Landa Basoko Bizigaiaken lana ezagutzera joango dira domekan
Domekako bisitan parte hartu gura dutenek zapatura arte daukate izena emateko aukera.
Busturiko Auzholan elkarteak hirugarren bisita gidatua antolatu du domekarako. Oraingoan, modu ekologikoan ekoiztutako baso produktuak egiten dituen Landa Basoko Bizigaiaken egiten duten lana ezagutzeko aukera edukiko dute izena ematen dutenek. Asteburu honetan, gainera, herrian bertan geratuko dira. Izan ere, Busturiko Goierri-Larrazabale auzoan dago Landa Basoko Bizigaiak.
Azaldu dutenez, autokontsumorako froga batzuekin hasi zen dena, “kalitate handiko perretxiko ekologikoak lortuz”. Gaur egun, haritz enborretan ekoiztutako shiitakeak egiten dituzte Urdaibaiko erreserban, “ingurune hurbilean kontsumituak izateko”. Etorkizuneko produktuei begira, arakatza, ahabi, masusta, gaztainondo eta intxaurrondo landaketak egin dituzte.
Proiektua Mikel Landak hasi zuen, perretxiko zaletasunari jarraituta eta familiako baso txiki bat ustiatzeko aukera ikusita.
Domekako bisitan parte hartu gura dutenek zapatura arte daukate izena emateko aukera. Horretarako, mezu bat bidali behar dute auzholan@gmail.com helbide elektronikora edo nahiago izanez gero, 633 38 75 42 telefono zenbakira deitu dezakete.
Domekan, 11:00etan batuko dira parte hartzaileak Altamira auzoko plazan, eta denak batera joango dira.