Pintura ikastaroan egindako lanak ikusgai jarri dituzte
Erakusketa Nestor Basterretxea aretoan dago ikusgai domekara arte.
Barrueta Arte Elkarteak antolatzen duen pintura ikastaroan landutako lanak ikusgai jarri dituzte Nestor Basterretxea aretoan. Iaz pandemiagatik ezin izan zuten erakusketarik jarri, eta aurten “pozik” bete dituzte berriro ere Nestor Basterretxea aretoko hormak.
Erakusketa domekara arte bisitatu daiteke honako ordutegian: astegunetan 19:00etatik 21:00etara, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Maite Mugerzaren gidaritzapean lan egiten dute pintura ikastaroko ikasleek. 30 ikasle inguru daudela azaldu dute Barrueta Arte Elkartetik; batzuek goizeko ikastaroan parte hartzen dute, eta besteek, arratsaldekoan. COVID-19aren eraginez, aurten, ikasle gutxiago daudela azaldu dute. Batez ere olio eta akrilikoak ikus daitezke erakusketan.
Erakusketa jarri ahal izatea “garrantzitsua” dela esan dute, “bai Barrueta Arte Elkarteak egiten duen lana zein ikasleen lana erakutsi ahal izateko”.