Gregorio Arrienen ‘Auzo Ikastolak’ liburua argitaratu du aldundiak
Auzo eskolek euskara sustatzeko proiektu estrategiko gisa izan duten garrantziari buruzko lana dela azpimarratu dute.
Ikertzaile legez ibilbide oparoa bete zuen Gregorio Arrienek (Kortezubi, 1936). Bizkaiko auzo eskolen eta ikastolei buruz hainbat ikerketa kaleratu zituen, eta Ibaizabal argitaletxearen eta Lauaxeta ikastolaren sortzaileetako bat izan zen. 36ko gerran erbestera joan behar izan zuten umeen historiari buruz ere ikertu zuen, eta Britainia Handira ebakuatutako umeen historioari buruzkoa da bere ¡Salvad a los niños! Historia del Exilio Vasco en Gran Bretaña, 1937-1940 liburua.
2019ko abenduan zendu zen apaiz, teologo, idazle eta ikertzaile bizkaitarra oroitzeko ekitaldian, haren Auzo Ikastolak, hezkuntza politika Bizkaiko Foru Aldundian (1919-1994) liburua aurkeztu dute goizean, Bilboko Liburuaren Azokan.
Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu du liburua, euskaraz eta gaztelaniaz, eta aldundiaren argitalpenen webgunean eskuratu daiteke: www.bizkaia.eus/argitalpenak.
Gaurko aurkezpenean azpimarratu dute auzo-ikastolek Bizkaiko txoko guztietara “hezkuntza zabaltzeko eta euskara sustatzeko proiektu estrategiko gisa” izan duten garrantziari buruzko liburua dela. “Arrienek 40 urtetan egindako ikerketa-lana eta ibilbide profesionala ditu oinarri. Bertan, Bizkaiko lurralde historikoko auzo-eskolak aztertu dira 1985. urtetik gaur egun arte”.
Besteren artean, XX. mendearen hasieran «Bizkaian zegoen egoera pedagogikoa, euskarak gizartean zuen garrantzia eta auzo-eskola guztien banakako historia» jaso dituzte argitalpenean.
Erakusketa. Arrien Auzoko Eskolak – Escuelas de Barriada erakusketaren komisarioa izan zen 2015. urtean, eta, orain, erakusketa irailaren 28ra arte egongo da ikusgai Barakaldoko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentroan (CIHMA Luis Choya Almaraz), erakusketa ibiltarien IBILTARI programaren barruan.
Barakaldora heldu aurretik, besteak beste, besteak beste, Bakioko Txakolingunean eta Meatzaritzaren Museoan egon da ikusgai.