Adikzioen prebentziorako plana ari dira egiten herritarren laguntzagaz
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udaletako webguneetan gaiari buruzko inkesta bat bete ahal izango dute herritar guztiek.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea 2021-2025erako adikzioen prebentziorako plana ari da egiten. Aipatu plana herrietako talde, gizarte eragile eta gaiarekiko interesa daukaten herritar guztiekin osatzen eta martxan jartzen ari dira, modu parte hartzailean.
Azaldu dutenez, adikzioen fenomenoa “aldakorra” da, eta egungo beharrizanetara egokitzen diren proposamen berriak mahaigaineratu gura dituzte. Hori herritar guztien parte hartzeagaz egin gura dute, “azken helburu nagusi bategaz, herritarren bizi kalitatea hobetzea”. Mankomunitatea osatzen duten udalerriek “ardura eta erantzukizun soziala” dute esparru horretan, hala eta guztiz ere, egoerari “behar den bezala” aurre egiteko “gizarte osoaren inplikazioa eta konpromisoa ere ezinbestekoak dira”.
Horregatik, ahalik-eta herritar gehienek parte hartu dezaten, mankomunitatea osatzen duten udaletako webguneetan inkesta anonimo bat jarri dute. Horren bitartez, iritzia emateko aukera edukiko dute herritarrek.
Diagnosi integrala egin dute. Adikzioen prebentziorako planak fase desberdinak edukiko dituela aipatu dute. Lehenengo pausoa izan da egoeraren diagnostiko integrala egitea, eta atzeman dituzten beharrizanekin eta egungo lege eta Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VII. Planaren ildoekin bat eginez, plangintza bat ezarri dute.
Beste adikzio mota batzuk kontuan edukitzeaz gain (bideo-jokoak, apustuak, sare sozialak,…), plan berri horrek gazte, familia, erakunde eta elkarteen parte hartzea ere sustatu du. Diagnosi horrek mankomunitatean drogen kontsumoagaz eta bestelako adikzioekin zein horiei lotutako arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko du.
Fase horri dagokionez, dagoeneko pauso batzuk eman dituztela azaldu dute. Izan ere, 12-20 urte bitarteko mankomunitateko ikastetxeetako 1.449 ikasleri euren bizitza ohituren, kontsumoen eta bestelako erabilpen batzuen inguruko inkesta anonimoa egin diete hezkuntza zentroetan.
Eztabaida taldeak ere antolatu dituzte, eta horietan mankomunitateko gizarte ordezkaritza zabalak parte hartuko du. “Helburua da denon artean osatutako plana eratzea eta herritarrek ere proiektua beraiena dela sentiaraztea”, esan dute.
Amaitzeko, fase ezberdinetako ekintzen bidez lortutako informazioa jasota, datozen lau urteetarako osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurriak zehaztuko dituzte, eta droga mendekotasunaren esparruan garatuko diren lehentasunezko esku hartze lerroak ezarriko dituzte.