo horrelakoren batek eman zion, eta txarto geratu zen. Orduan, ni neuk bakarrik ikasi nuen, handik eta hemendik bilatuta. Prozesua luzatu egin zen, eta urte askoan aldundiak ez zuen atera berton lan egiteko plaza. Atera zenean, aurkeztu egin nintzen. Batez ere, familiaren presioagatik aurkeztu nintzen. Nik gustukoa nuen nire itsasoko lana, baina etxekoek gurago zuten hemen geratzea. Aurkeztu eta lortu nuen zuzendari plaza.
Hasi zinenean espero zenuen hemen amaitzea?
Inondik inora ere ez. Txikitatik etorri izan naiz museora. Gaztetan ere, museoan egoten ziren maketak konpontzera hurbiltzen nintzen. Laguntzen ibili izan naiz betidanik, etxekoa nintzen. Hortaz, gerora, hemen lanean hasteak ilusio handia egin zidan. Hala ere, lana lana da, eta erantzukizunak ditu. Baina egia da gustukoak dituzun gauzak gusturago egiten direla.
Zeintzuk dira museoko zuzendariaren eguneroko lanak?
Gaur egun jende gehiago dago museoan lanean, eta lanak banatu egiten dira. Orain dela gutxira arte, nik neuk egin behar nuen guztia. Zuzendari lanak egiteaz gain, berreskuratze, teknikari, kontabilitate… lanak egin behar nituen. Beste bi pertsona egoten ziren, baina gidari lanak egiteko. Eguneko lanez gain, ikerketa lanak ere egin behar nituen; egiten den edozein erakusketak edo jarduerak baduelako atzetik bere ikerketa. Hori baino lehen, gainera, pentsatu egin behar da zein erakusketa jarri gura den eta erakusketa horren bitartez helarazi gura dena. Materialak bilatu behar dira, eta izapide admnistratibo ugari egin. Edozein gauzak daroa atzetik jendeak ikusten ez duen lan handia. Umeen tailerrek ere badaukate ikerketa lana. Argi eduki behar da umeei erakutsi gura zaiena. Gaiaz ez badakizu, ikasi egin behar duzu, eta ondoren hori umeei zelan helarazi ahal zaien pentsatu behar da. Lana soberan dago.
Lan egiteko moduak asko aldatu al dira?
Idazteko makinekin eta kopiak egiteko kalkoekin ibiltzen ginen hasieran… horiek bulegoko kontuak bakarrik kontuan edukita. Museoa bera ere asko aldatu da. Sasoian sasoiko loreak. Gaur egun daukagun museoa jende askori ez zaio gustatzen, lehengo estiloa gurago zuten. Beste batzuk, berriz, oraingoa gurago dute, modernoagoa. Gaur egungo museoen kontzeptua hau da, eta denboraren aurka ezin gara joan, geuk jakin behar dugu egoeretara moldatzen.
Arrantzaleen Museoa erreferentea da. Zerk egiten du berezi?
Museoan ematen dugun arreta nabarmentzen dute bisitariek, taldeei zein norbanakoei ematen zaien arreta; hala diote inkestek. Taldeetan egiten diren bisita gidatuak egokitzea eskatzen baldin badute, posible bada, egiten dugu, eta hori eskertu egiten dute. Edukiei dagokienez, gustukoa izaten da.
Zein da bisitariek museoan jaso behar duten ideia nagusia?
Ni museora sartu nintzenean gauzak edozelan egoten ziren, garaikurren areto bat ematen zuen. Polito jarrita egoten ziren, baina mezu bat helarazi barik. Ideia hori aldatu egin nuen. Gerora, aldaketak ere egon dira, eta zaharberritze lanak egin ostean aurpegi berria erakutsi zuen museoak. Gure ideia izan zen jendeak jakitea jaten duen arraina nondik datorren. Adibidez, hegaluze lata bat bada, hegaluzea Kantauriar isurialdean arrantzatutakoa dela jakitea, eta zelan arrantzatu duten, hau da, zein metodo erabilita, eta noiz den hori arrantzatzeko garaia. Helburua, hortaz, oinarrizko lau ideia horiek barneratzea da. Uste dut helburua bete egiten dela, hori diote inkestek.
Bisitari kopurua zelan doa?
COVID-19 egoera alde batera utzita, bisitari koporua oso ondo doa, urteekin goraka joan da. Batez ere, kanpotik etorritakoak izaten dira, baina bertokoak ere, lehengo aldean, asko datoz.
Nabarmentzeko zer edo zer?
Lantaldearen jarrera. Talde bikaina izan gara beti, eta hori igarri egiten da. Burua ni izan banaiz ere, indiar barik ez dago kanpalekurik.