Aldundiak Ermu eta Urizarreta batzen dituen ibilbide zirkularra zabalduko du
Uztailaren 1ean zabalduko dute noranzko bakarreko ibilbidea. Gaztelugatxeko baselizara ezingo da igo. Bermeoko Udalak biotopoaren "segurtasuna eta gunearen antolaketa zorrotza bermatzea" eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Gaztelugatxeko San Juaneko mendi hegala egonkortzeko zenbait lan egin ostean, Ermu eta Urizarreta batzen dituen ibilbide zirkular bat zabalduko dute, lur jausia gertatu zen eremura iritsi gabe. Uztailaren 1etik aurrera egin ahalko da ibilbidea. Hala eta guztiz ere, baselizara ezingo da igo.
Bisitarien fluxua erregulatzeko, lehengo tiketing sistema eta sarrera kontrolak mantenduko dituzte. Osasun agintariek ezarritako COVID-19aren aurkako babes neurriak betetzen direla bermatzeko, egunean 960 bisitarik egin ahalko dute noranzko bakarreko ibilbidea.
Lur jausiaren arrazoia mendi hegalaren izaera bera izan daitekeela jaso dute egindako azterketek, bai eta aurreko hilabeteetako prezipitazio handiak ere. Gainera, Biotopo Babestu osoaren sektorizazioa ezarri dute, esparru horiek duten ezegonkortasun maila kontuan hartuta; horrela, publikora progresiboki zabaldu ahalko dela uste dute, “arrisku gutxien dagoen eremuetatik hasita”.
Teknikariek sektore horietako bakoitzean behar diren neurriak ezarri dituzte bisitarien segurtasuna bermatu ahal izateko. Hala, hainbat eremutan hesiak jarri eta higadura eremuak babestuko dituzte. Gainera, lur jausia gertatu zen eremuan kabailoi egonkortzaile bat eta hiru metroko altuerako hesiak jarriko dituzte. Jarduketa horien helburu nagusia da Gaztelugatxeko sarbideetatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzea.
Uztailaren 1ean zabalduko duten lehen sektorea egonkortzeko lanak hasi dituzte, eta laster mugatutako beste bi arloetakoak egingo dituzte. Ermu eta Lurgorri artean dagoena uztailaren amaieran irekiko dute ziurrenik. Penintsulara eta baselizara iristen den zatia, berriz, udazken hasieran bisitatu ahal izango dela aurreratu dute.
Neurri zuzentzaile horiek hartzeagaz batera, aldundiak Gaztelugatxeko mendi hegal osoaren egonkortasunaren jarraipen jarraitua egitea erabaki du, eta lur mugimendu berririk gertatzen den jakiteko, sentsoreak jarri dituzte. Halaber, Matxitxakoko estazio meteorologikoan jasotzen diren prezipitazio erregistroak kontsultatuko dituzte, horrela, behar izanez gero, beharrezko segurtasun neurriak hartzeko.
“Antolaketa zorrotza” eskatu du Bermeoko Udalak. Bermeoko eta Bakioko alkateak gaur bildu dira aldundiagaz, udara begira Gaztelugatxeko egoera aztertzeko. Bermeoko Udalak biotopoaren “segurtasuna eta gunearen antolaketa zorrotza bermatzea” eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari.
Bestalde, zera eskatu dute: inguruko zirkulazioa antolatzeko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta segurtasunaren kontrola zuzentzeko, Ertzaintzarekin elkarlanean aritzea.
Gaztelugatxeko biotopoa partzialki zabaltzea “pozgarria” da Bermeoko alkate Aritz Abaroarentzat: “Erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa da, herritarrok gurea den gunea bisitatzeko aukera izateko. Natur gunea babestu behar dugu berme guztiekin eta segurtasuna ziurtatu, etorkizunean osotasunean zabaldu ahal izateko”.