Atunari lotutako gastronomian erreferente izan gura dute Bermeoko ostalariek
Bermeo Tuna World Capital elkarteak sustatuta eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz, herriko hamar ostalari 25 orduko prestakuntza programa batean ari dira parte hartzen.
Bermeo Tuna World Capital (BTWC) ellkarteak sustatuta eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz, Bermeoko hamar ostalari prestakuntza programa zabal batean parte hartzen ari dira atunagaz lotutako esperientzia gastronomikoan erreferente izateko helburuagaz.
Udalak azaldu duenez, Bermeo Tuna World Capital herriko eskaintza turistiko-gastronomikoari balio erantsia ematen dion marka da. Modu horretan, BTWCek atunaren eskaintza gastronomiko berritzaile eta nortasun sortzailea bilatu asmoz, ostalarientzako formakuntza programa sustatu du.
Bi erakundeek “ezinbestekoa” ikusten dute ostalarien lana, atunagaz lotutako esperientzia gastronomikoaren kalitatea hobetzea eta Bermeo erreferente modura kokatzea. Ostalariak 25 orduko prestakuntza programa bat jasotzen ari dira Artxandako Ostalaritza Goi Eskolan. Sukaldaritzako teknika aurreratu berrietan, tokiko produktuaren eta produktu jasangarriaren balorazioan eta ostalaritzako negozien garapenagaz lotutako beste gai batzuetan trebatuko dira, hain zuzen ere.
Ikastaroan arreta berezia jarriko diote atunari eta beragaz urte osoan egiten den sukaldaritzari. Tunidoen monografikoa, generoaren kontserbazioa, jatxetxe arloko kostuen kontrola, sukaldearen antolaketa, eskaintza gastronomikoen diseinua eta sukaldaritzara aplikatutako teknika berriak landuko dituzte, besteak beste.
Etorkizunari begira landu beharreko ardatzak ere planifikatuko dituztela esan dute, esaterako, ostalaritzako lokalen akreditazioaz ariko dira. Hau da, prestakuntzan parte hartzen duten lokalak sustatzeko eta iraunkortasun printzipioetara egokitzen den lehengaia erabiltzeko baldintzak betetzen dituen taberna, jatetxe edo ostatua identifikatzeko, logo zehatz bat ezartzeko aukera aztertuko dute.
Atunaren ibilbidea. Bi erakundeei gustatuko litzaieke atunaren ibilbidea sustatzea Urdaibain, Pintxo Tour bat eginez. Horretan, eskaintza turistiko-gastronomiko modura akreditatzen diren ostalaritza lokalek parte hartuko lukete. Hori-
etan hegalabur edo hegaluzeari behar duten balioa emango liokete, bere arrantzuan jasangarritasunaren baldintzak bete direla ziurtatuz eta, era berean, Bermeo atunaren hiriburu modura posizionatuz.
“Gure herriko ostalarien formakuntza beste aurrerapauso garrantzitsu bat da gure ohiturak, gure bizimodua eta gure produktuak modurik egokienean babesteko”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.